Aro berri baten atarian?
Binakakoaren lehen fasea amaituta galdera dezente sortu dira esku pilota profesionalaren inguruan: Aimarrek jokatu al du bere azken txapelketako partida? Rezusta Aspera itzuliko ote da? Noiz bueltatuko dira Victor eta Unai Laso? Izango al da beste mugimendurik?
Orekaren izenean diseinatutako Binakako Txapelketak gutxi izan du orekatutik eta lehen fasearen amaierak nolabaiteko inflexio puntu bat marka dezake, asteroko jardunaldi zurrunbiloa apur bat baretu eta bestelako kontuek ere interesa piztuko duten heinean.
Promozioko Txapelketako pilotariak kontuan hartuta, hamasei dira –horietako lau baino ez Baikokoak– hurrengo hilabete eta erdi luzean txapelketako partidak izango dituzten pilotariak.
Horrek, noski, galdera ugari sortzen ditu esku pilota profesionalaren etorkizun hurbilaren inguruan.
Aimarren azkena?
Kirol honen historian duen pisuagatik, askatu beharreko lehen korapiloa Aimar Olaizolaren ingurukoa da. 41 urterekin eta abenduaren 31ra arteko kontratuarekin, pentsatzekoa da igandean Adarragan jokatutakoa izan daitekeela goizuetarraren azken partida txapelketa ofizial batean.
Galdera horrek, ordea, ez du gaur egungo gizartean eskatu ohi den bat-bateko erantzunik, protagonistak behintzat, ez dio topatu. Aurretik buruz buruko lehiei uko egin ostean, orain Binakakoan 15. aldiz finalerdietan sartzeko atarian geratu da Olaizola (245 partida jokatu ditu), maila nahiko txukuna emanaz gainera. Hori bai, dagoeneko partidak bere kabuz aldatzeko gaitasun hori galdua du eta bere elikagaia izan den lehiakortasunean ere arrakalak sortzen hasi zaizkiola antzeman daiteke bere azken adierazpenetan.
Gaiaren inguruan galdetuta, Logroñon hauxe izan zen bere erantzuna partida amaitu berritan: «Ez dakit azkena izan den, aurtengo txapelketako azkena bai. Lehen ere esan izan dut gero eta gehiago kostatzen zaidala, ez agian jokoz eta fisikoki, baizik eta bestela. Nik uste buruz ere pixka bat nekatzen ari naizela, tentsio hori, txapelketako urduritasun hori… Baina, lehen esan bezala, oraingoz ez daukat ezer erabakita eta oraingoz behintzat nik uste maila polita ematen ari naizela. Gustura ari naiz».
Rezusta atzera Aspera
Bitxia litzateke, baina urte luzez bere aurkaririk handiena izandako Juan Martinez de Irujok erretiroa hartu zuenetik beste txapelik irabazi gabe utziko luke pilota Olaizolak, eta, are harrigarriagoa litzatekeena, Beñat Rezusta izango litzateke pilotaren historiaren kapitulu handi bat bete duten bi izar handion atzelaria euren bi agurretan.
Eta justu Bergarakoaren ingurukoa da sor daitekeen beste zalantza handietako bat. Izan ere, abenduan esan zutenez, behin Binakakoa amaituta, Aspera itzuli behar du atzelariak, nahiz eta Baikon jarraitzearen aukera ere oso presente egon den azken hilabeteotan. Udako Masterseko pilotaririk onena izan ostean, Binakakoan ez du esperotako mailarik eman eta ikusi beharko da zer gertatzen den ezkerrarekin.
Momentuz –egia da Binakakoa oraindik ere martxan dela–, larunbat honetan Labriten iragarrita dago, Arteaga lagun, Bengoetxea VI.a-Larunberen aurka, hau da, Baikorekin.
Izenekin jarraituta, Leitzako aurrelariarena da askatzeko legokeen beste ekuazioetako bat, izan ere, uda arteko kontratua du Oinatz Bengoetxeak eta Binakakoan titularren artean jarri ez izanak zalantzak areagotzen ditu bere jarraipenaren inguruan. Izan ere, bere beharra izan dutenean maila oso onean aritu bada ere, gauzak dauden bezala, nekez izan dezake bera bezalako pilotari batek lekurik txapelketatik at aritzeko.
Laso eta Victor, zain
Gainera, ezin dugu ahaztu Baikoko greba amaitutzat emateko adostutakoen artean dagoela, uztailaren 1aren aurretik, Victor Estebani eta Unai Lasori EPELeko enpresaren batean jokatzeko eskaintza egitea. Momentuz biek prestatzen jarraitzen dute, itxuraz era egokian, asteburu honetan bertan espainiar Estatuko kluben arteko txapelketak irabazi baitituzte, buruz buru errioxarrak, finalean Julen Retegiri irabazita, eta binaka nafarrak, Beroiz lagun.
Momentuz, azken bederatzi hilabeteotan inork ez die gaiaren inguruan hitzik egiteko deirik egin bi pilotariei, atzo Unai Lasok Euskadi Irratian azaldu zuenez. Hilabete honetan lehen kontaktua izatea espero du Bizkarreta-Gerendiaingoak. Akordioa sinatuta dagoenez, eskaintza helduko dela ziurtzat ematen du pilotariak, hori bai, ez daki proposamena Baikotik edo Aspetik helduko zaien. Hasiera betan nafarrak Baikon jarraituko behar zuen eta errioxarrak Aspen izango luke tokia.
Dena dela, oraintxe bertan ezer ezin da ziurtzat eman, saiakerak saiakera, jada neguan argi ikusten zen bi enpresen arteko desoreka handitu baino ez baita egin azken hilabeteotan. Emaitzak argiak dira, lehen mailan ez ezik, promozio mailan ere hiru baitira finalerdietan dauden Aspeko bikoteak eta bakarra Baikokoa.
Are, Bilboko enpresatik atzeko atetik irtendako bi atzelarik, Galarzak eta Mariezkurrenak, finalerdiak jokatuko dituzte maila nagusian –hori bai, txapelketako aurrelari onenekin–. Gertatzen dena gertatzen dela, kirol aldetik indarrak oso daude desorekatuta. Ekonomikoki ere ez dago ezer soberan eta «kromo aldaketa» batek gero eta saihetsezinagoa dirudi.