INFO

Zaintzaren «proiektu global, integral eta publikoa» eskaini nahi dio herriari EH Bilduk

‘Feminismotik bizitzak erdigunean’ jardunaldiak amaitu ditu EH Bilduk, partaide guztiei eskerrak emanez eta premisa feministekin zaintzaren inguruan ekarpenak egiten jarraitzeko konpromisoa berretsiz. «Politika publikoen bitartez erronka honi erantzun behar diogu», adierazi du Arnaldo Otegik.

EH Bilduk zaintzaren inguruan eztabaidatu du jardunaldi feministetan.

EH Bilduk ‘Feminismotik bizitzak erdigunean’ goiburuarekin egunotan egin dituen jardunaldiak bukatu ditu larunbat honetan. Online izan den ekitaldi honetan «parte hartu eta zaintzaren krisiari aurre egiteko premisa soberanista, ezkertiar eta feministak behar» direla argi utzi dutenei eskerrak eman dizkie koalizio subiranistak, eta premisa horietatik abiatuta zaintzaren inguruan ekarpenak egiten jarraituko duela hitz eman du.

Itxieran, Arnaldo Otegi koordinatzaile orokorrak hartu du hitza. «Pandemiak argi utzi du sistema hau ez dagoela bizitza zaintzeko egokituta, kapitala metatzeko bai ordea», adierazi du. 

Bizitza demokratizatzea eta gure jendartea transformatzea ezinezkoa da EH Bildurentzat zaintzak feminizatuta eta prekarizatuta jarraitzen badu.

Horregatik, Otegik erran duenez, «ezker independentistak ikuspegi feminista eta ezkertiarretik, herri honi zaintzaren proiektu globala, integrala eta publikoa eskaini behar dio».

Zaintza erdigunera ekarri eta politika publikoen bitartez erronka honi erantzuteko ordua dela deritzo. Zaintzaren eta bizitzaren eremuan zein genero arrakalan transformazio erradikalak emateko unea.

«Euskal Herri justuagoa eraikitzeko lanean jarraituko dugu, bai politika publikoen bidez baita konpromiso kolektibo eta indibidualen bitartez ere», agindu du koordinatzaile orokorrak.

Zaintza sistema aztertzen

Jardunaldi feministen azken egunean, Euskal Herriko zaintza politika publikoen errealitateak ezagutu dituzte, baita zer nolako zaintza sistema nahi duten aztertu ere.

Herrialdeko errealitate ezberdinen konplexutasunera hurbildu dira ikuspuntu instituzional eta sindikaletik. Eta elkarrekin pentsatu dute nola iragan Euskal Herriko zaintza sistema publiko-komunitario batera. Horretarako gakoak eta erronkak identifikatu dituzte.