INFO

Txomin-Enea, erdi egina dagoen eta estropezuka eraikitzen ari den auzoa

Donostia eraldatu behar zuen gunean zarata, hautsa eta bete gabeko promesak daude. Atzerapenak eta narraskeriak maila berean pilatzen dira Txomin-Enean eta bizilagunak nekatuta daude. Lehen hiriaren bazterrean eta baztertuta; orain auzo berria estropezuka nola altxatzen ari den begira.

Txomin-Enea (Maialen ANDRES | FOKU)

Auzoa beste bat da. Ni oso pozik nago emaitzarekin, baina ez ordea gauzak nola egin dituzten ikusi ondoren. Oso narrasak izan dira, eta arazo bat izan dugunean ez dizute kasu putarik egiten, gazteek esango luketen bezala». Emakume heldu bat farmaziatik irten da, eta bere laguna, auzoko beste bizilagun bat, auzoaren inguruan hizketan hasi da modu sutsuan.

Txomin-Enea Loiolaren ondoko gune bat zenean –Donostian inori edo ia inori interesatzen ez zitzaion gehigarri soil bat– hemen ere herritarrak bizi ziren. Orain Txomin beste mundu bat da. Erdi egina dagoena eta estropezuka eraikitzen ari dena. Sarrerako biribilgunean Txomin Etxe txikiko arkuak eta zutabeak jarri dituzte. Gizon bat landareak apaintzen ari da. Handik metro batzuetara udaletxeko langile bat hodi bat sartzen ari da estoldan eta kamioiaren motorra entzuten da. Bi emakume pentsiodun hauen bizitza erabat aldatu da, eta zaila da ondorioztatzea erabat hoberako izan dela. Esker oneko hitzak dituzte, eta ondoren errieta egiten diete eraikuntza enpresako arduradunei. Onespen keinu bakoitzak ñabardura bat du atzetik, kexa bat. Bai eta ez. Buklea etengabe aktibatzen da.

Felisa Martin Bravo kalea zulatuta dago. Langile batzuk, garabi baten laguntzaz, espaloia errematatzen saiatzen dira, eta batek galdetzen dio bere buruari zenbat denbora beharko duten lana amaitzeko. Osasun zentrotik jendea irteten da. Eraikin apala da. Anbulantzia batetik erizain irribarretsu bat agertzen da, gurpil-aulki bat gidatzen ari da. Pazientearen zain geratzen da, eta hainbat lankideren laguntzarekin iristen da gizona. Ahotsa goratu behar dute ondokoarekin elkar ulertzeko. Soinu iskanbilatsu eta gogaikarria leku honetaz jabetzen da, bere garaian «hiriko itsusiena» bezala bataiatu zen Paskualdegiko biribilgunetik, triangelu formako hesitutako lursailera, non zikinkeria, sastraka itsu eta lodiak pilatzen diren. Erdi abandonatutako zati horretan anbulatorio elegante bat zegoen martxan, baina antza denez proiektua bertan behera geratu da.

«Plaza bat egingo dute», dio farmaziatik atera den emakumeak. «Egingo dutela diote, ez da gauza bera». «Nola diozu?». «Bi urteren ostean, ez da kale garbitzailerik hemendik pasatu». «Hala da». Bizilagunen arteko elkarrizketak oso argigarriak dira.

Bizitza osoa Txominen

Antzieta inguruan bizi da Igor Martin. Bizitza osoa Txominen pasatu du, harro dago bere jatorriaz. «Hasieran 600 bizilagun ginen, baina legioa zen hura. Lehen uholdeekin errepidea moztu genuen, eta gainontzeko auzoetan haluzinatu egiten zuten. Esaten ziguten: oso ondo egiten duzue, segi horrela!». Loiola antipodetan dago Igorrentzat. Haren ikuspuntutik munduko punta baten bazterrean dagoela dirudi. «Bitxia da, gu Loiolako kultur etxearen menpe gaude, baina gero haiek gure osasun zentroaren menpe daude», bota du gogoeta. Anbulatorioa txiki geratu zaie, eta langile gehiago kontratatu dituzten arren eremu horretako biztanleriaren hazkundearekin beste bat eraikitzea «premiazkoa» dela azpimarratu du. «Kontuan izan Txomineko jendeari ez ezik, Martutene, Loiola eta Erriberako zati bati zerbitzua emango liokeela. Ez da jolasa. Orain esan dute kuartelak eraitsi eta eremu osoa urbanizatzeko anbulatorio bat egin nahi dutela. Gutxienez hamar urteko epeaz ari gara», azaldu du Lanberri Txomin Eneko auzo elkarte historikoko kide den herritarrak.

Zarata da bizilaguna

Igorren etxea bi zulo handiren artean sartuta dago: eraikin blokeak, auzo berriaren lehenengo fasearen gainerakoekin batera altxatu behar ziren. Berandu doaz. Zaratarekin bizitzea tokatzen zaio.

Atzerapenez gain, prozesu osoaren deskribapen garratza egin du Martinek. «Obran arazo asko eta praxi txarra izan dira nagusi, diktadura mailara iristeraino. Despota ziren arkitekto talde batekin topo egin dugu. Gure etxeetan fatxada berritu behar zen, energetikoki oso ona zena, teilatua egin zuten, etab. Gastu horiek gure kontura egin ditugu. Baina gainkostuak izan dira. Hemen gauza bat argi utzi behar da: Giroa-k, udalak kontratatu duen enpresak, legez kanpoko %10eko komisioak kobratzen zituen. Nire aitari terrorista deitu diote beste enpresa batzuen aurrekontuak zeramatzalako eta gauzak horrela egiten ez direla salatu duelako. Gehiago esango dizut. Obrarekin arazo larri bat dagoenean deitu eta esaten dizute ezin dutela ezer egin, astebete itxaron behar dugula. Zer zerbitzu mota da hau? Nik ezin dut itxaron 24 orduz ur beroa eduki arte».

Artelekuko plaza izan da Udalak lepotik zintzilikatu duen domina. Pasa den abenduan, «Txomin-Enea auzo berriaren bihotza izango den» plaza gisa definitu zuten eta «urtebetean prest» izango dela adierazi zuen Hiri Proiektuen zinegotziak, PSEko Duñike Agirrezabalagak. Esan zuenez, «obrak 2021eko uda inguruan hasiko dira, eta aurreikusitako bost hilabete eta erdiko obren ondoren, plaza prest egongo da», ideia lehiaketa eta partaidetza prozesu baten ostean. Zehazki plaza hainbat eremutan banatuta egongo da: lurrean ur zurrustak izango ditu, haurrentzako jolasgunea egongo da, zuhaiztiak, kirol kantxak, adinekoentzako kirol eremu bat…

«Erakusketa bat egin zen Loiolako kultur etxean lehiaketara aurkeztu ziren 14 proiektuekin», gogora ekarri du Martinek. «Guztien artean bozkatu genuen parte-hartze prozesu batean. Oso ekimen polita zirudien baina gure ustez, dena zuten aldez aurretik aukeratuta».

Lanberri elkarteko kidea da era berean Jesus Alcalde Txuss. Salatu duenez, Cristina Iglesiasek Santa Klara uhartean duen proiektura «desbideratu» omen dute Arteleku plazaren aurrekontua. «Ezetz esango dute, baina gezurretan ari dira», nabarmendu du Txussek. «Zenbakiak begiratzen hasten bazara, ikusiko duzu bi aurrekontu partida berdin daudela. Diru kopuru hori desbidera daiteke udal plenora eraman gabe. Ezin zaitezke udal plenora joan eta Santa Klarako eskulturarentzat beste milioi eta erdi gehiago eskatu. Ez dizute utziko. Baina horrela egiten baduzu ez da nabarituko, eta uhartearen kostua sei milioi eurokoa izango da obra amaitzen duten arte».

Katu bat hilda dago

Auzora joan aurretik borroka berberean murgilduta zeuden Matxalen Lonbera eta Urko Otxoa. El Rincon izeneko tabernan eserita daude eta jolastokiko umeen ahotsak entzuten dira. Betiko gune urbanoetan nagusi diren denda txiki eta bakarrak, familiarrak, ez dira ikusten. Udaberriko belar freskoaren usain gozoaren arrastorik ez dago. Alboko parterrean askotariko zabor pilotatxoak pilatzen dira. Letra txikiari ez diete haiek erreparatzen: urratsak partekatzen dituzten bi lagun eta bizilagun hauen erronkak handiak dira. Lonberak 47 urte ditu, Otxoak, 41. Txomin-Eneko etxebizitzak esleitzeko prozedura hasi zenean, atzeratzen joan zen, behin eta berriz, donostiarren artean hainbeste ikusmin sortu zuen proiektua.

Mobilizazioak 2019ko udan hasi ziren. Elkar ezagutu zuten, eta berehala ekin zioten elkarlanari. Abuztuan hainbat bizilagunek protesta egin zuten Amenabar eraikuntza enpresak Askatasunaren hiribidean duen egoitzan. 150 bizilagun inguruk beren etxebizitza ordaindu zuten, obra bukatuta zegoen, baina ez zieten sartzeko baimenik ematen. «Amenabar hamaika azpikeriatan sartuta dabil eta dirudienez Donostiako Udalari abal bat ordaindu behar zion aldez aurretik. Gauza da ez zutela dirurik edo ez zitzaiela ordaintzea interesatzen, eta udaletxearen eta Amenabarren artean tirabira egon zen. Hilabeteak pasatzen joan ziren eta ezin ginen sartu erosi genituen etxeetan. Kasu asko egon ziren, non jendeak alokairua utzi eta gurasoen etxera joan behar izan zuen bizitzera», azaldu du Otxoak. «Etxeetan sartu ginenean desperfektu asko zeuden. Gogoratzen duzu?». «Pasada bat izan zen. Eta oraindik badaude», erantzun dio Lonberak.

Une oro arazoak sortzen dituen eskema makabro batean bahituta sentitzen dira. «Erabateko prekaritatea dago», nabarmendu du Otxoak, eta azpikontratazio kate luze honetan bizilagunak oso kaltetuak ateratzen direla dio. Eraikinetako intzidentzia ezberdinei erantzuteko garaian, ez dakite nora jo behar duten. «Langileak baldintza txarretan eta gaizki ordainduta daude eta horrek arazoak sortzen ditu. Gure etxeetan jaten ditugu problemak. Lehengoan langile portugesekin hitz egiten egon nintzen. Portugesak! Esan zidaten bi astez kontratatzen dituztela eta auskalo non lo egiten duten».

Lonberak bide beretik jarraitu du, eta «milaka intzidentzia» izan dituztela salatu du. «Gu sartu baino lehen etxea inundatu zen, iturginak erradiadoreak itxi ez zituelako. Korrika egiten dituzte gauzak. Ateak izorratu ziren eta oraindik horrela ditugu, aldatu gabe. Urte eta piko daramagu enpresari deitzen eta ez digute erantzunik eman. Ez dakigu zer demontre pasatzen den. Australiara bizitzera joan ote da?».

«Eskema horrekin arazoa sistemikoa da» eta azpiegitura horretatik ateratzea oso zaila da, Otxoaren ustetan. «Gremioetan baldintza txarrean lan egiten duten bitartean, kristoren abokatu onak dituzte eta salmenta osteko zerbitzuan hitz egiten dakien jendea dute, legea oso ondo ezagutzen duena, eta diskurtsoak desmuntatzeko gai direnak haiei interesatzen zaien bidetik joateko. Dirua egiteko makina bat da enpresa hau. Eta ezin dituzu inoiz harrapatu», zehaztu du.

Adibide xume bezain esanguratsu bat: trastelekuetan %90eko hezetasuna dutela jakinarazi zutenean «oso ondo jantzita zegoen» gizon bat joan zitzaien eta legea eskutik helduta haien alde ezin zuela ezer egin esan zien. Segituan alde egin zuen.

Egoera larria da. Eta ez da batere erosoa. Jabekideen erkidegoak arkitekto bat kontratatu du berriki, etxebizitzetako akats eta “gabeziak” zeintzuk diren aztertzeko. 2020. urtearen bukaeran arratoi mordoa agertu zen etxeetan. «Oso mediatikoa izan zen hura, baina saguak ziren, horrelakoak», diote, bi eskuak zabaltzen hobeto irudikatzeko. Hildako katu bat egon da galtzadan bolada luze batean. Ez dakite zenbat denbora pasatu zuen errepidean udal garbitzaile batek erretiratu zuen arte. Hilabete bat? Bi hilabete?

El Rincon tabernan zarata da soinu banda. Hemen ere bai. Txomineneko edozein lekutan bezala.

«Inoiz damutu al zarete pisua erosteaz?», galdera zuzena bizilagunei. «Batzuetan bai, suposatu duen esfortzu eta lanarengatik batik bat. Gogoratzen duzu nola ibili ginen hasieran?», erantzun du Lonberak. «Putada handiena zera da, ilusio handiarekin hartzen duzun etapa berri bat igarotzen duzula arazoak behin eta berriz konpontzen», esanez bukatu du Otxoak.