Peña eta Albisu dira Binakako Txapelketaren bigarren finalistak (14-22)
Bi gipuzkoarrek 14-22 menderatu dituzte Altuna III.a eta Mariezkurrena Bilbon eta ongi merezita lortu dute finalerako txartela. Ataungo atzelaria nabarmen nagusitu da piloteoan eta Jokin Altuna jokoz kanpo utzi dute urdinek.
Peña II.a eta Albisu izango dira Elezkano II.a eta Zabaletaren aurkariak datorren igandean jokatuko den Binakako Txapelketaren finalean. Bi gipuzkoarrek 14-22 menderatu dituzte Altuna III.a eta Mariezkurrena Bilboko Bizkaia pilotalekuan eta ongi merezita lortu dute finalerako bigarren txartela.
Peña eta Albisu oso argi nagusitu dira piloteoan, inork espero baino askoz nabarmenago, eta finalerdietako partida erabakigarria oso azkar hautsi dute. 2-2ko berdinketaren ondoren konturatzerako 5-12 aurretik iritsi dira lehen atsedenaldi luzera, 153 pilotakada bakarrik jota eta 20 minutu eskasean. Eta amaieran gorriek markagailua apur bat itxuratu duten arren, azken 14-22koak, 376 pilotakada bakarrik jota, argi erakusten du urdinek arazorik gabe lortu dutela garaipena.
Sakez falta bat hasteko
Lehen sakea urdinei egokitu zaie, baina Jon Ander Peñak saketik falta eginez eman dio hasiera norgehiagokari. Ez da izan horren partida garrantzitsua hasteko modu onena, eta pentsatzekoa zen Binakakoa lehen aldiz jokatzen ari den aurrelari gaztea urduri jar zitekeela jokaldi horren ostean.
Baina ez da horrela izan, ez horixe. Txapelketa osoan erakutsi duen seriotasun eta patxada berdinarekin jokatu du igande honetan ere tolosarrak eta berak egindako hiru tantori esker aurreratu dira gipuzkoarrak lehen aldiz markagailuan: 1-1koa atzean egin du Peñak, 2-2koa gantxo eder batekin eta 2-3koa zabalera azti jotako pilotakada batekin.
Parekotasunak apur bat gehixeago iraun du, gorriek 4-4 berdintzea lortu dutelako, tartean Altunak txokoan bi tanto eder sinatuz. Baina ordurako ikusten zen atzean Jon Ander Albisu erabat nagusitzen ari zela eta Mariezkurrena ikaragarri sufritzen, oso atzetik jokatzen uneoro.
Albisu jaun eta jabe
Peña eta Albisuk esana zuten material aukeraketan saskian material biziagoa aurkitu izana eskertuko zuketeela, baina gaur pilotaren bat nahiko bizia zela ikusi da eta horrekin min handia egin du Ataungo atzelariak. Pilota asko baztertu ditu errebote inguruan, errebote argiren bat ere jo du (5-10ekoa), eta Jokin Altunari ez dio inolako aukerarik eman jokoan sartzeko.
Mariezkurrenak ere ez du bere egunik onena izan, aukerako erresto eta pilota batzuk galduz, eta elementu horiek guztiak batuta markagailuan 5-14 aurreratu dira urdinak, neurketa oso azkar, azkarregi, hautsiz.
Hortik aurrerakoak ez du historia handirik izan. Egia da Jokin Altuna saiatu dela jokoa aurrean nahasten, eta tanto batzuk sartzea lortu du. Egia esateko, jokatu duen baldintzak ikusita jokoan sei tanto egiteak badu meritua, baina agian atzelariari apur bat gehiago laguntzea falta izan zaio amezketarrari.
Azkenean emaitza 14-22koa izan da eta neurketa amaieran Peñak eta Albisuk elkarri eman dioten besarkadak argi erakutsi du finalean sartzea lorpen bikaina dela hasieran faboritoen artean sartzen ez ziren Baikoko pilotarientzat.
Pozez zoratzen
«Egia da Jonek ez duela bere eguna izan, baina guk partida ona egin dugu, eroso jokatu dugu, serio. Peñak ere hasiera oso ona eman dio partidari, nahiz eta amaiera bizpahiru huts egin dituen», aztertu du Jon Ander Albisuk partidaren ostean.
Zortzi urteren ostean bere bigarren finala jokatuko du ataundarrak. «Atzelariok txapelketa honen zain egoten gara eta helburua maila ona ematea izaten da, badakizulako ongi jokatuz gero goian ibiltzeko aukera izango duzula. Aurten finalean sartzea lortu dut eta oso pozik horregatik, ea txapela irabazteko aukera dugun», gaineratu du.
Jon Ander Peña, bere aldetik, erabat hunkituta azaldu da, bere lehen Binakakoan finalera heltzea ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula. «Oraindik “shock” egoeran nago, ez dut sinisten finalean gaudenik», onartu du. «Txapelketa handia egin dugu eta merezita heldu garela uste dut. Batez ere Albisuk merezi duela iruditzen zait, erakutsi duen mailarengatik eta beste hainbat gauzagatik ere bai: pilotarien greban aurpegia eman zuelako eta jokatu zuen finalean ez zuelako zorterik izan –Berasaluze bere aurrelariak min hartu eta bertan behera gelditu zen–».