Altsasuko ‘Gau Hura’ eta hurrengo urteetako bizipenak pantailara eraman dituzte
Altsasuko auzia eta hori inguratu duen guztiaren parte izan diren hainbat lagunen jarraipena egin dute Amets Arzallusek eta Marc Parramonek azken hiru urteetan. Maiatzaren 22an estreinatuko dute ‘Altsasu: Gau Hura’ dokumentala Bartzelonan, protagonisten bizipenak «eskala txikira ekarriz».
«Terrorismo bilakatutako parranda gau bat. Bizitza osoa kartzelan pasatzeko arriskua. Arrisku horren erraietatik grabatutako dokumental bat». Honela definitzen dute Amets Arzallusek eta Marc Parramonek azken hiru urteetan ehundutako lana.
‘Gau Hura’ izan da Euskal Herrian azken urteetan gehien errepikatu den uneetako bat. Lanean ari ez ziren bi guardia zibil eta Altsasuko hainbat gazteren arteko liskarra izan zen unea. Gau hark markatu ditu lau urtetan lerroburuak, mobilizazio erraldoiak eta, batez ere, herritar askoren bizitzak. Dokumentalak kasuaren egutegi bat jarraitzen du hari narratibo gisa eta egutegiaren «zero une» hori da ‘Gau Hura’. Kalean bezala, «esaera hori oso presente dago dokumentalean», azaldu dio Arzallusek NAIZi.
2017an hasi ziren dokumentala lantzen Arzallus eta Parramon. «Orkatil bat hautsita eta fiskalaren eskaerak ikusita, desproporzioa nabaria zen. Hainbat gaztek bizitza osoa kartzelan pasatzeko arriskua» zutela gogorazi du Arzallusek.
Euskal Herriko gatazka armatu baten «harien inertziak» ikusten dituzte egileek kasu honetan. «Baina euskal gatazkaz haratago Altsasuko auziak baditu jendarte osoari eragiten dioten korapiloak: terrorismo kontzeptuaren erabilera extentsiboa, Gobernuaren autoritate gero eta handiagoa, botere judizialaren eta Poliziaren arteko lotura... Altsasun, Minneapolisen, edo Istanbulen, bada mundu guztia lotzen duen soka bat: indar armatuen aurrean herritar arruntak bizi duen indefentsioa».
Honela, «begirada intimo bezain poetikoa landuz», dokumentalak istorio honen parte diren pertsona batzuen hiru urteko jarraipena egiten du, beren eguneroko bizitzetatik abiatu eta epaiketaren edo kartzelaren atariraino segituz. «Eskala txikira ekarri eta zurrunbilo horretan harrapatuta zeuden pertsonei eguneroko bizitzan nola eragin dien ezagutu nahi genuen».
Hedabideetan «titular eta zurrunbilo ugari» egon zela nabarmendu du hendaiarrak eta «lupa pertsonarenganaino» gerturatuz «afera politiko hau» nola bizi izan duten ezagutzea izan dute helburu. Eta hori gizarteratzeko asmoarekin egin dute lan. «Haien bizitzaren parte izan gara hiru edo lau urtetan. Serieak, erreportajeak egin dira, asko. Guzti hau haien gorputzetik nola bizi izan den kontatu nahi dugu».
Auzia bezala, dokumentala Europara
‘Altsasu: Gau Hura’ maiatzaren 22an estreinatuko da Docs Barcelona jaialdian, eta orduan ekingo diote festibaletan zabaldu eta nazioarteko merkatua jorratzeari. Horren ostean iritsiko da Euskal Herrira, nahiz-eta oraindik ez duen data finkorik.
Hala ere, proiektua amaitzeko lanak aurrera eramateko crowdfunding bat jarri dute martxan eta bertatik lortutako ekarpenak nazioarteko zabalkunde horri bideratuko dira, neurri handi batean. «Uste dugu istorio hau gure mugez haratago zabaltzea beharrezkoa dela», adierazi du Arzallusek. Gainera, gogora ekarri du, espainiar Estatuko bide judizial guztiak agortuta dituela kasuak eta urte hasieran Estrasburgon helegiteak jarri zituztela defentsek. «Borroka judiziala han dagoenez eskala horretara eraman nahi genuke eta iruditzen zaigulako kasua ez dela Euskal Herriko gertaera isolatu bat, dimentsio zabal eta unibertsalagoak dituela uste dugu-eta. Abusu polizial zein judizialak ez ditugu soilik hemen ikusten».
Protagonisten eskerrak
Auziaren protegonistetako batzuek ongietorria eman diote lanari sare sozialen bitartez. «Lau urtetako izugarrizko lana, Amets Arzallus eta Marc Parramonek egin dutena. Gertutasunez, humiltasunez eta kontzientziaz egindakoa. Bihotzez eskerrak bioi, kontakizunaren bataila honetan zuen ekarpenagatik», adierazi du Adur Ramirez de Aldak.
Lau urtetako izugarrizko lana, Amets Arzallus eta Marc Parramon-ek egin dutena. Gertutasunez, humiltasunez eta kontzientziaz egindakoa. Bihotzez eskerrak bioi, kontakizunaren bataila honetan zuen ekarpenagatik. #Altsasu https://t.co/Mn9fqcSwC0
— Adur! ★ (@pepins58) April 26, 2021
Eta Iñaki Abadek ere lanaren «itxura ona» azpimarratu du.
Oso itxura ona dauka!@AltsasuDok#altsasu #GauHura https://t.co/TIfd6Dol3F
— Iñaki Abad (@abad_altsasu) April 26, 2021