INFO

Aitzinera doa Kutxa Bira bere bidean; larunbat honetan Goierri aldean izan da

«Gure herriaren bizitza erdigunera» eramateko hasi zuen Iparra Hegoa elkarteak «Bizi gira... Kutxa Bira» ekimena, non eta Argentinan, euskal diasporarekin. Apirilaren 8an Baionan lur hartu eta herriz herri doa. Ibarra, Idiazabal, Zerain, Urretxu eta Zumarraga bisitatu ditu larunbat honetan.

Kutxa Bira ekimena Ibarran, larunbat goizean. (Jon URBE/FOKU)

Goxotasun handiz antolaturiko ekimena da `Bizi gira... Kutxa Bira´, Euskal Herria eta euskal kultura ardatz hartuta, herri honen zortzi probintziak biltzen dituena, diaspora barne. Detailez betetako egurrezko kutxa bat eramaten dute herriz herri, eta haren inguruan antolatzen dituzte ekitaldiak. Asteburu honetan Ibarra, Idiazabal, Zerain, Urretxu, Zumarraga, Antzuola eta Legazpiren txanda da.

Martxoaren 20an abiatu zen kutxa, Korrikaren lekukoa bezala barrenean mezu batekin, baina kasu honetan sekreturik gabe, jada ezagunak baitira testua eta honen egilea, Amets Arzallus. Urrun hasi zen Iparra Hegoa elkartearen ekimena, hemendik 12.000 kilometrotara, Argentinako Patagones hirian, eta handik Viedmara jo zuen. Apirilaren 8an Baionan, Etxepare lizeoan lur hartu eta 72 egunez 71 herritatik pasatu ondotik, maiatzaren 30ean Segurara ailegatuko da.

Lekarozetik Irurara

Bide horretan, «euskarak gizarte bezala aberasten gaituela» aldarrikatuz, aitzinera doa kutxabira. Zuberotik Nafarroara egin zuen jauzi astelehenean. Lekarozen Aroztegia proiektua gaitzetsi zuten herritarrek eta Beran, Bortzirietako alkateek euskarak herriaren bizian duen garrantzia aldarrikatu zuten.

Asteartean, Irunen, AEK eta Harrera Sareak «euskararen herria harrera herria» dela adierazi zuten elkarrekin. Asteazkenean genero berdintasunaren inguruko performance gogor bat plazaratu zuen Hondarribiko gazte talde batek, eta ostegunean Jaizkibel konpainiako kide batek mendian behera dagoen Pasaia-Lezo lizeora eraman zuen kutxa. Ikasleek pozik hartu zuten bertan amesten dutena sartzearen ardura: beldurrik gabe euskaraz mintzatzeko deia zabaldu zuten lau haizetara.

Eta justu Lau Haizetara Errenteriako elkarteak hartu zuen lekukoa. Ikusgarri goxo bat eskaini zion kutxari. Ostiralean, Adunan, eskolak lehenik eta herritarrek ondoren kutxa haien ametsez bete zuten. `Eutsi, Euskal Herria´, momentu zail hauetan esperantzari heldu behar ziola erranez. Kutxa Irurara eraman zuten eta ekitaldi jendetsu eta koloretsua eskaini zioten, arnasgune den eta izanen den Irura amets.

Ibarran eta Idiazabalen

Larunbat honetan, goizez Ibarran eta Idiazabalen egon da kutxa. Arratsaldez, aldiz, Zerain eta Urretxu-Zumarraga bisitatu ditu. Erabakitzeko eskubidea, etorkinen harrera eta beste hainbat aldarri egin dituzte.

 

Igandean Antzuola eta Legazpiren tenorea izanen da, eta heldu den astean Gipuzkoan barna poliki-poliki Bizkaira bidaiatuko du kutxak.