INFO

Sentsazio onekin iritsiko dira Altuna III.a eta Mariezkurrena larunbateko kanporaketara

Aspekoek 22-11 menderatu dituzte Artola eta Aranguren Amezketan, sailkapenari dagokionez jokoan ezertxo ez zegoen neurketan. Atzelari nafarra eskuinez pilotakada ikaragarriak jotzen ikustea izan da albiste onena beraientzat Jaka eta Martijaren aurkako kanporaketara begira.

Mariezkurrenak eskuin eskua erabat osatuta duela erakutsi du Amezketan (Jon Urbe / FOKU)

Jokin Altuna eta Jon Mariezkurrena sentsazio onekin iritsiko dira datorren larunbatean Jaka eta Martijaren aurka jokatu behar duten kanporaketara. Aurrelari gipuzkoarra eta atzelari nafarra 22-11 nagusitu dira Amezketan Artola eta Arangurenen aurka eta, sailkapenean ezertxo ere jokoan egon ez arren, garaipena ziur ongi etortzen zaiela gorriei.

Urdinak 0-1 aurreratu diren arren, Altunak txapara bidalitako erremate bati esker, berehala eman diote buelta markagailuari Aspekoek eta azkar aurreratu dira 4-1. Mariezkurrena atzean nabarmen nagusitu da eta Altunak aurrean izan dituen aukerak ederki baliatu ditu tantoa amaitzeko.

Apurka-apurka tarteak handitzen joan dira eta gorrien garaipena gero eta argiagoa bilakatu da. Horregatik, emaitza bera baino, irabazleentzat albiste onena Jon Mariezkurrena eskuin eskua erabat osatuta eta pilotakada ikaragarriak jotzen ikustea izan da.

«Sentsazio onekin amaitu dugu. Jonek kolpea inolako bildurrik gabe jo du eskuinez eta hori guretzat oso garrantzitsua da», onartu du Altunak neurketa amaieran, jada datorren larunbatean Labriten jokatuko den kanporaketan pentsatuz.

«Pena handia ematen du dena partida bakarrean jokatu beharrak. Guk bederatzi puntu lortu ditugu sailkapenean, beraiek bost bakarrik, eta hala ere neurketa batek erabakiko du dena. Baina horrela da eta ezin dugu horretan pentsatzen egon. Hori ahaztu eta larunbatekoa ahalik eta ongien prestatu behar dugu», gaineratu du gaur etxean jokatu duen amezketarrak.

Pilotakadak: 467. Partidaren iraupena: 52 minutu eta 24 segundo. Markagailua: 0-1, 4-1, 4-2, 5-2, 5-3, 8-3, 8-4, 11-4,11-6, 17-6, 17-9, 20-9, 20-10, 21-10, 21-11 eta 22-11. Sakez eginak: 2 Altuna III.ak eta 1 Artolak. Jokoan eginak: 12 Altuna III.ak, 2 Mariezkurrenak eta 2 Artolak. Galdutakoak: 4 Altuna III.ak, 4 Mariezkurrenak, 3 Artolak eta 3 Arangurenek. Gertaerak: Amezketako Larrunarri pilotalekua, ateak itxita. Lehen sakea, gorri.