Euskaltelen salmenta eta pribatizazio prozesua salatu ditu elkarretaratze batek Bilbon
Euskaltelek Gregorio de la Revilla kalean (Bilbo) duen egoitzaren aurrean Euskal Herriak Kapitalari Planto plataformak Euskaltelen salmentak ekarriko duen «pribatizazioaren eta deserrotze prozesuaren azken pausua» salatu du.
Euskal Herriak Kapitalari Planto plataformak deituta, hainbat lagunek elkarretaratzea egin dute Euskaltelek Gregorio de la Revilla kalean (Bilbo) duen bulegoaren aurrean, telekomunikazio enpresa MasMovili saldu izana salatzeko.
12.00ak aldera hasi da protesta, eta bulegoa minutu batzuk lehenago itxi dute. Manifestariak bulegoaren eta ‘Euskaltel pribatizatua’ zioen pankartaren artean jarri dira.
Hainbat sindikatuk eta elkartek osatzen duen Euskal Herriak Kapitalari Planto plataformak duela egun batzuk ezagutu zen salmentarekin Euskaltelen «pribatizazio eta deserrotze prozesua» amaitu dela azpimarratu dute.
Krisi sakoneko eta trantsizio ekologiko, sozial eta digitaleko une hauetan, aldaketa horiek «herritarren interesen eta lurraldearen beharrekiko loturan pentsatuz» bultzatzea «inoiz baino premiazkoagoa» dela nabarmendu dute plataformako bozeramaileek, «bereziki, energia, ondasun naturalak eta telekomunikazioak bezalako sektore estrategikoetan».
«Zoritxarrez, prozesua kontrakoa izan da. Euskaltel orain Madrilen zentro operatiboa duen MasMovil enpresa transnazionalaren eta Zegona akziodun nagusiaren esku geratu da, hau da, jatorri britainiarreko espekulazio-funtsaren esku», adierazi dute.
Euskaltelen pribatizazioarekin euskal herritarrek ekonomia digitalaren erronkeri aurre egiteko tresna estrategiko bat «behin betiko galdu dutela nabarmendu dute. «Euskal Herrian sustrairik ez duten entitateen esku geratu da Euskaltel, merkatu globaletako epe laburreko errentagarritasunean zentratuta», gaineratu dute.
Lakuaren jarrera
Euskal Herriak Kapitalari Plantok Lakuako Gobernuak pribatizazio prozesu horretan izan duen erantzukizuna salatu du. Gogoratu duenez, 1995ean sortu zenetik, Euskaltelen %40aren jabea izan zen Lakua, aurrezki-kutxekin batera (%60).
«Guztion diruarekin zuntz optikoko inbertsio nagusiei ekin ondoren, enpresa merkatukoa baino prezio merkeago batekin ireki zen kapital pribatura, eta horrela, Mondragon Taldea, Endesa, Iberdrola eta Trilantic Capital Partness eta Investindustria funtsak elkarren segidan sartu ahal izan ziren, Zegona iritsi arte 2019an. Sortutako eskandaluaren aurrean, Urkulluk akzioak publikoki berrerosteko aukera proposatu zuen, baina, ikusi ahal izan dugunez, hitza galdu du Euskaltelen pribatizazioari eta deserrotzeari abala eta oniritzia emanez», azaldu du plataformak.
Horren haritik, euskal erakundeek defendatzen duten «aliantza publiko-pribatua» salatu du Euskal Herriak Kapitalari Planto: «Aliantza horrekin botere publikoak arriskuak, inbertsioak eta zorrak hartzen ditu bere gain, eta botere pribatuek mozkinak pilatzen dituzte inolako baldintzarik habe».
Horren aurrean lurrarekiko errotzea eta aliantza publiko-soziala nagusi diren eredu ekonomiko baten alde egingo duela nabarmendu du Euskal Herriak Kapitalari Planto plataformak.