INFO

Xabier Antoñana idazle, politikari eta euskaltzale nafarra zendu da, 88 urte zituela

Xabier Antoñana Vianako idazle eta politikaria hil da, 88 urte zituela. Herriko zinegotzi izan zen hainbat urtetan eta Erentzun ikastolaren sortzaileetako bat izan zen, baita nafar Legebiltzarreko kidea 1979ko haustekundeen ondotik.

Xabier Antoñana. (Idoia ZABALETA / FOKU)

Xabier Antoñana 1933 urtean jaio zen Nafarroako Viana herrian eta bertan zendu da 88 urte eta gero. Frantseseko katedraduna, kazetaria, idazlea eta politikari abertzale eta ezkertiarra, nafar Parlamentuko kidea izan zen (1979-1983), eta bere jaioterriko udaleko zinegotzi ere bai (1983-1987, 1987-1991 eta 1999-2003).

1959an frantseseko ikasketak hasi zituen Sorbonako unibertsitatean, Parisen. 1967an, Madrilgo Complutense Unibertsitatean, Filosofia eta Letretako lizentzia erdietsi zuen, Frantses Filologiaren espezialitatean hain zuzen ere. 70eko hamarkadan hasi zen Logroñoko Sagasta institutuan lanean, baina 1972an Erresuma Batura joan behar izan zuen, institutuan kontrataturik jarraitzeko eskatzen zioten Mugimendu Nazionalarekiko atxikimenduaren portaera oneko agiria ez zioten eman-eta. Urtebeteren ostean itzuli zen, baina ez irakasle gisa. Postu hori 1978an berreskuratuko zuen, 2003an erretiroa hartu arte. 

Horretaz gain, Vianatik ikastolen sortzaileetako bat bilakatu zen Xabier Antoñana. Errigoraren kanpaina batean ekarri zuen gogora Erentzun ikastola sortzeko prozesu hura. 2007ko Nafarroa Oinezen omenaldia jaso zuen herrian.

Vianara itzultzearekin batera abiatu zuen bere ibilbide politikoa. Lehenbizi Udaleko ustelkeria kasuak azaleraziz eta, ondoren, 1979an, Lizarraldeko parlamentari gisa Iruñeko Legebiltzarrean. Honela agurtu du Legebiltzarrak:

 

Ondoren Vianako zinegotzi izan zen Unidad Popular eta Euskal Herritarrok alderdien eskutik.

1980. urtean auzokide batzuek jipoitu egin zuten, nafar Parlamentuko legebiltzarkidea zenean. Zortzi egunez etxean atxiloturik izatera baino ez zituzten zigortu erasotzaileak.

Jardun literarioari dagokionez, hedabide ugaritan idatzi izan zuen Antoñanak eta hainbat lan ere baditu. 1963an Donostia Hiria lehiaketan finalista geratu zen, ‘Los nuevos lázaros’ lanarekin; ‘Bidegaina, relatos de un pueblo’ liburua plazaratu zuen 1981an; 1983an, ‘El Legaña y otros relatos’ eta urte horretan bertan Bilbao Hiria Ipuinak kontakizun lehiaketa irabazi zuen, ‘La esquela’ kontakizun laburrarekin.