INFO

Tourra Bilbon hastea mugaz gaindiko lanaren emaitza dela adierazi du Euskal Elkargoak

Duela bi urte Jean-René Etchegarayk Iñigo Urkulluri Tourraren abiatzea Euskal Herrian antolatzeko proposatu zionetik elkarren artean egin den mugaz gaindiko lana azpimarratu du Euskal elkargoak eta 2023. urtean Frantziako Tourra Bilbon hastea berri pozgarria dela adierazi du.

Guggenheim museoaren aitzinean egin zen Frantziako Tourraren abiatzearen aurkezpena. Luis JAUREGIALTZO / FOKU

Euskal Elkargoko mugaz gaindiko, Europako eta nazioarteko lankidetza kontseilaria den Joseba Erremundeguyk aditzera eman duenez «Euskal Elkargoa pozten da 2023ko Tourraren abiatze ekitaldi Bilbotik abiatzea.

Gauzak honela, 31 urteren ostean Frantziako Tourra Hego Euskal Herrian ere izango dela jakin zenetik ugariak izan dira Euskal Erkidegoak eta bere lehendakaria den Iñigo Urkulluk jaso dituen zorion mezuak. Besteen artean, Euskal Elkargoak ere «poza» adierazi du eta mugaz gaindiko elkar lanaren ondorioz lortutako emaitza dela nabarmen du.

Honela azaltzen du Euskal Elkargoko ordezkariak geroago etorri ziren urratsak ahalbideratu zituen lehen bilkura: «Duela bi urte eta erdi, Etchegaray lehendakariak Iñigo Urkulluri proposatu zion ‘Tour de France’ itzuliaren abiatze nagusia Euskal Herrian antolatzea, mugazgaindiko ekitaldi elkarretaratzaile gisa, gure lurraldeak lotuz. Parerik gabeko kirol ekitaldi herrikoia».

Ordea, bi administrazioak elkar lanean ari zirenaren albistea beranduago jakin ahal izan zen. «2019ko udazkenean, Euskal Elkargoaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko memoranduma izenpetu zelarik, gaia publikoki atera zen, prentsan agertu zen bezala», gogoratzen du Erremundeguyk.

Martxoaren 26an egin zuten Bilboko Guggeheim museoan ekitaldiaren aurkezpena. ‘Tour de France Grand Départ Pays Basque 2023’ izenez bataiatu dutena. Iñigo Urkullu, Euskal Erkidegoko lehendakaria, eta Christian Prudhomme, itzuliko zuzendaria, izan ziren Bizkaiko hiriburuan egin zen aurkezpeneko protagonistak.

Aurkezpenaren ostean albiste pozgarria dela azaldu zuen Euskal Elkargoak. Erremundeguyk sinatutako mezuaren arabera, « Euskal Elkargoa pozten da 2023ko Tourra Bilbotik abiatzea eta lehen hiru etapak Euskal Herrian barna igarotzea. Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean segitzen eta segituko dugu Euskal Herrian iraganen diren lehen hiru etapak arrakastatsuak izan daitezen eta Ipar Euskal Herrira heltzea burutzeko».

Bizkaia, Araba eta Lapurdi

2023ko uztailaren lehenean abiatuko den itzuliko lehen bi etapak Hego Euskal Herrian burutuko dira eta hirugarren etapako zati bat, ostera, Ipar Euskal Herritik pasako da. Lehen etapa Bilbon hasi eta Bilbon amaituko da. Bigarren etapan Bizkaia eta Arabako lurrak zeharkatuko dituzte txirrindulariek eta hirugarren etapan Ipar Euskal Herriko errepideetatik pasako dira, Senpere eta Ezpeleta artean.

1903an lehen itzulia egin zenetik behin baino gehiagotan pasa izan da Frantziako Tourra Ipar Euskal Herriko lurretatik, 2018ko itzulian adibidez, Ezpeletatik (Lapurdi) iragan zen. Ordea, Hego Euskal Herritik pasa zen azken aldia 1992. urtean izan zen, itzulia Donostiatik hasi zenean.