INFO

Finalerdietaz gozatu eta Perfumerias Avenidari gauzak zail jarri nahi dizkio Gernika Bizkaiak

Bi aste partidarik jokatzeke eman ostean, Lointek Gernika Bizkaiak Emakumeen Endesa Ligako finaerdiak jokatuko dituzte ostegunnean eta domekan Perfumerias Avenidaren aurka. Bizkaitarrek xapelketako laugarren postua bermatuta duten arren, Salamancakoen nekeaz balitazen saiatu behar dira.

Itziar Ariztimuñoren ustez, bi aste hauetako lanari esker aurre egin dakioke Perfumerias Avenidari. (Raul BOGAJO / FOKU)

«Arantzatxo bat sartuta geneukan aspalditik ligako finalerdietara sailkatu ezinik genbiltzalako. Baina orain bertan gaudela, beste pausotxo bat emateko grinaz gaude. Gogotsu. Egia da final-laurdenez geroztik bi astean lehiatu gabe gaudela, baina horren truke atseden hartu eta entrenatu ahal izan dugu, eta Perfumerias Avenidak berriz, lehiaketa erritmo altuagoa ekarriko badu ere, ezin izan du nahi adina entrenatu. Beraz, paretsu ibiliko ote garen itxaropena daukat».

Itziar Atiztimuño, Lointek Gernika Bizkaia taldeko antolatzailearen berbak dira, Perfumerias Avenida ahalguztidunaren bezperan eginiko adierazpenak, hain zuzen. Ostegunean 20.00etan Malosten jokatuko dute Emakumeen Endesa Ligako finalerdien aurreneko partida. Bizkaitarrek, hainbat urtetan atarian geratu ondoren, azkenean lortu zuten apirilaren hasieran Estudiantes atzean laga eta liga txapelketako lau onenen artean muturra sartzea, baina orain, konformagatitz nonbait, finalera ere hurreratu nahiko lukete Mario Lopezenek.

Esan bezala, apitilaren 4tik hona partidarik jokatzeke daude gernikarrak. Orduko hartan 74-64 irabazi zuten Malosten bizkaitarrek Estudiantesen aurka eta klubaren historian aurrenekoz, liga txapelketako finalerdietara sailkapena erdietsi zuten.

Horren ostean etorri dira Women Eurocupeko eta Euroligako Final Four biak, zeinetan Valentzia Basket nagusitu zen batean, eta bestetik, Perfumerias Avenidak UMMC Ekaterimburgo indartsuaren aurka amore eman behar izan zuen Europako talde onenen arteko lehian.

Europako lehiaketa nagusiak amaituta, etxeko lanak amaitzeko sasoia da, ondorioz. Bi aste eta erdi partidarik jokatu gabe izan dira Mario Lopezek zuzentzen dituen jokalariak eta baliteke hori ere nabarmentzea igande gaueko partidan. «Bi partidatara oso zaila izago da Perfumerias Avenida ezustean harrapatzea, baina etxean jokatzen dugu eta hori baliatuz partida on bat jokatu behar dugu, ezertxo ere ez baitugu galtzeko», gaineratu du Mario Lopezek berak, Lointek Gernika Bizkaia taldeko entrenatzaileak.

Azken aurrekaria ez da oso lasaigarria, egia esan. La Seu d'Urgelletik bueltan ziren orduko hartan jokalari bizkaitarrak eta aurkariaren mailak ez ezik, nekeak –eta biharamonean IDK Euskotrenen aurka jokatu beharreko derbiak ere– erasan zien gernikarrei. Salamancako taldea gainetik pasa zitzaien, 62-93 nagusituta.

Egia da, bestalde, egun hartan Mario Lopezek ohiko errotazioa egin beharrean, asko aldatu zuela. Esaterako, Laura Cornelius antolatzaile titularrak eta Nogaye Lo pibot titularrak, biek ala biek, bosna minutu baino ez zituzten jokatu eta azken minutuetan Marta Alberdi harrobiko jokalariak ere ohi baino minutu dexentez gehiago izan zituen.

«Perfumerias Avenidak 40 minutuak intentsitate handiz jokatzen ditu. Ondorioz, kontzentrazioa uneren baten galduz gero, partzial handiak sartzen dakite eta horri buelta ematea oso zaila bihurtzen da. Partzialak saihestu behar ditugu batez ere», azpimarratu du Malosteko partidari begira Itziar Ariztimuñok.

Mugaraino lehiatu

«Partida hura ahaztu egin behar dugu», adierazi du horren harira Mario Lopezek. «lehiakor izan behar dugu eta gure armak baliatu behar ditugu Perfumerias Avenidari gauzak ahalik eta zailen jartzeko, eta horrez gain, partidaz gozatu behar dugu ere; finlaerdietara iristea lortu izanaz», gaineratu du.

Ez du Mario Lopezek aurrez galdutzat jo nahi lehia, baina balantzea egiteko ere aprobetxatu du bezpera. «Superkopako finala jokatu genuen denboraldi hasieran; Europan final-laurdenetatik gertu izan gara eta Kopan, berriz, finalerdietara iritsi gara. Handia litzateke gure gutxieneko helburuak horiexek direla esatea, baina bai onartuko nuke taldeak lehiaketa bakoitzean zinez iritsi litekeen mugaraino iristea lortu duela», esan du.