INFO

Hauteskunde eguna abian, Eskozia, Gales eta Ingalaterran

Eskozia eta Galeseko parlamentuetarako hauteskundeez gain, Ingalaterrako 143 udal eta 13 alkate aukeratuko dira gaurko egunean. Emaitzak bihar argitaratzen hasi arren, litekeena da larunbatean zehaztea.

Sadiq Khan, Londreseko udal hauteskundeetan faborito. (Justin TALLIS / AFP)

Udal eta Parlamenturako hauteskundeak dituzte gaur Ingalaterran, Eskozian eta Galesen. Hauteslekuak Euskal Herriko 08:00etan ireki dituzte, eta 23:00ak arte egongo da botoa emateko aukera.

48 milioi herritarrek dute botoa emateko eskubidea hauteskunde hauetan, eta Boris Johnson lehen ministroaren Alderdi Kontserbadoreak Ingalaterran duen nagusitasuna sendotzea espero du, Keir Starmerren Alderdi Laboristaren kaltetan, Erresuma Batuko hiriburua atxiki nahi baitu. Izan ere, Ingalaterran aukeratu behar diren 143 udal eta 13 alkateen artean Londresekoa dago, non Sadiq Khan laborista den faborito.

Bestetik, Eskozian, Nicola Sturgeonen Eskoziako Alderdi Nazionalak (SNP) gehiengoa berrestea espero du, independentziari buruzko beste erreferendum bat deitzeko promesarekin. Gehiengo osorako behar dituen 65 parlamentari horiek lortzetik gertu egonen dela aurreikusten dute inkestek. Dena den, Alderdi Berdearen makuluarekin independentismoak gehiengoa lortuko duela ez du ia inork zalantzan jartzen.

Gales izan liteke lurralde tentsioen beste gunea. Mark Drakeford laboristak Senedd Cymruko (Galesko Parlamentua) gehiengoa berretsiko duen arren, inkesta guztien arabera Plaid Cymru alderdi independentistak ere oinarria zabaltzea espero da. Independentismoaren gorakada hori eten nahian, laboristek Londresi botere gehiago eskatuko diotela zin egin dute.

Bai Eskozian, bai Galesen, lehen aldiz hauteskunde batzuetan, 16 eta 17 urteko gazteek botoa eman ahalko dute eta adin tarte horretan alderdi independentistekiko babesa handiagoa da.

Hauteskunde hauetako emaitzak ostiraletik astelehenera bitartean ezagutzea espero da, baina litekeena da larunbatean dagoeneko jakitea Ingalaterra, Londres eta Eskoziaren zati handi baten zer bozkatu duen.

Komunen Ganberako eserleku bat

Gaur Komunen Ganberako eserleku bat ere badago jokoan. Ingalaterrako Hartlepool barrutikoa, hain zuzen ere. Aurreko diputatu laboristak sexu-jazarpen akusazioen ostean dimisioa eman zuen-eta.

Kontserbadoreek Hartlepool bereganatuko balute, orain arte «harresi gorria» deiturikoa konkistatzeko beste urrats bat bezala interpretatuko litzateke. Hau da, Ingalaterrako iparraldeko eta erdialdeko antzinako feudo laboristak bereganatzen jarraituko luke, neurri handi batean, Brexitari emandako babesagatik torien aldera mugitu direnak azken urteetan.