INFO
Entrevista
Bea Sever
Naizen elkarteko sexologoa

«Legeak pedagogian laguntzen du baina formazioa eta informazioa falta dira»

Espainiako Kongresuan eztabaidatzen ari den lege berriari buruz aritu da Bea Sever, Naizen elkarteko sexologoa. Terminologian akatsak ikusten ditu, identitatearen eta generoaren artean daudenak, batez ere. Orokorrean, baina, bidea errazteko baliagarri izango dela iritzi dio.

Bea Sever. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Argi eta ulerterraz hitz egiten du Bea Severrek. Haur eta nerabe transexualak laguntzen dituen Naizen elkarteko kide da. Sexologoa eta ama. Hego Euskal Herrian egiten dute lan eta 200 familia inguruk osatzen dute gaur egun elkartea. Baina goranzko joeran doa. Otsailean 27 familia berri hartatu zituzten; hilabetean bataz beste hogei senitartek jotzen dute Naizeneko atea. Espainiako Kongresuan eztabaidatzen ari den transexualen lege berriaren zirriborroaren eraketan parte hartu du elkarte honek, Estatuko beste elkarte batzuekin batera. Akats edo planteamendu okerrak ikusten dituzte zenbait puntutan, batez ere terminologiari dagokionean, baina orokorrean lagungarri izango direlakoan daude. Hurrengo lerroetan, legeari eta elkarteari buruzkoak, xehe.

Kontaiguzu. Zer dakar lege proposamen berriak?
Terminologia aldetik ez da guk egingo genukeena, guk ikuspegi sexologikoa daukagulako, baina azken finean hor bermatzen diren eskubideak ez dira bat batean asmatu ditugunak, baizik eta aspaldidanik pertsona transexualek, familiek eta kolektibo ezberdinek mahai gainean jarri dituztenak. Ez dugu ulertzen zergatik hainbeste iskanbila, uste dugu hor jartzen diren gauzak beste lege batzuetan aldez aurretik onartuak izan direla eta beharrezkoak direla. Zentzu horretan legearen alde gaude, uste dugulako erkidegoen artean elkartasun edo berdintasun maila bat bermatu behar dela.

Beste kontu bat da, guk ditugun legeak edukita, lege berriak ez digula bereziki eragiten. Guk Hego Euskal Herrian egiten dugu lan. Nafarroan 2016ko LGTB legea daukagu eta EAEn 2012ko Trans Legea eta horietan jada bermatzen dira hor agertzen diren eskubide asko. Erkidego mailako eskuduntzak direnak aurreikusita daude lege hauetan, adibidez osasunarena. Kanpoan geratzen zaizkigu eskuduntzarik gabeko alorrak, adibidez erregistroarena edo izen aldaketarena.

Termilogia aldetik zergatik agertzen duzue desadostasuna?
60ko hamarkadatik aurrera herrialde anglosaxoietan ematen da aldaketa bat. Han ‘sex’ hitza zikintzat hartzen da oso puritanoak direlako eta hasten dira ‘gender’ edo ‘generoa’ erabiltzen. Bat batean sexu hitzaren esanahia aldatzen da eta lotzen da genitalekin, erotikarekin alde batetik eta biologia genitalarekin bestetik. Simone de Beauvoirrek ez zuen esan bigarren generoa, bigarren sexua baizik. Generoa izan beharrean estereotipoekin lotutako inposaketa, sexuaren ordezko bihurtzen da. Horrek eraman gaitu nahasmendu handietara. Gero transgenero hitza hasi zen zabaltzen, ordurarte emakume transexualei buruz hitz egiterakoan trabesti hitza erabiltzen zen. Duela urte batzutik hona gero eta gehiago genero hitza erabiltzen da sexua esan beharrean. Legean «genero identitatea» jartzen du, eta guretzat astakeria bat da. Identitatea barnetik sortzen den zeozer bada eta generoak badira kanpotik inposatutako rolak, zelan izango da nire identitatea genero identitatea? Izango da sexu identitatea. Kontua da sexua bere benetako esanahian erabili beharrean genitalei lotuta erabiltzen dela.

Legeak beraz zuengana jotzen duten haur eta nerabeengan eragingo luke, batez ere, agiri ofizialetan nortasuna aldatzeko garaian?
Hori errazten du, bereziki. Horretaz aparte badaude beste arlo batzuk, diru laguntzei edo lan arloari dagozkionak. Gaur egun ere lortzen ari gara, baina  nekez.

Nolakoa da gaur egun haur eta nerabeen transito legal eta medikua?
Transito bakoitza bakarra da. Pertsona bakoitzak behar batzuk ditu. Guztia mahai gainean jarrita, alde batetik maila burokratikoan bai Nafarroan bai EAEn badago erkidego mailako dokumentazio guztia aldatzeko modua. Gainera ez da txosten psikiatrikorik behar, eskatuz gero aldatzen da kiroldegiko karneta, garraiokoa, Osakidetzakoa, hezkuntzako zerrendak... Hori maila burokratikoan.

Osasun arloan, EAEn Gurutzetako ospitaleko genero unitatean eta Nafarroan Transbiden, aurrerapausoak eman ditugu. Hala ere despatologizazioaren bidean gaude. Oraindik Osakidetzan psikiatratik pasa behar dira haurrak, gutxienez behin. Transbiden, nahiz eta psikiatratik ez pasa, psikologo bat dago eta prozesua fiskalizatzen du. Guk planteatzen dugun eredua Kataluniako Transit zerbitzuan daukatena da. Izango litzateke eduki beharrean prozesua fiskalizatuko duen pertsona bat edukitzea bidelaguna izango den pertsona bat. Han adibidez gizarte hezitzaile bat da, zeinak entzuten zaituen, hartatzen zaituen eta ikusten duen zein behar dituzun. Gerta daiteke pertsonak eskatzea laguntza psikologiko edo psikiatrikoa, baina ez baimena emango dizuna edo atea zabalduko dizuna. Oraindik bidea findu behar da.

EAEko 2012ko legea aitzindaria izan zen baina zaharkituta geratu da. Garrantzitsua da ere gero legea praktikan era egokian jartzea. Hor zerikusi handia dauka pertsona indibidualen jarrerak. Adibide bezala jarriko dut maiz izaten dugun arazo bat: bikote bananduetan gurasoetako batek onartzen duenean haurraren identitatea baino besteak ez. Gizarte zerbitzuetatik ulertzen dute gurasoen arteko liskar bat dela eta ez dute esku hartzen. Hor argi eta garbi tratu txar bat daukagu. Identitatearen ukazioak haurraren garapen psikologiko eta sozialean kalte handiak dakartza. Legeak pedagogian laguntzen du baina formazioa eta informazioa falta dira. Oro har adin txikikoekin lan egiten duten profesionalek ez dute transexualitatean formaziorik.

Maila pertsonalago batean, zein dira Naizeneko atea jotzen duten guraso eta haurrengan aurkitzen dituzuen erronka nagusiak?
Batzuetan iristen dira familia batzuk kasu oso argiekin, ez diotenek inoiz euren buruari aukera hori planteatu. Oraindik ezezaguna den errealitate bat da. Beste batzuetan gertatzen da haurrekin lantzen dugula eskola eta familia eta oso ondo joaten da transitoa adin txikietan izaten denean, baina nerabeekin beste faktore batzuk daude. Berdinen pisua oso handia da garai horretan, harreman erotikoak batzuetan zailak izaten dira eta gorputzaren bizipen batzuk ere batzuetan ez dira egokiak. Hori kontuan izanda eta transitoak 15-16 urterekin egin badira, hainbat urte egon direnean euren identitatea garatu gabe, nerabeak askotan ez daude ondo. Depresioak daude, antsietate koadroak, autolesioak, suizidio saiakerak... Nahiz eta transitoa egiten duten momentuan gurasoen eta inguruaren babesa eduki, batzuetan ez dute aurrera egiten modu egokian. Gertatu izan da laguntza psikologiko eta psikiatrikora jotzea eta profesionalek ez izatea formazioa edo euren identitatea zalantzan jartzea. Hor badaukagu erronka bat.

Nire ustez gakoa hezkuntzan dago, orokorrean. Hezkuntza formalean alde batetik sexu hezkuntza sartzea oso onuragarria izango litzateke. Beste alde batetik, gizarteak oro har behar du hezkuntza bat. Azken finean etengabe entzuten ari bazara zu zarena gaizki dagoela, barre egiteko zerbait dela edo ez dela existitzen barneratzen zoaz zaren bezalakoa izatea ez dagoela ondo. Espedienteak zabaldu daitezke halako kasuetan baina gure helburua ez da punitiboa, hezitzailea baizik.

Askotan ikusten dugun zailtasun bat da etortzen direnean ez dakitela bereizten genero portaera ez normatibo bat den edo transexualitatea. Ez dakite mutiko femeninoa daukaten edo zakiladun neska. Edo alderantziz, alaba maskulinoa edo bulbadun mutikoa. Pautak ematen dizkiegu euren bidea egiteko, inork ezin duelako esan kanpotik mutila edo neska den. Pertsonak bakarrik adieraziko du. Batez ere garrantzitsua da adieraztea zer behar duen.

Beste batzuetan, nerabeen kasuan batez ere, etortzen dira informazio praktiko eske. Semeak edo alabak adierazi du zer den eta informazioa behar dute tramite ofizialak abiatzeko. Nerabeekin egiten dugun gauza bat da beraien egoeran dauden beste gazte batzuekin harremanetan jartzea. Euren artean elkar ezagutzeak lagundu egiten die, elkar hobe ulertzen dute.