INFO

Birziklatutako botilekin egindako elastikoak jantziko dituzte Emakume Master Cupeko pilotariek

Jantzi berriak apirilaren 4an Irunen jokatuko den Eskuz Binakako Master Laboral Kutxako finaletan estreinatuko dituzte.

Elastiko berriak gaur aurkeztu dituzte Arrasaten. (EMC)

EPEL.eko Binakako txapelketako mutilekin gertatzen den bezala, apirilaren 4an Irunen jokatuko den Eskuz Binakako Master Laboral Kutxako finalean arituko diren emakumeek ere denboraldi berrirako Astorek diseinatutako elastiko berriak estreinatuko dituzte. Gaur aurkeztu dute arropa berri hau Arrasaten.

Aurkezpenean jakitera eman dutenez, Astorek elastiko tekniko erabilgarria eta, aldi berean, jasangarria diseinatu du. Erabili osteko plastikozko botiletatik datorren %100 birziklatutako Dryshell ehunarekin egindako jantzia da; elastiko bakoitzak plastikozko 11 botila daramatza. Ehunak transpiratzeko gaitasun bikaina dauka, eta azkar lehortzen da. Gainera, Heiq Pure bakterioen aurkako tratamendua gehitu zaio kiratsa saihesteko; horri esker, elastikoa ez da hainbeste garbitu behar eta, ondorioz, mikroplastikoek eragindako arazoak gutxitzen dira. Patroiari dagokionez, pilotariek esku-pilotan aritzen diren bitartean izan ditzaketen beharrak kontuan izanez garatu da elastikoa, eta mugitzeko askatasun osoa eskaintzen du.

Ekitaldian Emakume Master Cup txapelketaren zuzendari teknikoak, Iker Amarikak, esan duenez,«oso pozik gaude Astorek pilotarien elastiko berriak diseinatu dituelako. Markak ehunei, patroiei eta teknologiari buruzko ezagutza handia dauka, eta jantzi egokiak egiten ditu pilotariek pilotalekuan ahalik eta etekin handiena atera dezaten»