INFO

‘Orain ala inoiz ez’, funk doinuez bustita datoz Arrano Pertxa eta Lengu Iluna

Funk doinuak dira nagusi Arrano Pertxa rap-abeslariak eta Lengu Iluna ekoizle bizkaitarrek kaleratutako ‘Orain ala inoiz ez’ bideoklip berrian. Iaz argitaratutako ‘Maitasunaren bilduma’ lanarekin hasitako beste urrats bat da.


‘Maitasunaren bilduma’ aurkeztu zuen Bilboko bikoteak 2020ko abenduan, eta euskarazko raparen historiaren lan garrantzitsuenetako bat bihurtu dela esan daiteke. Ordutik lan honetan oinarritutako ‘artefaktu’ ikus-entzunezkoak prestatzen ibili dira, esaterako orain kaleratu berri duten ‘Orain ala inoiz ez’ abestiaren bideoklipa.  

Arrano Pertxa rap-abeslariak eta Lengu Iluna ekoizlea elkarrekin dabiltza 2017 urteaz geroztik euskarazko rap proiektu honetan. Letra erasokorretan eta Europako hizkuntzarik zaharrenean ohikoak ez omen diren gaietan datza bikote honen originaltasuna. Hori guztia Lengu Ilunak sortutako musikaren gainean: G-Folk izendatu duten soinu propioa garatu baitute, rap klasikoa eta euskal folklorea uztartuz.

Pasa den urteko abenduan, ‘Maitasunaren Bilduma’ aurkeztu zuen Bilboko bikoteak (Taupaka, 2020). Hamabi kanta hauetan testu pertsonalagoak eta soinu garbiago eta erlaxatuagoak jorratu dituzte, eta beraien nortasunaren adierazgarriak alboratu gabe, aurreko bi lanen garapenaren ondorio argia bilakatu da azken lan hau.
 
Gaur asteartea aurkeztu berri duten ‘Orain ala inoiz ez’ bideoklipa funk soinua ekartzen du berriz. Bideo berri honetan Arrano Pertxa eta Lengu Iluna banda formatua agertzen dira, daukaten nortasuna agerian utziz.

Baterian Luigi Crocanti, baxuan Lengu Iluna, gitarran Imanol Low eta ahotsan Arrano Pertxa agertzen direlarik. Bideoaren edizioa eta grabazioa Monoplaza Audiovisualaken eskutik izan da.