INFO

Garai aldakor honetako desafioei aurrea hartzeko ituarekin aurkeztu da Arantzazulab

Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategia, Arantzazulab, aurkeztu dute ofizialki Oñatin. Eraldaketa sozialera bideratutako ikerketa, esperimentazioa eta sozializazioa bultzatu asmo ditu, eta eraldaketa sakoneko garaiotan «herri bezala ditugun gizarte erronka konplexuei» aurre egitean du helburu.

Arantzazulab-eko zuzendaritza batzordeko kideak, laborategi berriaren aurkezpenean. (Jon URBE/FOKU)

Este navegador no soporta el elemento video.


Betitik berrikuntzarako sena eta garaietara egokitzeko ahalmena izan duen Oñatiko Arantzazu auzoan aurkeztu da Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategia edo Arantzazulab. Arantzazuren geroari buzuko gogoeta partekatuaren ondorenetik, urrian Izaro Elorza laborategiaren zuzendari izendatu zenetik martxan dago, baina ostegun goizean eman zaio hasiera ofiziala, ordezkaritza publiko eta pribatu zabal baten babesarekin.

Erronka eta desafio handiei erantzun handiak eman asmo die esperimentaziorako laborategi honek. Gipuzkoako Foru Aldundia, Mondragon Korporazioa, Kutxa Fundazioa, Oñatiko Udala eta Frantziskotarren probintzia dira proiektu berri honen sustatzaile eta zuzendaritza batzordeko kide, eta EAEko hiru unibertsitateak –EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea–, Agirre Lehendakaria Center, Telesforo Monzon eLab eta Arantzazuko Adiskideak elkartea izango dituzte bidelagun, aholku batzordetik.

Aro berriari adar berriak

Arantzazu eta bere ekosistema «Euskal Herri mailan hazkundearen erreferentzia» dela nabarmendu du Izaro Elorza Oñatiko alkateak Gandiaga Topagunean egindako aurkezpean. «Aro berri» baten aurrean gaudela ziurtatu du, eta etorriko diren sakoneko aldaketei Arantzazuk «betidanik» izan duen garapen eta egokitzapenerako ahalmenetik «adar berriak» loratzen ari dira, bere esanetan, Gizarte Berrikuntzaren Laborategiarekin.

Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak azpimarratu du Arantzazuk eta bertako frantziskotarrek beti izan dutela gizarte justuago bat eraikitzeko anbizioa eta, are, Euskal Herria izpiritu berberak elkartzen duela gehitu du. «Herri bezala, nortasun bat dugu, izaera konprometitua dugu», esan du.

Orain, pandemiaren garaian, etorkizunera begirako kezkak areagotu egin direla ohartarazi du, gizarte «likidoagoa», «kontsumoari lotuagoa» datorrela eta kulturaren uniformizazio baterako arriskua begizta daitekeela. Datorren horri aurre egiteko «gizarte berrikuntza eta garapen komunitarioa» ezinbestekoak izango direla esan du.

Bestalde, Arantzazulab-en balioetako bat elkarlana dela nabarmendu du, eta esan, XXI. mendeak ekarriko dituen desafioei aurre egitea bezain inportantea dela aurre egiteko modua. «Elkarlanaren bidez behar bezala erantzungo diegu etorkizuneko desafioei, segurtatu du.

Herri proiektu, baina kanpora begira

«Herri proiektu izateko bokazioa daukagu eta erronkei gure nortasun eta balioetatik eman nahi dizkiegu erantzunak», agertu du Naiara Goia Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiko zuzendari nagusiak.

Azaldu du laborategi honek datozen erronken inguruan «hausnartu eta esperimentatzeko» topagunea izan nahi duela, prozesu hori «modu eta ikuspegi berriekin» garatuz eta eraldaketa horretan «gizartea konprometituz». «Herritarren topagune bihurtzea du helburu», funtsean, gizarte justuagoa, lehiakorragoa eta gizatiarragoa lortzeko.

«Bultzatu nahi dugun gizarte berrikuntza, gainera, printzipio eta balio jakin batzuekin lotzen da. Batetik, herrigintzarekin eta garapen komunitarioarekin; eta, bestetik, lankidetzazko gobernantzarekin. Agenda publiko berrian herritarrek duten inplikazioari eta parte-hartzeari dagokion alorrean eragiten gabiltza, administrazio publikoaren eta gizarte antolatuaren artean gobernantza eredu berriak esploratuz», esplikatu du Goiak.

Bestalde, laborategiak lehentasunez jorratuko dituen eraldaketa sozialerako esparruak ere aipatu ditu: trantsizio ekologikoa, enplegua, ongizatea eta elkarbizitza.

Erakundeen arteko elkarlanarekin eta herritarrekin ezagutza sortu eta ezagutza hori atzera herriari itzultzeko, lau ardatz estrategikotan egingo du lan Arantzazulab-ek. Garapen komunitarioan, herritarrei entzun eta «partaidetza prozesu berritzaileak» sustatuz; saretzea eta elkarlana, erakundeen eta gizarte eragileen osagarritasunetik abiatuta; ikerketa, formakuntza eta sozializazioa; eta irekiera eta nazioartekotzea, kanpoko ezagutzarekin konektatu eta proiektu berritzaileenetatik ikasteko.

Azken ardatz honetan hasiak dira lanean. Arantzazulab-ek dagoeneko sortu ditu nazioarteko eragile erreferente batzuekin lankidetza sareak, kasurako, Australian, Kanadan, AEBetan, Alemanian eta Norvegian.