INFO

«Publierreportaje» faltsua batekin sareak astindu eta laguntza bila abiatu da ‘Directa’

Astelehen honetako lehen orduan, ‘Directa’ astekari katalanak zenbaki berriaren azala argitaratu du «Mercadonaren apustu sozialari» buruzko «publirreportaje» batekin. Faltsua zen, joku adierazgarri bat... eta Prentsa Askatasunaren Nazioarteko Egunean finantziazio-kanpainaren abiapuntu.

«Kazetaritza ez baduzu egiten, egiten dizute» leloarekin abiatu du ‘Directa’k finantziazio-kanpaina. (DIRECTA)

Herrialde Katalanetako ‘Directa’ astekariak Prentsa Askatasunaren Nazioarteko Eguna baliatu du finantziazio-kanpaina berri bati ekiteko eta harpidedun berriak lortzeko. Baina era irudimentsua egin du, gainera: hedabideak portada faltsu bat zabaldu du, Mercadona supermerkatu-katearen publirreportajea zirudiena. Ordu batzuk geroago argitu du dena.

Hauxe da gertatutakoa: Astelehen honetako lehen orduan, ‘Directa’k zur eta lur utzi ditu irakurleak Twitter-en (batzuk haserre ere bai), «Mercadonaren apustu soziala» zioen tuit batekin. Testuan, honako hau nabarmendu du: «Supermerkatuen erraldoi valentziarra, ingurumena kudeatzeko sistema aldatzeko prozesuan murgildua» eta «inpaktuak murriztera zentratuta». Estekak harpidedunentzat soilik eskuragarri zegoen artikulu batera zuzentzen zuen.

Egun osoan zehar, ‘Directa’ren kontutik #MercadonaAFons (Mercadona sakonki) traolarekin hainbat txio argitaratu dituzte, eta bertan aipatu dira Mercadonaren «dohaintza solidarioak», «ingurumen-iraunkortasunerako bira» edo «giza baliabideen politika, Lanaren Nazioarteko Erakundeak onartua».

Jada arratsaldean, Twitter-eko kontuaren bidez, hedabideak aldizkariaren 523. zenbakiaren «benetako azala» iragarri du, eta «Mercadonaren beste bat, hamar denda gutxiago» irakur zitekeen horretan. Une horretatik aurrera, estekek «Independentzia editoriala: irakurtzen gaituenak finantzatzen gaitu» izeneko komunikatura jo dute.

«Directak 523. zenbakiaren portada faltsu bat plazaratu du, komunikabide asko Mercadona bezalako supermerkatu-kate handien isilpeko publizitatea diren informazioez hornitzen direla agerian uzteko. Argitalpenaren irekiera benetako erreportajearekin batera, botoi bat jarri dugu martxan irakurleek dohaintzak egin ditzaten, botere ekonomiko handiekin zerikusirik ez duen argitalpen-ildo fiskalizatzaile bati eusten laguntzeko», irakur daiteke komunikatuan.

Kazetaritza kritikoa

Kanpainak oharkabean harrapatu ditu irakurle asko, ez baitzuten ulertzen nola Mercadonari buruzko erreportaje bat argitaratu zezakeen kazetaritza kritikoagatik eta ikerketagatik ezaguna zen aldizkari batek. Politikariek eta kazetariek parte hartu dute Inuzente Egunekoa zirudien tranpan, hala nola David Fernàndez bera, CUPeko diputatu ohia eta Directa-ren kazetari ohia.

Lehen ordutik erabiltzaile askok ohartarazi dute Prentsa Askatasunaren Nazioarteko Eguna zela, baina beste batzuek ez dute gezurra sumatu hedabideak berak argitu arte. Oihartzun handia behintzat lortu du ekimenak. Hurrengo egun eta asteotan ikusiko da emankorra izan den.