Gaztegur mugaz gaindiko proiektuak leku berri bat eman dio Albaolari
Dagoeneko eraiki da, Gaztegur proiektuari esker, laster Albaolaren jantokia eta erabilera anitzeko gunea izanen denaren zurezko egitura berria. Hiru zurgintza-eskolaren arteko lankidetzaren emaitza da: Pasaiako Albaola, Iruñeko Donibane Li-LH eta Angeluko Les Compagnons du Tour de France.
Gaztegur lankidetza proiektuaren baitan, agudo Albaola Itsas Kultur Faktoriaren jantokia eta erabilera anitzeko gunea izanen denaren zurezko egitura berria eraiki dute hiru zurgintza-eskolaren artean. Ostiral honetan aurkeztu dute Pasaiako Albaola, Iruñeko Donibane Li-LH eta Angeluko Les Compagnons du Tour de France-ko ikasleek egindako lanaren emaitza
Egituraren aitzinean egin duten prentsaurrekoan jakinarazi dutenez, hainbat helburu uztartu dituzte egitasmo honetan: zurgintza ikasketak egiten ari diren gazteen arteko kulturak eta ezagutzak trukatzea; ekonomia, kultura eta lanbideen ikuspegitik interes orokor handia duen mugaz gaindiko egiazko lankidetza bat gauzatzea; eta zurak eraikuntzarako duen baliagarritasuna begien bistan jartzea.
Hilabete elkarrekin bizitzen eta lanean
Nabarmendu dutenez, osagai horiek tartean egonda, emaitzak aise gainditu ditu espazio berri horrek dituen 31 metroko luzera eta 7,5 metroko altuera. «Hor aritu diren zurgingaiek elkar-trukerako aukera ederra izan dute, eta haien prestakuntza aberastu dute, egiazko lantegi batean aritu baitira, proiektu baten fase guztiak, eraikuntza bera barne, beren eskuez burutu beharrean».
Horri erantsi behar zaio 16 eta 30 urte bitarteko lagun hauek etxetik kanpo hilabete batez egoteak ematen duena, elkarrekin biziz, beste eskola eta kultura bateko zurgingaiekin, guztiak elkarrekin lanean, proiektu bera aurrera eramanez. Donostialdea eta Oarsoaldea, eta bertako museoak bisitatu dituzte, eta itsasaldi txiki bat ere egin dute, Albaolaren traineru zahar-berrituan.
Lankidetza horren emaitzak espazio berri bat ekarri dio Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoriari, egunero jantokirako erabiliko dena, eta erabilera anitz egiteko aukera ere emanen duena, elkartearen funtzionamendu beharrei erantzuteko, batzar-areto gisa, tailerrak egiteko, ekitaldiak, eta abar.
Proiektuak Nouvelle Akitaine-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen laguntza izan du hasieratik, eta horri esker jarri da martxan. Proiektuak forma hartu ahala, hainbat eragilek harekin lankidetzan aritu nahi izan dute, sareko, lankidetzako eta mugaz gaindiko lan-ekimen mota horien bidez lantzen ari diren helburuak eta balioak direla eta. Besteak beste, Pasaiako Udala, Pasaiako Portua, Gipuzkoako Foru Aldundia, Lekuona Arkitektura, Mavi burdinak eta Equilan Shop & Design.
Aurkezpenean horien ordezkariak bildu dira, ikasle eta irakasle batzuekin batera.