Etxebizitza eta gazte emantzipaziorako proposamena plazaratu du Ernaik
'Gazteok non?' txostena aurkeztu du astearte honetan Ernaik Gasteiz eta Iruñeko parlamentuen aurrean. Etxebizitza eskubide subjektibo gisa onartzeaz gain, aplikaziorako neurri zehatzak exijitu eta proposatu ditu gazte antolakundeak.
'Gazteok non? etxebizitza eta gazte emantzipaziorako proposamen bat' txostena aurkeztu du Ernaik astearte honetan Iruñea eta Gasteizko parlamentuen aurrean. Izan ere, etxebizitzaren gaia gazte perspektibatik lantzeaz gain, alokairua erregulatzeko legearen proposamen bat plazaratu dute bertan.
Momentuz proposamen eta kanpaina bat bakarrik definitu duten arren, etxebizitza proposamen kualitatibo honekin, hurrengo urteetan etxebizitzaren gaiarekin «pil-pilean egongo diren eremuetan» ekarpena egin nahi izan du Ernaik.
«Gazteak larrialdi egoeran gaude. Pandemiak are zaurgarriago bihurtu gaitu, baina egiturazko arazo bati buruz ari gara», azaldu dute astearte honetan eginiko agerraldietan.
Ildo horretan, azken urteotan etxebizitza problematika areagotzen joan dela azaldu du Ernaik, prezio altuak eta gizarteko sektore askoko bizi duten prekarietate horrek zaildu baitute «etxebizitzarako eskubidea» bermatzea.
Hala, gazteei ordaintzen zaien soldataren zati handi bat etxebizitza ordaintzera bideratu behar dutela nabarmendu du antolakundeak. Hego Euskal Herriko emantzipaziorako bataz besteko adina 30 urte inguru dela gogoratu du, Europan, aldiz, 26 urtekoa denean.
Europako beste herrialde batzuetan, gainera, etxebizitza publiko eta sozialarena aldeko apustua egin dela nabarmendu du antolakundeak txostenean, ez ordea Estatu espainolean, non prestazio sozialak «jabetza pribatura indartzen duten logikan» kokatu izan diren.
Bestalde, 2019an Euskal Herrian 1.372 etxegabetze egin zirela azaldu du, eta horietatik 1.068 alokairuari lotuta zeudela. «Euskal Herriko etxebizitza parke osoaren %17,44 dira erabilera iraunkorrik ez duten etxebizitzak; hau da, 270.724 etxebizitza».
Gazteek zer aldarrikatu?
Ortzimuga urrun kokatzen du Ernaik: «Eguneroko lanean borrokatzen dugun Euskal Herri sozialista eta feministan etxebizitza pertsona guztien eskubide izango da». Hori horrela, gaur gaurkoz etxebizitza eskubide bilakatzeko bidean, bizi proiektuak era duinean garatu eta etxebizitza eskubidea bermatzeko, «politika eraginkorrak eta neurri ausartak» exijitu ditu antolakundeak.
Norabide horretan, etxegabetzeak gelditu behar direla iritzi du Ernaik, astelehen honetan 23 urteko gazte etxegabe bat Bilbon hil zela gogoratuz.
Okupazioa irtenbide gisa kokatzen du ere, etxebizitzaren eskuragarritasun ezaren aurrean dagoen alternatiba errealen faltagatik, «hautu legitimo bezain beharrezkoa» iruditzen zaie. Beraz, okupazioaren despenalizazioa aldarrikatu dute ere.
«Alokairu soziala» eta «etxebizitza publikoak» beharrezkoak direla azaldu du Ernaik, hau da, parke publikoa handitu behar dela. Alokairua ordaindu ahal izateko gazteentzako diru laguntzak eskatu ditu, «alokairura gazte baten diru sarreren %15a gehienez» bideratzeko. Hala, «bestelako etxebizitza eredu edo proiektuak sustatzea» exijitu du Ernaik, «bizi eredu komunitarioa» oinarri.
Alokairuen arautzea
Hala ere, etxebizitza eskubidearen eta gazteon emantzipazioaren aldeko borrokak ertz asko dituela jakitun izanda, antolakundearen ustez alokairuaren arautzea gaur gaurkoz «garrantzia bereziko auzietako» bat da Ernairen arabera.
Hala, azken asteetako albiste eta gertakizunak aipatu dituzte: «Alokairuaren arautzean atzera egin du espainiar Gobernuak eta argi geratu da, etxebizitza eskubidea ez da Madrilen bermatuko, Euskal Herritik eta burujabetzaz bakarrik lortuko dugu».
Bestalde, 20 bat kolektibok bat eginda, etxebizitza politiken erabateko aldaketa eskatzeko larunbatean Bilbo, Gasteiz eta Donostian manifestazioak izan zirela gogora ekarri du.
Norabide horretan, «Euskal Herriko erakunde administratiboetako gobernu ezberdinei etxebizitzaren problematikari erantzuna eman diezaiotela» exijitu du gazte antolakundeak.
Izan ere, neurri horrek «etxegabetzeen kontrako neurri» ere bilakatzen dela dio Ernaik, «funts putreei eta kapital finantzieroari aurre egiteko mekanismoa» dela gaineratuz. Arautzeak alokairura sarbidea erraztuko duela uste du ere, «gazteon kasuan emantzipatzeko aukerak nabarmen areagotuko lituzkeelako, gazte, langile eta herri sektoreen bizi baldintzak hobetuz».
Horrela, Gasteizko eta nafar parlamentuetatik alokairuaren arautzea ahalbidetuko duen legeak garatu behar direla uste du Ernaik, «nazio ikuspegiz egindako bulkada herritarra izanik erregaia, eta Estatuaren edo auzitegi konstituzionalaren erasoei eutsi eta erantzunez». Eta etxebizitza eskubidearen defentsa eta aldarria egingo duen mugimendu sozial, sindikal eta herritarra izango da honen berme bakarra antolakundearen esanetan.
Herri mugimenduak eta etxebizitza mugimendua motore izan behar dira Ernairen iritziz, eta Kataluniako Printzipateko kasua jarri du honen adibide gisa. Hortaz, herri mugimenduekin batera egingo dute lan: «Eragile sozial ezberdinen arteko sinergiek eramango gaituzte etxebizitza eskubide bilakatzera».