INFO

«Klimarentzat ez da musik»: 430 lagun Angelun, klimaren aldeko funtsezko lege batentzat

Bizi mugimenduaren eta Estatu mailako 600 erakunderen deiari erantzunez, beren diputatuei erronka ekologikoen mailako funtsezko Klima Lege bat fermuki galdetu diete hainbat pertsonak, Diputatu Biltzar frantsesean «Klima eta Erresilientzia» lege proiektua eztabaidatzen hasi bezperan.

Bizi mugimenduak Angelun deitutako protesta jendetsua izan da. (BIZI)

Igande honetan, frantziar Estatuko Diputatu Biltzarrean ‘Klima eta Erresilientzia’ lege proiektua eztabaidatzen hasiko diren egunaren bezperan, martxa bat abiatu da Angeluko Herriko Etxetik Florence Lasserre anderearen diputatu egoitzara. 430 pertsonak Bizi mugimenduaren eta Estatu mailako 600 erakunderen deiari erantzun diote beren diputatuei erronka ekologikoen mailako funtsezko Klima Lege bat fermuki eskatzeko.

Angelun, Biziren deiari erantzunez, «Klimaren aldeko funtsezko legea, hitza hitz: ekintzak orain» banderolaren gibelean egin dute protesta. Klima eta Erresilientzia legearen «anbizio eskasa» salatu dute, azken hau larrialdi ekologikoaren mailakoa izateko eta Klimaren Aldeko Herritar Hitzarmeneko 150 kideek egin neurrien defendatzeko.

«Klimarentzat ez da musik, diputatuei hordago!» banderola bat Florence Lasserre anderearen diputatu egoitzako aitzinaldean ezarriz bururatu da martxa. Horren bidez, Klima eta Erresilientzia lege proiektuaren ikerketa fasean, frantses Diputatu Biltzarrean, astelehen honetatik goiti, diputatuari ukanen dituen ardurak oroitaraziak izan zaizkio.

149 pertsona elkarretaratuak ziren banderolaren pean, sinbolikoki oroitarazteko Klimaren Aldeko Herritar Hitzarmeneko kideek landu eta gobernuak ahuldu dituen 149 proposamenak.

Helburutik biziki urrun

Bizik agertu duenez, Gobernuak proposatzen duen lege proiektua biziki urrun da Klimaren Aldeko Hitzarmeneko Herritarrek beren bide orrian ezarritako helburutik: 2030ean berotegi efektuko gasen emisioak %40 ttipitzea. Eta oraino urrunago europak finkatu duen %55 ttipitzeko helburu berritik.

Emmanuelle Tosini Biziren bozeramailearentzat «orain diputatuek dute gobernuak bere mamitik arras hustu duen lege proiektu horren anbizioaren goititzeko parada ukanen. Berantago, berantegi izanen da. Orain da dena jokoan!».

Manifestaldi honek burutu du klimaren alde ekiteko premia eta engaiamenduen atxikitzeko garrantzia oroitarazi duten ekintzek markatu duten astea.