INFO

Lesio larria atzean utzi eta Athleticekin 400 partidetara iristeko prest dago Erika Vazquez

Lau hilabete futbol-zelaietatik kanpo egon eta gero, Erika Vazquez Athleticeko aurrelaria astean zehar taldekideekin entrenatzen dabil jada eta prest dago talde zuri-gorriarekin 400 partidetara iristeko.

Erika Vazquez, iazko denboraldian Bartzelonaren aurkako partida batean. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Albiste onak datoz Lezamatik. Erika Vazquez berragertzeko oso gertu dago. Athleticeko aurrelariak lesio larria sufritu zuen duela lau hilabete, eskuin belauneko lotailuan bihurdura izan zuenean. Albiste txar hori iragan abenduaren 13an gertatu zen, Sporting Huelvara bisita egin zuten egunean. Baina ez hori bakarrik, otsailean beste lesio bat izan baitzuen jokalari zuri-gorriak, kasu honetan muskulu lesio bat izan zen, berregartzea atzeratu zuena.

Lau hilabete pasa direnean, futbol-zelai bat zapaltzeko oso gertu egon daiteke Erika Vazquez. Aurrelari nafarrak aste osoa darama taldekideekin entrenatzen eta larunbatean, Eibarreko Unbe futbol-zelaian (11.00etan), bueltatu liteke taldera, edo behintzat deialdira.

Jokalaria bera «oso pozik» agertu da, taldeak sare sozialetan jakitera eman duenez.

Jokatuz gero, gainera, 38 urteko aurrelariak 400 partida beteko lituzke Athleticekin: orain arte 355 egin ditu Ligan, 31 Kopan eta 13 Txapeldunen Ligan. Orain arte, Iraia Iturregi (402) eta Eli Ibarra (412) bakarrik iritsi dira zifra horretara.

Erika Vazquezen palmaresan Ligako hiru titulu daude (2004-2005, 2006-2007 eta 2015-2016) eta klubeko golegile nagusia da, 261 gol sartuta. Telmo Zarrak bakarrik ditu berak baino gol gehiago (335).

Bestalde, Athleticekin 16 denboraldi jokatu duen lehenengo jokalaria da, denetan golen bat sartuta, baina tartean Espanyolen jokatu zuen baita ere (2010-2011 denboraldian).

Erika Vazquezek Barañaingo Lagunaken hasi zuen bere ibilbidea eta Athleticekin debuta egin zuen 2004ko ekainaren 20an. Ez zen edonolako debuta izan gainera. Txapeldunen Ligan jokatu zituen bere lehen minutuak, Newtownabbey Strikers taldearen kontra. Zuri-gorriek 10-3 irabazi zuten eta aurrelari nafarrak gol bat sartu zuen.

2007-2008 denboraldian beste balentria bat lortu zuen. Izan ere, zazpi gol sartu zituen Maltako Birkirkara taldearen kontra (16-0), hau ere Txapeldunen Ligan.