INFO

‘6 balore, 6 kolore’ aldarrikapenez beteriko proiektua aurkeztu dute Bilbon

Yogurinha Borova eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Bilboko eragile ezberdinekin garatutako ‘6 balore, 6 kolore, Bilbo milakolore’ proiektua aurkeztu dute. Abesti eta bideoklipen bitartez gizarte arloko balore batzuk aldarrikatu nahi izan dituzte egitasmo honekin.

'6 balore, 6 kolore' proiektuaren aurkezpena. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Yogurinha Borova eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek elkarlanean egindako azken egitasmoa aurkeztu dute ostiral goiz honetan Bilboko Alde Zaharreko Bira Kultur Elkartean. Bizkaiko hiriburuko beste 8 eragilerekin batera, sei gune desberdinetan, sei abesti eta dantza interpretatu eta grabatu dituzte, gizarte arloko sei balore eta sei kolore azaleratu eta aldarrikatuz «modu ikusgarri, koloretsu eta alaian».

‘6 balore, 6 kolore, Bilbo milakolore’ izena du proiektuak. Orotara zazpi bideoklip osatu dituzte eta, zazpigarrenak, ‘Maitasunaren ostadarra’ abestiak, proiektuaren kolore eta balore guztiak jaso ditu. Azken honetan Eneko Axpe ‘Maisha’ musikariak hartu du parte, Estatu Batuetako San Francisco hiritik. Grabaketaz eta edizioaz Alex Argoitia ‘Cinemafilmak’ arduratu da. Segurtasun eta osasun protokoloak Panpotx Kultur Elkarteak gauzatu ditu.

Elkartasuna

Lehenengo balorea, kolore gorriz adierazia, elkartasuna izan da. Aspanovas Bizkaiko minbizidun haurren gurasoen elkartearekin batera ‘Agur bat lagun maite’ abestiaren bideoklipa egin dute Casilda Iturrizar parkean. Abestiaz gain, zuhaitz bat landatu zuten hil diren haurren omenez. «Horrelako proiektuak beharrezkoak dira jendeak ikus dezan Bilbon aniztasuna dagoela, behar desberdinak, elkarte desberdinak, baina mundu bateratu bat daukagula eta aukera berdinak izan behar ditugula denok», adierazi du Aspanovaseko ordezkariak.

Errespetua

Artxandan, Naizen adingabe transexualen familien elkartearekin, ‘Ausarten kluba’ bideoklipa grabatu zuten, kolore laranjarekin errespetua aldarrikatuz. «Harriz beteriko bidea daukagu, eta harri horiek kentzeko, horrelako proiektuek asko laguntzen dute. Gure errealitatea ikusgai egiteko aukera paregabea izan da. Oso pozik gaude», adierazi du Naizeneko kide batek.

Euskara

Uribarriko eskola publikoarekin eta Tanttaka Euskara Taldearekin ‘Ahoa bizi, belarriak prest’ kantaren bideoklipa egin zuten euskara kolore horiarekin aldarrikatzeko. «Uribarri auzo langilea eta anitza da. Gure eskola horren eredu argia da. Gure ikasleek aniztasuna daukate arlo guztietan. Gure gelan hainbat hizkuntza hitz egiten dira: hindi, urdu, errumaniera, erromaniera... Eta denak batzen dituena euskara da», nabarmendu du Uribarriko eskolako irakasle batek.

Ekologia

Kolore berdearekin ekologia irudikatu dute. Honetarako ‘Egurrezko ametsa’ bideoklipa grabatu dute Bilboko itsas museoaren aurrean dagoen Karolan Deustuko Arraun Taldeko kideekin batera. Bideoklipean aurten hainbat txapelketa irabazi dituen emakumezkoen taldea dantzatzen eta Ibaizabal ibaian arraun egiten agertzen dira.

Kultur aniztasuna

Kultur aniztasunaren balorea aldarrikatzeko kolore urdina erabili dute eta, Kale Dor Kayiko ijitoen elkartearekin batera, ‘Te camelo, Maite Zaitut’ abestu eta dantzatu dute Txurdinagako Europako parkean. ‘Maite zaitut’ abestia erromanieraz abestu dute. «Guztientzako aukeraz betetako gizarte bat nahi dugu», azpimarratu du Kale Dor Kayiko elkarteko kideak proiektuaren aurkezpenean.

Hezkidetza

‘Sentipenak askatu’ abesti eta bideoarekin hezkidetza aldarrikatu dute kolore morea erabilita. Miribillako parkean grabatu zuten, Urretxindorra ikastolarekin eta EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduarekin batera. «Bideoklipa grabatu genuen egunean bizi izan genuena gure bihotz morean tatuaturik geratu zaigu. Gure helburua norbera izaten ikastea da eta, era berean, elkarrekin bizitzen ikasten aurrera egitea eta Bilbo koloretsua eraikitzea. Gure hezkuntza komunitatearentzat aukera ederra izan da», adierazi du elkarteko kide batek.

Imanol Alvarez EHGAMeko kideak Yogurinha Borovari eta Katxiporreta konpainiako pailazoei egiten duten lana eta proiektu hau aurrera eramatea eskertu die. «Oso garrantzitsua da umeei bere hizkuntzan gizartea anitza dela eta elkarrekin eta errespetuan bizi behar dugula irakastea», nabarmendu du.

‘Maitasunaren ostadarra’

Proiektua borobiltzeko, balore guztiak barnebiltzen dituen ‘Maitasunaren ostadarra’ bideoklipa grabatu zuten. Bertan, proiektuan parte hartu duten elkarte guztiak agertzen dira, eta kantaren zati bat Eneko Axpe ‘Maisha MC’ NASAko zientzialari eta musikariak abesten du Estatu Batuetako San Francisco hiritik.

Plazer handia izan da proiektu honetan parte hartzea. Ume guztiek behar dutelako barre egitea, ondo pasatzea eta disfrutatzea, inporta barik azalaren kolorea, nor gustuko duten edo zer gustuko duten. Ume baten irribarrea da munduko gauzarik politena», aipatu du Maishak.

«Gure lana irria, alaitasuna, kantua, dantza eta ondo pasatzea da. Eta horrekin batera baloreak eta koloreak zabaldu nahi ditugu, horregatik jarri dugu martxan proiektu hau», azaldu du Porrotx-ek. Halaber, argi utzi du proiektuak irekita jarraitzen duela beste balore batzuekin bideoklipak egiteko.

Orain arte egindako bideoklip guztiak 6balore6kolore.eus webgunean ikus daitezke.