«Muga Superliga 2an geneukala uste nuen, baina gorago begira dezakegu»
Sestao Boleibol Klubeko kapitaina da Nerea Ruiz (Sestao, 1997). Zortzi urte zituenetik dabil bertan, familiako zaletasunari jarraituz. Superliga 2 mailan hirugarren denboraldia bete ostean, hondartzako sasoia prestatzen dabil Oihane Gutierrezekin batera. 2019an Euskadiko txapelketa irabazi zuten.
«Hain estu egon da sailkapena, edozer gerta zitekeela», kontatu dio NAIZi Nerea Ruiz boleibol jokalariak, inoizko sasoirik onena bete berritan. Talde txikienetan ere badago zer nabarmendu, badago kontatzea merezi duen istoriorik. Zenbait kirolen itzalpean dauden horiek ere egiten dutelako lan. «Zortzi urte nituenetik nabil boleibolean», zehaztu du sestaoarrak, Sestao Boleibol Klubaren eskola berria sortu zenetik kiroldegian jo eta ke dabilenak: «Denbora asko kentzen du. Jendeak pentsa dezake Superliga 2n egotea zoragarria dela, baina izan ditugu bronkak eta niri bizitzako lezio bat eman dit». Egun, 24 urte ditu eta klubeko beteranoetako bat da (sei senior daude), Ziortza Tejedorrekin batera (26 urte), baina taldearen batez bestekoa oso baxua da, 22 urtekoa, alegia.
Maila profesionaltzat jo daitezkeen kategorietan lehiatzen den euskal talde bakarra da Sestaoko boleibol taldea. Superliga 2 mailan dago egun, 2018-2019 denboraldian igoera eskuratu ostean. Iaz nahiko justu aritu ziren maila mantentzeko borrokan. Covid-19aren pandemiak txapelketa erabat gelditu zuen eta, azkenean, ez ziren jokatu azken partidak. «Torrelavegaren aurkako neurketa justu bertan behera geratu zen eta hori galduz gero, zulora joango ginatekeen», gogoratu du Ruizek.
Aurten, baina, izugarrizko marka ezarri dute. Multzoko laugarren postuan geratu dira, hamaika taldetatik. Nahiz eta Ruizek nabarmentzen duen sailkapena nahiko parekatua egon dela, jaitsiera postuetatik hamar puntura bukatu dute sasoia. Iaz, jaitsierarik egon ez izanagatik, aurten bederatzi taldek galdu dute maila, multzo bakoitzetik hiru taldek eta, beraz, Sestaoko taldeak lortutako balentriak are garrantzi handiagoa duela dio kapitainak.
Mugarik gabe
«Duela hiru urte igo ginenean gure muga Superliga 2an zegoela uste nuen; hau da, jada egin genuela egin beharrekoa, baina behin hemen egonda, gorantz begiratzen jarraitu nahi dugu», esan du kapitainak. «Bloke on bat daukagula ikusten dut eta berriro beste igoera fase batean egon gaitezkeela ikustea motibazio bat da». Gorengo mailara –Superliga 1 edo Iberdrola ligara– jauzi egiteko igoera faseaz ari da, alegia. «Orain edo inoiz ez» delakoan dago sestaoarra, zenbait jokalariren aroa bukatzen ari dela sumatzen duelako. «Ni oraindik gaztea naiz, baina ikusten dut agian ba Ziortza batek laster utz dezakeela, edota beste batzuk zalantzan egon daitezkeela. Orduan, erabaki behar dugu orain topera joan eta igoera fasea helburutzat hartzea, ziklo baten amaiera gisa», azpimarratu du.
Sestao Boleibol Klubak bukatu du denboraldia eta, orain, ekainera arte entrenamenduekin jarraituko dute. Ruiz elkarrizketa ematen ari den bitartean taldekideak entrenatzen ari dira. Baloi hotsak eta oinetakoek pistan egiten duten zarata entzuten da. Zenbait gazte, 14 urte ingurukoak, talde seniorrarekin entrenatzen ari dira eta, Ruizen iritziz, hori ere motibazioa da harrobiarentzat, baita hobetzeko tresna bat ere.
Gure kasuan, agian inoiz ez gara liderrak izango, baina hor mantentzea, segida bat izatea, atzetik gazteak edukitzea ezinbestekoa da
Bera, Oihane Gutierrez taldekidearekin batera, hondartza denboraldia prestatzen hasita dago. Euskadiko txapeldunak dira eta, duela urte batzuk, 21 urtez azpiko Euskadiko selekzioarekin, hirugarren bukatu zuten denboraldia. Madison Zirkuituan lehiatzen dira eta aipatu du «aurten arraroa izango» dela, oraindik ez baitakite zein txapelketa antolatuko diren. Nolanahi ere, nabarmendu du hondartzako denboraldia gero eta indar handiagoa hartzen ari dela: «Izugarrizko maila dago, gero eta jende gehiago animatzen da. Batzuek jada erretiroa hartzen dutenean hasten dira hondartzan, lesio gutxiago izaten delako. Belauna, orkatila, eta abar minduta izan ohi dute goi mailan jokatu izan dutenek eta hondartza gozamena da. Hondarrak ez du min ematen».
Batzen duen jokalaria
Nerea Ruiz ez da iritsi goi mailan jokatzera, baina Sestaon boleibola jokatzen duen jokalari «mitikoenetako» bat da; halaxe onartzen du berak. Gainera, familiatik datorkio zaletasuna. Aita, Cesar Ruiz, klubeko presidentea da eta alabak 8 urte zituenean berriro martxan jarri zuen boleibol eskola, orduan jada desagertua zegoena. Duela 20-25 urte bere aita Antonio Trueba taldean aritutakoa da, baita entrenatzaile lanean aritua ere. Ama, Paki Blanco, taldeko entrenatzailea da. «Ez neukan beste aukerarik boleibolean izena eman baino», esan du txantxetan Nereak. Egun, taldeko kapitaina izateaz gain –denboraldi honetan zenbait aldiz jardunaldiko jokalari onena izendatu dute–, alebin taldea ere entrenatzen du.
Azken urteetan taldean joan- etorriak izan dira, edozein taldetan gertatzen den bezala. Batzuk joan eta beste batzuk etortzen dira. «Hasi ginen talde hartatik oso gutxi geratzen gara», kontatu du. Horregatik, dauka sentsazioa taldeko jokalariak «batzen» dituen mugarri bat bezalakoa dela. «Hondartza-boleibolean jokatzen duten zenbait jokalari ezagutzen ditut eta horietariko batzuk ere taldera etorri izan dira», oroitu du.
Dena dela, lehen taldean gertatzen diren joan-etorriez harago, kluba harrobian egiten ari den lana baloratu du. «Urte asko daramatzat jokatzen eta ikusi ditut taldeak, esaterako, Galdakao edo Getxo, zeintzuetan 6-7 jokalariko bloke ona eduki izan duten sasoi batzuetan; horiek taldea lagatzean, baina, izugarrizko jaitsiera jasan izan dute. Gure kasuan, agian inoiz ez gara liderrak izango, baina hor mantentzea, segida bat izatea, atzetik gazteak edukitzea ezinbestekoa da».
Nabaritzen da ahalegin ekonomiko bat egiten denean, babesa ematen dutenean, fruituak lortzen direla. Guk gutxirekin asko egin dezakegu
Hiru denboraldiz jarraian maila mantentzea lortu dute eta oraindik ere atzo balitz bezala gogoratzen du 2018ko igoera fasea. Irrika sumatzen zaio kontatzen duen bitartean; momentu batez Socuellamosera eraman gaituzte bere hitzek: «Socuellamosek antolatu behar zuen igoera fasea, suposatzen zen bera izango zela faboritoa, talde indartsua osatu zuen. Guztiek uste zuten gu eta beraiek finalean elkar ikusiko genuela eta bi talde igotzen zirenez, bada finalera iritsita jada igoera eskuratu genezakeen. Azkenean, baina, finalerdietan lehiatu ginen. Finalerdia finala baino biziago eta interesgarriagoa izan zen, igotzeko txartel bat baitzegoen jokoan. Harmailak bero-bero zeuden eta azkenean guk irabazi genuen».
Superliga 2 mailan egonkortu direlakoan dago sestaoarra. Naturaltasuna dario berez maila profesionaltzat jotzen den ligari buruz hitz egitean. «Profesionala edo erdi profesionala da, baina ez dugu kobratzen». Hurrengo urtera begira Espainiako Federazioak talde bakoitzean hiru kontratu profesional izatera derrigortu nahi duela kontatu du; «baina ez dakit gu nola ibiliko garen».
Ruizek onartzen du azken urteetan igarri dutela babesa instituzioen aldetik. Estatu espainiarreko bigarren mailan egoteagatik Bizkaialde Fundazioak diru-ekarpena egiten du «eta aurten Sestaoko Udalak ere asko lagundu digu. Nabaritzen da ahalegin ekonomiko bat egiten denean, babesa ematen dutenean, fruituak lortzen direla. Guk gutxirekin asko egin dezakegu». Kapitainak ez du ahazten zaleen berotasuna ere. Urteak pasatu ahala jende gehiago animatu izan dela adierazi du; «lastima izan da aurten beraiek gabe jokatzea, ze egon dira zenbait neurketa oso interesgarri».