INFO

Gazteak «inoren zain ez daudela» aldarrikatzeko martxak egin ditu Ernaik

Osasun egoerak planak aldatu baditu ere, aurtengoan ere udaberriko ekimena prestatu du Ernai gazte antolakundeak, formatu berezian. Horren baitan martxak egin dituzte larunbat honetan Bianditz, Serantes, Urbia eta Tafallara.

Ernaik Serantesera egin duen martxa. (ERNAI)

«Ez gaude inoren zain». Horixe izan da Ernai gazte antolakundeak larunbat honetan egin dituen lau martxetan argi utzi nahi izan duen mezua. Ohi bezala, aurten ere udaberriko ekimena antolatu dute gazteek, baina osasun egoera dela-eta, aurten ez dago ez Akelarre, ez Gazte Martxa eta ez Topagunerik. Horren ordez lau ibilaldi egin dituzte Serantes, Bianditz eta Urbia gainetara eta Tafalarra.

Bertan azpimarratu dutenez, «gure herriaren independentzia aldarrikatzen dugu gazteok». «Nahi dugulako, behar dugulako eta egingo dugulako. Egoera honek arrazoiak gehitu besterik ez dizkigu egin», adierazi dute.

«Era berean –gaineratu dute– argi dugu independentzia ez dela E egunean iritsiko, ezta egun hori igarota herri aske bat eraikiko dugunik ere. Prozesu gisa ulertzen dugu, egunerokotasunean eta esparru anitzetatik eraikitzen joan behar duguna. Burujabetzak azaleratu, borrokatu eta lortuz egingo dugu herri burujabera bidea. Aldi berean, sozialismoa eta feminismoa gauzagarri egingo dituen independentzia nahi dugu, ez dugulako edonolako Euskal Herria nahi. Zapalkuntzarik gabeko gizartea ahalbidetuko duen Euskal Errepublika dugu helburu eta hau soilik borrokaz irabaziko dugu».

Zentzu horretan, argi utzi nahi izan dute gazteak ez daudela «inoren zain» eta prozesu independentistaren baitan «pieza garrantzitsua» direla. Horrexegatik hain zuzen, adin eta esparru desberdinetako gazteei ere esan diete «guzti-guztiak» direla aipatutako bidean «beharrezkoak».

«Gaur Serantes, Urbia, Bianditz eta Tafallaraino egin dugu bidea. Eta bihartik aurrera herriz herri eta auzoz auzo egingo dugu. Garai nahasienetan ere, geure militantzia politikoan berresten garelako, borrokak egiten gaituelako aske eta aske izateko borrokatzen dugulako», aldarrikatuz amaitu dute beren mezua.

Larunbat honetan egin dituzten lau martxez gain, hainbat kultur ekitaldik ere osatzen dute Ernai antolakundearen udaberriko ekimena.