INFO

Hizkuntza gutxituen aldeko lege «historikoa», bozkatzeko bidean

Apirilaren 8an izango da hizkuntza gutxituen legearen bozketa Asanblada frantsesean, eta horren aldeko ahotsak, geroz eta ugariagoak eta altuago entzuten dira Euskal Herrian eta Estatu frantsesean. Hezkuntzaren inguruko artikuluak onartzean dago auzia. 

Lege proposamenaren egilea den Paul Molac diputatua Asanblea Nazionalean. (PAULMOLAC.BZH)

Estatu frantseseko hizkuntza gutxituei orain ez daukaten babes legala ematea bilatzen du apirilaren 8an bigarren irakurraldian frantziar Asanbladan bozkatuko den ‘Eskualde hizkuntzen patrimonio babeserako eta promoziorako’ lege proposamenak. «Historikotzat» jotzen den legearen alde bozkatzeko deiak ugaritzen ari dira Estatu guztian zehar, baita kanpoan ere.

Hezkuntzari dagozkion artikuluekin eginen den proposamenaren aldeko bozka ematea eskatzen zaie diputatuei, izan ere 2020ko otsailean Paul Molac diputatu bretoiak Asanbladan legea aurkeztu zuenean horri loturiko artikuluak kendu ziren, baina Senatuan abenduan pasatu zenean berriz gehitu zitzaizkion, eta gakoa orain horiek atxikitzean datza.

Estatuan, frantsesa ez den beste hizkuntzek ez daukate babes legalik, hori dela-eta ‘Molac legea’ gisa ezagutzen den proposamen hau «historikotzat» hartzen da, Estatua eta beste erakundeak haiek babesteko zenbait neurri hartzera behartuko lituzkeelako. 2008an eskualdeetako hizkuntzak «Frantziaren patrimonioa» direla dioen artikulua integratu zen Konstituzioan, baina horrek ez die inolako betebeharrik suposatzen erakundeei, ezta eskubiderik ematen hizkuntzei.

Lehen legea Parlamentuan

Oraingoa lehen aldia da, hizkuntzei loturiko proposamen bat heltzen dela Parlamentura 1948an V. Errepublika ezarri zenetik, hori dela eta «historiko» gisara definitu da, eta interes handia piztu du. Gizarteko eremu ezberdinetatik horren aldeko mezuak ari dira zabaltzen, zenbait kasutan, hizkuntzen defentsan ari diren eremuetatik kanpo ere ailegatzen ari da sostengua.

Estatu guztiko eragileak biltzen dituen Gure hizkuntzak bizi daitezen kolektiboak sentsibilizazio kanpaina handia egiten ari da 577 diputatuekiko. Horien parte da Ipar Euskal Herrian euskararen aldeko eragileak biltzen dituen Euskal Konfederazioa, eta honek zuzenki dei egin die Vincent Bru eta Florence Lasserre David euskal diputatuei.

Proposamena lehen aldian Asanbladatik pasatu zenean, ez zuten parte hartu, oraingoan aldiz alde bozkatuko dutela adierazi berri dute. Nabarmendu behar da legearen hezkuntzari loturiko artikuluen kontra agertu zen Macronen taldearen parte direla, baina aldi berean Euskal Herrian dagoen gizarte eskaera dela-eta, kontra agertzea ez litzateke erreza izanen. Jean Lassalle diputatu eusko bearnes independienteak hastapenetik erran zuen alde bozkatuko zuela.

Legea abenduaren 10ean Senatutik iragan zenean hezkuntzaren aldeko artikuluak gehitzearen alde agertu ziren Max Brisson eta Frederique Espagnac euskal senatariak, eta bozka honetan, horiek atxikitzearen garrantzia nabarmendu dute orain. «Hizkuntza historikoak dauzkaten eskualde eta departamenduetako diputatuak elkarrekin agertu behar dira, herrialde osoarentzako aberastasuna direla azaldu behar dute, guk senatariok egin genuen bezala», baieztatu du Brissonek. Espagnacek, bere aldetik, «diputatu guztien mobilizazioak gure hizkuntzak aitzinaraziko dituela» espero duela adierazi du.

Molac diputatu bretoiak desmartxaren garrantzia azpimarratu du: «Gauzak aitzinarazteko aukera historikoa dugu, eskualde hizkuntzak gehiegitan mespretxatuak izan baitira: lehen aldia litzateke V. Errepublikan eskualde hizkuntzei buruzko lege bat onartua izanen litzatekeela». Baikor agertu da helduden asteko bozkaren inguruan eta Estatuko hizkuntzen inguruan ikuspegia aldatu dela baieztatu du.

Estatutik eta Europatik

Orain arte ikusi gabeko sostengu bat ere izan da, izan ere Hexagonoko eskualde guztietako presidenteek bat egin dute legearen alde bozkatzeko deian, 14ek martxoaren 16an kaleratu zuten agiri amankomun batean: «Proposamen hori bide onean doa, gure hizkuntzak bizi daitezen, UNESCO-k gehiengoa galtzeko bidean dagoela erraten du eta».

Eskolim sareak, agiri batean, diputatuak legearen alde bozkatzera deitu ditu ere. Seaskarekin batera, Estatuan murgiltze eredua eskaintzen duten eskolen elkarteak biltzen dira bertan. Asteburuan Korsikan egin zuten biltzar nagusian adostutako agirian, «aukera historikoa» dela nabarmendu zuten, «ondare kultural aparteko honen babes eta bizitasunaren alde kolektiboki edo banaka agertzen direnek engaiatu behar dute».

Europatik ere badator deia, hizkuntza gutxituen babesaren alde ari den ELEN-ek (European Language Equality Network) ere frantses diputatuei dei egin die, «Frantzia Europako beste herrialdeen mailara heltzeko».

Artikuluak kendu eta jarri

Molacen legea Asanbladan, 2020ko otsailean, bozkatu zenean, oinarri garrantzitsuena ziren hezkuntzari zegozkion artikuluak baztertu ziren. Abenduan Senatura heldu zen, eta bertan eremu horretako artikulu gehienak gehitu zizkioten berriz, handik indartuta ateraz. Eta martxoaren 31 honetan bigarren irakurraldian bozkatuko denean zein artikulu izanen diren deliberatu zuen Afera Kulturalen eta Hezkuntzaren komisioak.

Bertan, gehiengoko taldetik egin zen eskaerari muzin eginez, eta espero zenaren kontra, murgiltze ereduari buruzko artikulua atxiki egin zen, aldiz, udalek haur bakoitzekiko ordaintzen duten eskola ekarpenarena kanpoan gelditu zen. Geroztik berriz bozkatua izan dadin emendakina aurkeztu da, eta hori gehituta bozkatzea eskatzen zaie orain diputatuei.

Murgiltze ereduari dagokion artikuluak eskola publikoetan ere murgiltze eredua ezarri ahal izatea ahalbidetzen du, hau da, ez litzateke «konstituzioaren aurkakoa» dela argudiatu ahalko, anitzetan horren kontra egiteko baliatu den aitzakia baztertuz. Gatazka hori ezaguna da Euskal Herrian, izan ere ikasturte hasiera honetan protesta handiak, eta negoziaketa tirabiratsuak sorrarazi zituen, Akademia Ikuskaritzak eredu hori Hiriburuko Baste Quieta eskola publikoan ezartzea baimendu nahi ez izateak, baina presio handiaren ondoren ezartzea lortu egin zen.

Udalek ikasleei egin behar dieten ordainketari dagokionean, herriko etxeak behartzen ditu beste herri batean murgiltze ereduan dauden ikasleei dagokien dirua ere ordaintzea, herrian ez baldin bada eredu hori eskaintzen duen zentrorik. Gaur egun ordainketa hori gauzatzea udalaren erabakiaren arabera egiten da. Komisioan ez zenez onartua izan, honi dagokion artikulua ere bozkatua izan dadin emendakina aurkeztua izan da.

Orain, Parlamentuak erabakiko duena ikusteke dago, izan ere ezin da aurreikusi zer gertatuko den, nahiz eta Molac baikor agertu. Asanbladan, lehen irakurraldian hezkuntzari buruzko artikulu guztiak kendu baziren oraingoan presioa askoz handiagoa da, horren erakusle dira euskal diputatuak, aurrekoan ez bezala parte hartu eta alde bozkatuko dutela aitzinatzea, eta bestetik asteazkenean komisioan erabakitakoak ere bestelako bidea erakusten du. 

Hizkuntza gutxituen aldeko aitzinamenduak

Euskara eta okzitaniera indartzeko bideorria onartu du Akitania Berria eskualdeko kontseiluak aste honetan, eskuin muturraren kontrako bozka bakarrarekin. Hizkuntzok garatu ahal izateko beharrezko tresnak atzematea da horren xedea. Aldi berean Kontseiluak segurtasun juridikoa eskatzen du frantziar Estatuko hizkuntza gutxituentzat, eta Estatuari Europako Hizkuntza gutxitu edo erregionalen Karta berrestea ere.

Macronen gobernuak eskualdeetako hizkuntzen kontra daraman politikak mugimendu batzuk sortu ditu eremu ezberdinetan. Horien artean Korsikan murgiltze eredua eskainiko duten bi eskolen sorrera dugu. Izan ere, orain arte eredu publikoan oinarritutako legea bazen korsikarraren hezkuntza, bi zentro irekitzea erabaki du Scola Corsa elkarteak. Bastian eta Biguglian izanen da, azken honetan hurrengo ikasturterako izanen da seguruenik, eta hiriburuan oraindik erabakitzeke dago.