INFO

16 urteko palestinar bat tiroz hil du Israelgo Armadak Nablus hiritik gertu

Saïd Youssef Muhammad Oudeh 16 urteko palestinarra asteazken gauean hil zen Nabluseko ospitale batean, Zisjordania okupatuan. Ondoko herri batean «ohiko operazio» bat egiten ari zela egin zioten tiro Israelgo indarrek. 

Ekialdeko Jerusalemen protestan ari zen palestinar bat, Israelgo indarrek atxilotuta. (Ahmad GHARABLI/AFP)

Palestinako Agintaritzako Osasun Ministerioak ohar baten bidez jakitera eman duenez, nerabea Nabluseko ospitale batean hil zen «bala zauri kritikoen ondorioz».

Iturri horren arabera, Saïd Youssef Muhammad Oudeh Israelgo Armadaren tiroek zauritu zuten Nablus inguruko herrixka batean, Odla izenekoa.

Berria agentzia desberdinek galdetuta, Israelgo armadak argudiatu du «ohiko operazioa» egiten ari ziren soldaduei molotov koktelak jaurti zizkieten hainbat pertsonaren aurka tiro egin zutela.

Tentsioa nabarmen areagotu egin da azken egunotan Zisjordania okupatuan. Joan den igandean, Israelgo tropek emakume palestinar bat hil zuten, ustez militar talde batengana laban batekin hurbildu eta gero.

Egun horretan bertan, hiru israeldar zauritu ziren arma batekin egindako eraso batean, Ariel kolonia judutik gertu, Nablus hegoaldean.

Asteazken honetan, eraso horretan larri zauritutako gazte israeldarretako bat, Yehuda Guetta, 19 urtekoa, ospitale batean zendu da.

Erasotzaileak auto batetik egin zuen tiro, ihes egin zuen eta Israelgo Armada bilaketa lanetan hasi zen. Azkenean, segurtasun indarrek ustezko erasotzailea atxilotu dute. Muntasir Shalabi izenez identifikatu dute. 44 urteko enpresaburua da eta, komunikabide palestinarrek adierazi dutenez, AEBetako nazionalitatea ere badauka.