INFO

Pandemiak ikasleen egoera larriagotu duela salatu du Ikamak Iruñeko kaleetan zehar

Covid-19ak eragindako pandemiak hezkuntzan sortutako egoeraren aurrean protesta egin du Ikamak Hego Euskal Herriko hiri eta herrietan. Ikasleek ikasturte honetan jasan behar izan dituzten neurri zentzugabeez eta kontrol polizial eta sozialaz «nazkatuta» daudela argi utzi dute Iruñean.

Sarasate pasealekuan amaitu da Ikamak deitutako mobilizazioa. (Iñigo URIZ/FOKU)

Koronabirusak hezkuntzan sortutako egoeraren aurrean mobilizazioak deitu ditu Ikama ikasle antolakundeak astearte honetan. Hasiera batean, hiriburu bakoitzean mobilizazioak bultzatzea aurreikusi zuten, baina ezinezkoa egin zaie hasierako plan horri eustea covid-aren ondorioz hartutako neurriak direla eta. Hortaz, Hego Euskal Herriko hiri eta herrietan mobilizazio deslokalizatuak egin dituzte.

Iruñean egindako protesta Hezkuntza Departamentutik abiatu da, 12.00etan. «Nazkatuta gaudelako» eta «Ondorioak ikasleak ordaindu behar izateaz nazkatuta gaude» zioten pankartekin gaurko mobilizatzeko arrazoiak adieraztera ematen ziren: covid19ak dena hankaz gora jarri duen testuinguru honetan, hezkuntzan gazteei honek guztiak nola eragiten dien kaleratu eta konponbideak eskatzea.

Hezkuntza Departamentutik, Iruñeko Udaletxea eta Gaztelu Plaza zeharkatu dute ikasleek, «Gora, gora ikasleon borroka», «Nazkatuta gaudelako ikasleria martxan» eta «Borroka da bide bakarra» oihukatuz. Nafarroako bandera eta ikurrina ugari eraman dituzte ikasleek eta, Parlamentuaren aurrean, zonifikazioarekin amaitzea eskatzen zuen eta Nafarroa euskalduna borrokatzearen aldeko pankarta atera dute ikasleek.

Nafarroako Sarasate pasealekuan amaitu da mobilizazioa eta, bertan, bozeramaileek ikasturte «desfasatu» honen hasieratik agintari politikoen «kudeaketa negargarria» salatzen eta Ikamaren aldarrikapenak mahaigaineratzen daramatela gogoratu dute.

«Gorbatadun batzuek covid-19aren kudeaketa kontrolpean zutela esaten zuten bitartean, ehundaka ikastetxe eta milaka ikasle konfinatu gaituzte, lan esparruarekin batera kutsatze espazio arriskutsuenetariko bat bilakatuz, betiere errealitate hau ezkutatu nahirik», salatu dute.

Zentzu horretan, kalean pertsona kopuru oso txiki bat biltzea debekatuta egon den bitartean, ikasgeletan 30 pertsona inguru batzera behartu dituztela kritikatu dute, irakasleei ere lan-karga handitu dietela gaineratuz.

Hala, ratioak jeitsi ez, eta ikasketa prozesua «duintasunez garatzeko behar ditugun bitartekoak guk geuk bilatu behar izan ditugu», izan ikastetxe askotan jangela zerbitzua eten egin delako, garraioa kutsatzerako espazio izan delako edota konfinatuta egonda klaseak jarraitzeko aukera materialik izan ez dutelako.

Hori guztia gutxi balitz, hilabete guzti hauetan «otzan eta isilik» nahi izan dituztela salatu dute, ikasleen bizitzak kamera zein ikastetxetik mugitzeko ordutegi zorrotzekin kontrolatuz. «Erroboten moduko ikasleak bilakatu nahi izan gaituzte, nahi eta behar genituen gauzen gainean erabakitzeko eskumenik gabe», adierazi dute.

Euskara, «galtzaile»

Aipamen berezia egin nahi izan diote euskararen «egoera kezkagarriari». Horrela, «Ley del Vascuencek» ezarritako zonifikazioa dute oztopo nagusi bezala, eta Nafarroa euskaldun baterunzko bidean, ikasleek «eguneroko borrokan jarraituko dutela» azaldu dute.

Epe motzari begira, hainbat borroka garatuko dituztela nabarmendu dute Ikamako bozeramaileek. Lehena, EAEko zerbitzu publikoko langileek ostegun honetan deitutako mobilizazioetan bidelagun izango dituztela iragarri dute, «aurrekoan garbiketako sektorearen salaketan» egin zuten bezala. «Ikasleok herri honen alde gaude martxan, eta ikastetxeetan antolatzeaz gain, herrietan, hirietan, eta auzoetan ere bagaude».

Ikasleen problematikei dagokienez, ikastustea amaitu baino lehen beste mugarri garrantzitsu batzuk dituztela gogoratu dute: «Ito egiten gaituen azterketaldia jasan beharko dugu maiatza eta ekainean zehar, gure bizitzak albo batera uztera bideratuko gaituzte egunero, etxean ikasliburuetarako materia buruz ikas dezagun».

Selektibitatean, hiru egunez ikasleen bizitzak «hankaz gora jarriko dituzte, bi urte luzetan ikasitakoa azterketa batean ahalik eta azkarren idazteko». Horren aurrean, «ikasleon artean sartu eta gure beharrizanak errespetatuak izan daitezen oihukatuko dugu».

Gaurko egunean ezer bukatzen ez dela gogoratuz eman diote amaiera irakurketari. Mobilizazioa, aldiz, ikasle batek bota duen bertso batekin eta beste hiruk kantatutako "Zarena zarelako" abestiarekin bukatu da.