INFO

Etxeparek unibertsitate ezberdinetan euskara irakurle berriak hautatzeko deialdia ireki du

Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez, Estatu frantseseko, Alemaniako, Georgiako eta AEBetako zenbait unibertsitatean euskara eta euskal kulturako eskolak ematen dituzten adituak behar dituzte. Plaza berriak betetzeko, euskara irakurleak hautatzeko deialdia zabaldu berri da.

 

Tiblisiko Unibertsitatea Georgian, euskara eta euskal kulturako eskolak emateko langileak bilatzen dituenetako bat da. (Etxepare Euskal Instituta)

Etxepare Euskal Institutuak hilaren 30era arte ireki du Alemaniako, Estatu frantseseko, Ameriketako Estatu Batuetako eta Georgiako unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakurtzeko hainbat plazetarako eskaerak aurkezteko epea.

Lehentasuna dute Euskal Filologiako, Euskal Ikasketetako edo Itzulpengintza eta Interpretazioko graduek edo lizentziek, baita (a hizkuntza: euskara) eta ikasgai horietako masterrek, bai eta euskararen C2 maila edo HE4 egiaztatuta izateak ere. Irakasleak astean 19 eta 20 eskola-ordu arteko lan-karga izango du.

Plazetako bat Sorbonne Nouvelle eta Sorbonne Université unibertsitateetarakoa da eta 34.195 euroko aurrekontua izango du. Horietatik, 32.500 euro ikasturteko izango dira Sorbonne Nouvelle Université-n eta 1.695 euro ikasturteko Sorbonne Université-n.

Alemaniako Berlingo Freie Unibertsitaterako irakurle plazarako unibertsitateko gradu-titulua (edo lizentzia) izatea eskatzen da, baita euskarazko C1 maila (3. HE) edo baliokidea izatea, ingeleseko B2 maila eta alemaneko A2 maila egiaztatuta izatea.

Bestalde, Georgiako Ivane Javakhishvili Tbilisi State University (Tsu) unibertsitaterako irakurle baten hautaketak 10.000 euroko aurrekontua du. Eskatutako baldintzei dagokienez, Euskal Filologiako, Euskal Ikasketetako edo Itzulpengintza eta Interpretazioko gradua edo lizentziak (a hizkuntza: euskara) izatea, edo Giza Zientzietako, Gizarte Zientzietako edo Letretako gradua edo lizentzia (adibidez, hizkuntzak, filosofia, historia, hizkuntzalaritza, itzulpena) eta Giza Zientzietako, Gizarte Zientzietako edo Letretako Masterra izatea.

Chicagoko Unibertsitatea

Chicagoko Unibertsitateko irakurle-plaza lortzeko (54.794 dolar), unibertsitateko gradu-titulua (edo lizentzia) izaeta eskatzen dute, C1 maila (HE3) edo baliokidea euskaraz eta C1 maila ingelesez.

Lehentasuna emango zaie Euskal Filologiako, Euskal Ikasketetako edo Itzulpengintza eta Interpretazioko gradu-tituluari edo lizentziei (a hizkuntza: euskara) baita ikasgai horietako masterrei eta euskararen C2 maila edo HE4 egiaztatuta izateari ere.

Azkenik, Alemaniako Leipzig Unibertsitaterako irakurle bat hautatu behar dute, 38.100 euroko aurrekontu-zuzkidura duena. Unibertsitateko gradu-titulua (edo lizentzia) eta C1 euskara-maila (3. He) edo baliokidea izatea eta gutxienez B1 aleman-maila izatea eskatzen du.

Alemanaren mailari dagokionez, Unibertsitateak proba bat egin ahal izango die hautagaiei ziurtagiririk ez badute maila hori duten ala ez frogatzeko, Etxepare Institutuak proposatutakoen artean.