INFO

Pandemia garaian osasun emozionala zaintzeko tresnak eskaintzen ditu Osakidetzak

Bere webgunearen bidez, Osakidetzak test anonimo bat eskaintzen du koronabirusaren pandemiak eragindako arazo emozionalak ebaluatzeko, hala nola antsietatea edota depresioa, eta osasun arloko profesionalengana jotzeko beharraren inguruan orientatzeko.

Osakidetzako osasun emozionalari buruzko kanpainaren kartela. (OSAKIDETZA)

Osakidetzak herritarren esku tresna berri bat jarri du, covid-19aren pandemiak pandemiak eragiten duen urduritasuna, kezka edo gogogabetasuna maneiatzen laguntzeko. Faktore horiek osasun emozionala kolokan jartzen badute ere, gehienetan ez da tratamendu medikorik behar.

Osasun Eskolaren bidez –bakoitzaren osasuna zaintzeko informazioa eta prestakuntza eskaintzen duen Osakidetzaren web-orriko atala–, osasun emozionalari buruzko edukia sortu da, egoera zailei –besteak beste pandemiari– aurre egin ahal izateko baliabideekin. Otsailean jarri zen abian, eta espazioak 6.000 bisita baino gehiago izan ditu. 

Azken hilabeteotan, nabarmen areagotu da osasun mentalarekin eta, bereziki, osasun emozionalarekin eta antsietatearekin zerikusia duten eduki guztiek eragiten duten interesa.

Osasun Eskolaren osasun emozionalaren atala egunerokotasunean estres-egoera batengatik, ardura batengatik edo hurbileko pertsona baten galeragatik ondoez emozionala eta antsietatearen edo depresioaren sintoma arinak eta iragankorrak dituzten pertsonei zuzentzen zaie.

Gainera, adibide zehatzak jartzen ditu pandemia garai honetan aurrez aurre ditugun ohiko egoeren inguruan, besteak beste: covid-19a dugula jakiteak eragin diezazkigukeen emozioak edo gaixotasun kronikoa duten pertsonak kutsatzeko beldurra eta sintomak ebaluatzeko test anonimo bat ere badu.

Tresna honek balio du osasun-arloko profesional batengana joatea komeni ote zaigun ala ez orientatzeko, balorazio zehatzagoa egin dezan. Testak pertsona bakoitzarentzat onuragarrienak izan daitezkeen autozaintzako urrats zehatzen inguruan ere orientatzen du.

Osasun Emozionalaren atalean aurki dezakegun materiala Osakidetzako profesionalek sortu dute, eta helburua, azken batean, lasaitzea da, autolaguntzako baliabideak ematea eta ondoez emozionaleko egoera oso ohikoak desmedikalizatzea.