INFO

Pilotak aukeratu dituzte Zarautzen eta Amezketan, denak larunbatekoari begira

Urrutikoetxea-Aretxabaleta eta Ezkurdia-Galartza Aritzbatalde pilotalekuan izan dira: Baikokoek badakite final bat dutela igandean baina Aspekoak jada sailkatuta irits litezke neurketara. Altuna III-Mariezkurrena eta Artola-Aranguren bikoen artekoa ere oso garrantzitsua izan liteke, edo ez.

Amezketan eta Zarautzen egindako aukeraketen argazkiak (BAIKO PILOTA)

Igandean Zarautzen eta astelehenean Amezketan jokatuko diren Binakako Txapelketako partiden material aukeraketak gaur goizean egin dituzte aipatu herrietako pilotalekuetan.

Jokatzen lehena Aritzbataldeko neurketa izango da, Urrutikoetxea-Aretxabaleta eta Ezkurdia-Galartza bikoteak protagonista izango dituena. Printzipioz norgehiagoka erabakigarria da bientzat, baina egia da larunbatean gertatzen denaren arabera, Jakak eta Martijak galtzen badute alegia, Ezkurdia eta Galartza jada play-offetarako sailkatuta iritsiko direla partidara.

Aldiz, Urrutikoetxeak eta Aretxabaletak –azken honek Covid-19an positibo eman duen Ander Imaz ordezkatuko du– bai ala bai irabazi beharra daukate finalerdietan egoteko aukerekin jarraitu nahi badute. Eta hori ziurra da, garaipena lortzen badute play-offean izango dira.

«Niri pertsonalki tentsio handiko partida hauek jokatzea gustatzen zait. Guk horrelakoak jokatzeko entrenatzen dugu egunero. Eta gainera, txapelketan egin dugun bideagatik, jokatu ditugun azken partida guztiak izan dira finalak», adierazi du Joseba Ezkurdiak Zarautzen.

Aukeraketa horretan, deigarria izan da Baikoko bikoteak oso pilota arinak hautatu dituela, denak 105 gramotik beherakoak: 104-104,1-104,7 gramokoak hain zuzen ere. Aspekoek pilota astunagoak aukeratu dituzte: 104,9-105,4-106,8 gramokoak.

Urrutikoetxeak argitu duenez, lau pilotariak «pozik» geratu dira pilotekin, eta ez du ezkutatu igandekoa «final» bat izango dela. Aretxabaletak, bere aldetik, «aspaldian» Zarautzen jokatu gabea zela gogoratu du eta bere maila onena emateko gogotsu azaldu da, «Mikel eta Anderrentzat partida oso garrantzitsua» izaki.

Ligaxka ixteko partida arraroa

Final-laurdenetako ligaxka luze hau astelehen gauean amaituko da Amezketako Larrunarri pilotalekuan, Altuna III-Mariezkurrena eta Artola-Aranguren neurtuko dituen demarekin. Baliteke partida oso garrantzitsua izatea, Peñak eta Albisuk larunbatean galtzen badute Altuna eta Mariezkurrenak bigarren postua eta finalerdietarako zuzeneko txartela jokoan izango dituztelako; baina Peñak eta Albisuk larunbatean irabazten badute ez da ezertxo ere egongo jokoan, Artola eta Aranguren jada aukerarik gabe daudelako sailkapenean.

«Azken jardunaldian tentsio handia egongo da, lehiaketa sistema berria ezarri zenetik horrelakoak gertatzen dira. Guk bigarren postua ziurtatzeko aukera galdu egin genuen eta orain besteen emaitzen zain egon beharra daukagu», aitortu du Jokin Altunak, jarraian galdutako azken bi partidak gogoan.

Hori bai, azkenean galdu egin zuten arren, Altunak Jon Mariezkurrenaren lana goraipatu nahi izan du eskuetan izan dituen arazoak gogoratuz. «Eibarren jokatu zuen bezala jokatzeak meritu handia dauka, azken asteetan entrenatu ezinik egon baita».

Amezketan Artola eta Aranguren izan dira pilota arinak aukeratu dituztenak: 103,9-104,4-104,7 gramo. Altuna eta Mariezkurrenak 104,8-105,5-105,5 gramokoak izan dira.

Aitor Arangurenek, bere aldetik, «sentsazio onekin» amaitzeko gogoa azaldu du, nahiz eta sailkapenean aukerarik izan ez.