INFO

Ezkurdia-Galartzak eta Peña-Albisuk ezustekoak ematen jarraitu nahi dute

Aurkezpen egunean faboritoen artean egon ez arren, merezimendu osoz sartu dira finalerdietan eta ligaxkako lehen neurketa igandean jokatuko dute Logroñoko Adarraga pilotalekuan. Jon Ander Peñak eta Ladis Galartzak lehen aldiz jokatuko dituzte Binakako finalerdiak.

Lau pilotariak, gaur goizean Logroñoko Adarraga pilotalekuan (BAIKO)

Ezkurdia-Galartza eta Peña II.a-Albisu bikoteak, Binakako Txapelketaren lehen ligaxkak utzi dituen bi ezusteko nagusiak, Logroñoko Adarraga pilotalekuan izan dira gaur goizean igandean elkarren aurka jokatuko duten finalerdietako partidarako materiala aukeratzen.

Elezkano-Zabaleta eta Altuna-Mariezkurrena hasieratik faboritoen artean zeuden bezalaxe, inor gutxik espero zuen Ezkurdia-Galartza eta Peña II.a-Albisu bikoteek eman duten maila ematea. Bereziki deigarria izan da Jon Ander Peña aurrelari gaztearen lana, Albisu oso on batek lagunduta noski, eta Ladis Galartzak jardunaldi askotan eman duen maila bikaina ere pozgarria izan da izar berrien gosez diren zaleentzat.

Tolosako aurrelariak eta Baraibarko atzelariak lehen aldiz jokatuko dituzte Binakako Txapelketaren finalerdiak, eta ilusioz gainezka azaldu dira Adarragako aukeraketan. Baita aurkituko dituzten zailtasunen jakitun ere.

«Finalerdietan aurkari guztiak dira gogorrak, bikote onenak sartzen direlako. Ehuneko ehuna eman behar da aukeraren bat izateko, baina guk ez dugu finalean pentsatzen. Bidea motza dela pentsa liteke, baina uste baino luzeagoa da eta lan asko egin beharko da finalera heltzeko», aipatu du Ladis Galartzak Aspek jasotako adierazpenetan.

«Pilota aukeraketa ongi joan da, gustoko pilotak aurkitu ditugu. Ilusioz gaude finalerdietako lehen partida hau jokatzeko eta ea neurketa on bat ateratzen zaigun», esan du bere aldetik Jon Ander Peñak, finalerdietan egotea saria dela onartuz baina gorago heltzeko aukerei muzin egin gabe.

Jardunaldiko beste norgehiagokan ez bezala, bi bikote hauen arteko final-laurdenetako erreferentziak ez dira oso argigarriak igandean gertatu daitekeena aztertzeko. Aurreneko partidan, laugarren jardunaldian, Ezkurdia-Galartzak 22-14 irabazi zuten Tolosan, baina Zubizarretak jokatu zuen Peñaren ordez. Bigarrenean, hamaikagarren astean, Peña-Albisuk 7-22 hankapetu zituzten Aspekoak Labriten.

«Albisu sasoi betean dago, gozamen hutsa da jokatzen ikustea. Eta Peña ere sekulako lana egiten ari da bere aurreneko Binakakoan. Oso ongi ulertzen dute elkar eta Peña oso erasokor jokatzen ari da. Joko horri eustea izango da gure lehen helburua, eta ahal dugunean erritmoa guk aldatzea», aztertu du Joseba Ezkurdiak.

Pilotekin ez da arazorik egon gaurkoan ere. Aspekoek 104,9-106,3-106,6 gramoko hiru pilota hautatu dituzte eta Baikokoek 104-104,1-105,5 gramoko beste hiru.