INFO

Hogei preso lekualdatu dituzte azkeneko bi asteotan, aurretik iragarri ostean

Pandemiak eragindako konfinamenduek geldialdia eragin zuten baina orain arazoa gainditzen ari dela dirudi. Etxeratek jakinarazi duenez, azken bi asteoetan hogei preso gertutaratu edo Euskalerriratu dituzte, aurretik iragarritakoa gauzatuz.

Zaballara egindako martxa. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gaur larunbatean jakinarazi du Etxeratek sei preso lekualdatu dituztela azken egunotan. Beste hiru kasuren berri eman zuen asteazkenean, eta hamaika agertarazi zituen duela astebete. Guztiak batuta, beraz, hogei dira bi aste hauetan Espetxe Zuzendaritzak gauzatu berri diren iragarpenak.

Azkenekoetatik hasita, gaur jakin denez Etxarriko Asier Karrera Dueñasetik Martutenera ekarri dute; Jon Gonzalez santurtziarra, Picassentetik Iruñea; Aitor Olaizola irundarra, Dueñasetik Logroñora; Oskar Zelarain Villabonako presoa, Albocasserretik Soriara; Iñigo Vallejo basauriarra, Dueñasetik Duesora; eta Gotzon Aranburu azpeitiarra, Villenatik Dueñasera.

Aurreko komunikazioan hiru izen ageri ziren: Irantzu Gallastegi berangotarra, Huelvatik Estremerara eraman dute, Xabier Garcia Gaztelu bezalaxe; eta Jose Mari Dorronsoro donostiarra, Puertotik Iruñera ekarri dute.

Astebete lehenago, hamaika lekualdatze hauek burutu ziren: Agus Almaraz bilbotarra, Estremeratik Zuerara; Unai Parot Baionako presoa, Puertotik Leonera; Mikel Izpura iruindarra, Murtziatik Zuerara; Harriet Iragi bilbotarra, Albocasserretik Logroñora; Bittor Franco barakaldoarra, Estremeratik Logroñora; Javier Zabalo Zumarragako presoa, Valladolidetik Logroñora; Raul Fuentes bilbotarra, Soto del Realetik Duesora; Angel Lopez Anta ortuellarra Leondik Zabalarra ekarri dute; Iñaki Garces, Otxandiokoa, Zueratik Basaurira; Mikel San Argimiro donostiarra, Soriatik Martutenera; eta Aitor Esnaola, Legorretakoa azken hau, Soriatik Martutenera.