INFO

SNP, makulu berdea eta euli deserosoa

Eskozian alderdi independentistek bihar gehiengoa eskuratuko dutela ez du ia inork zalantzan jartzen. SNP, Berdeak eta Albaren indarren oreka, ordea, izan daiteke etorkizuneko Eskoziaren gakoa.

Asteburuan Eskozia guztian zehar mobilizazioak egin zituzten independentistek. (@YesBerwickshire)

Iragarpen eta inkestaz josita datoz eskoziar hauteskundeak. Zenbaki festa bat. Batean batzuen gorakada, besteen lur jotzea eta, hurrengoan, kontrakoa. Baina denak bat datoz bi puntutan: SNPk garaipen argi bat lortuko du eta alderdi independentistek gehiengoa osatuko dute, berriz ere, Edinburgoko Parlamentuan.

Bi hauek zein tamainakoak diren, ordea, da zita honen gakoa. Azken bost urteetan SNPk gehiengorik gabe gobernatu du, Alderdi Berdearen makuluarekin. Eta ez da makulu makala izan, Brexita eta koronabirusaren garaian.

Horrelako kirisi batean aurreikusi litekeenaren aurka, urte hauek Nicola Sturgeonen irudia sendotzeko balio izan dute. Eskoziako mendebaldeko Irvine hiri industrialean jaio zen SNPren burua duela 50 urte, langile familia batean. Margaret Tatcherren oposizioan hazi eta soilik 16 zituela sartu zen Eskoziako Alderdi Nazionalean, gazteentzako koordinatzailearen laguntzaile gisa. 34 urte daramatza, beraz, proiektuan eta 1999an, Eskoziak izan zuen lehen Parlamentuan, dagoeneko eskuratu zuen bere eserlekua Holyrooden.

Alex Salmonden agintearen alboan hazi zen, honek «anbizio, talentu eta ausardiadun mirari» bezala definitzeraino. Eta 2014an bere oinordeko bihurtu zen alderdiaren eta nazioaren gobernu buru bezala. Orduko independentzia erreferendumaren ondotik hartu zuen aginte makila eta ez ditu garai errezak topatu, Brexita eta koronabirusak sortutako krisia buru.

Hala ere, hau guztia bere alde jartzen asmatu du Sturgeonek azken hilabeteotan eta Estatu-lider baten gisara agertu da hauteskunde kanpaina guztian zehar. Herritarren artean irudi onena duen politikaria da eta krisian egin duen eta egiten ari den kudeaketak ideia hori indartu egin du.

Honela, badirudi independentismoaren aldera inoiz baino herritar gehiago gerturatu direla. Eta baita SNPren magalera ere. Inkesten arabera gehiengo osoa lortzeko behar diren 65 parlamentariak eskuratu ditzake. Eta lortzen ez baditu, oso gertu geratu. Bere irudiaz gain, Brexitak ere pisu nabarmena du hemen. Izan ere, badirudi Sturgeonen alderdia indartu egingo dela orain arte zailak egiten zitzaizkion hainbat plazetan: herri arrantzaleetan, nekazal guneetan eta baita Europar Batasuneko herritar ugari biltzen dituen Edinburgo bezalako hiri batean, non 2016an Kontserbadoreek barrutietako bat kendu zioten.

Alderdi Berdeak makulu hori izaten jarraitu nahi du. Eta aurreikuspen guztien arabera inoizko emaitzarik onenak lortzeko bidean da, 10 parlamentari inguru pilatzeraino. Klima aldaketaren inguruko herri mugimendu ugari sortu dira azken urteetan Eskozian eta hauek berdeen inguruan bildu daitezke, nagusiki. Gainera, 16 eta 17 urteko gazteek lehen aldiz izango dute hauteskunde batzuetan bozkatzeko aukera. Nabarmena da adin tarte horretan independentziaren aldeko alderdiei emango zaien babesa, eta hor ere batuko ditu indarrak alderdiak. 

Duda gehiago daude Alex Salmonden alderdi berriaren inguruan. Batzuek proiektua bidean geratuko dela diote. Hau da, ez duela Holyrooden eserlekurik eskuratuko. Besteek, 8 lor ditzakeela. SNP eta berdeen artean sintonia bikaina dagoen bitartean, ezin da gauza bera esan eskoziar lehen ministro ohiaren alderdiarekin. Albak aurpegi atsegina aurkeztu nahi izan du kanpainan. Soilik eskualdeetako zerrendetan, non alderdi zerrenda bat bozkatzen den aurkeztuko da Salmonden alderdia, eta ez barrutietarako, non hautagai jakin bati ematen zaion babesa, eta ez alderdi zehatz bati. Azken honetan, SNPko hautagaientzako botoa eskatu du.

Independentismoan arrakala

Eskoziako Alderdi Nazionalak, baina, ezer gutxi jakin nahi du Salmondekin. Sexu abusuen aferaren ondotik (13 salaketa jaso zituen, nahiz-eta bi artxibatu eta gainontzekoetatik absolbitu egin zuten), irudi txarrena duen politikaria da. Salmondekin ez dago erdibiderik. Jarraitzaile sutsuak ditu eta gorroto handiak pizten ditu, bai independentismoaren baitan, baita, noski, unionismoaren baitan. Baina lehen ministro ohiak badaki hurrengo legealdian paper erabakigarria joka dezakeela.

SNP, orokorrean, independentzia erreferenduma Londresekin adostearen aldekoa da. Hau da Sturgeonek nahi duen bidea. Eta Berdeek ere, nahiz-eta ez dituzten beste bide batzuk guztiz baztertzen, hau hobesten dute eta SNPko liderraren estrategiarekin bat datoz. Hor kritikak sortu dira, lehen Theresa Mayrekin eta orain Boris Johnsonekin horma bat topatu eta Sturgeoni hitz asko eta ekintza gutxi egitea leporatzen diotenak. Arrakala bat independentismoaren baitan.

Eta arrakala hori probestu nahi du Salmondek. Inork zalantzan jartzen ez duen gehiengo independentista hori gauzatzekotan, lehen egunetik erreferenduma prestatzeko lanak abiatzea izan da kanpainan erabili duen mezu nagusia, SNPk lehenbizi pandemia gainditzea aurreikusten duen bitartean. Albak Parlamentuan sartzea lortuko balu, beraz, oposiziotik erreferenduma bultzatzea du jomuga eta horrek SNP egoera zailean utzi lezake.

Indar oreka horrek markatuko ditu eskoziar prozesu independentistaren hurrengo pausoak. Nicola Sturgeonek aginte makila mantendu bai, baina makuluaren eta euliaren pisuak izan litezke, beraz, gakoa.