INFO

Getariak arrantza portu izaerari eutsi nahi dio

Getariako portuko antolamendua arautzeko, Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritza Plan Berezia prestatzen ari da. Otsailean amaitu zen alegazioak aurkezteko epea eta Udalak hamahiru alegazio eta ekarpen aurkeztu zituen. Orain, Portu Zuzendaritzak sei hilabete izango ditu alegazioak ebazteko.

Plan Bereziak portuko espazioen erabilerak berrantolatzea du helburu. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Portuaren egitura eraberritzea baino, Plan Bereziak espazioen erabilerak berrantolatzea du helburu. Portu Zuzendaritzak iragarri duenez, proiektu berriak tokiko eragileek aurkeztutako iradokizunak eta alegazioak hartuko ditu kontuan, eta ondorioz «argi definitutako bi espazio bereiziko ditu. Bat arrantza-jarduerarako soilik diren erabilerei buruzkoa, eta beste espazio bat, erabilera mistoetarako».

Getariako Udalak hamahiru alegazio eta ekarpen aurkeztu ditu, nagusiak arrantza eta aisialdi jardueren antolamenduari dagozkionak. Horrela, eta Eusko Jaurlaritzak azaldutakoaren aurrean, Udalak argi utzi nahi izan du Getariako portuak euskal kostaldeko arrantza-portu garrantzitsuenetako bat izaten jarraitzen duela, eta aldarrikatu du, «lurraldean errotatutako lanpostuei eusteko eta tokiko ekonomia eta sektoreari lotutako industriak jasotzen dituen portua izaten jarrai dezan, ezinbestekoa duela gainbeheran datorren joerari buelta ematea».

Horrez gain, moila zaharreko arrantzako dartsenen ur-geruzaren erabilera bere horretan mantentzea eskatu du, baxurako eta artisau arrantzarako «nahitaezkoak» direlako.

Aisialdia eta kirolak

Aisialdiko arrantza eta ur-kiroletako jarduerei dagokienez, aurkeztutako Planak amarralekuen kopurua handitzeaz batera, beste jarduera batzuk erakartzeko aukera aurreikusten du. Udalaren iritziz, «amarralekuek eta bertan dauden instalazioek gaitasuna dute herriaren beharrei erantzun egokia emateko, eta nahikoa eta nahitaezkoa da modu egokian ordenatzea».

Portuan gauzatu daitezkeen erabilerei dagokienez, Udalak ostatu-erabilera debekatzea eskatu du, eta, aldi berean, lehentasuna ematea egoera kaskarrean dauden eraikinak birgaitzeari: Kofradia zaharra, izotz-fabrika eta Tintalekua.

Planak hondartza-zati bat kentzea ere planteatzen du, eta Udala horren aurka azaldu da, «herriko espazio libre erabilienetakoa eta kuttunenetakoa dela argudiatuz».

Alegazioak ebazteko, beraz, Eusko Jaurlaritzak sei hilabete izango ditu eta ondoren behin-behineko onarpena emango zaio Planari. Behin betiko onespena 2022rako aurreikusten da.