INFO

30 ikastoletan hitzorduak proposatuko dituzte igandean Herri Urrats kari

Osasun krisiak hala agindurik bigarren urtez Senpereko aintzirak ez ditu euskazaleak jasoko Herri Urrats kari. Hala ere, 30 ikastoletan hitzorduak antolatu dituzte iganderako. ‘Boga’ goiburu duen kanpainan eskuratutako dirua Seaskaren bosgarren kolegioa eraikitzeko erabiliko da.

Senpereko aintziran elkartzeko aukera ez bada ere 30 ikastoletan egitarau oparoa prestatu dute. (Bob EDME)

Osasun neurriek bigarren urtez jarraian Senpereko lakuaren inguruan 1984. urtetik egiten den Herri Urrats besta antolatzea eragotzi dute, baina Ipar Euskal Herriko ikastolen jaia antolatzen duen elkarteak aurtengo edizioa formatu berritzaile batean gauzatuko du.

Hortaz, 50.000 pertsona inguru biltzen dituen ohiko jende biltze erraldoiaren ordez, maiatzaren 9an «30 Herri Urrats ttipi» ospatzeko parioa egin dute Herri Urratsen sustatzaileek.

‘Boga’ goiburu duen kanpainan eskuratutako dirua Seaskaren bosgarren kolegioa eraikitzeko erabiliko da. Irailetik aurrera ikastola berri batek ateak irekiko ditu, bestalde, Xarnegu eskualdean.

Ipar Euskal Herriko 38. ikastola izango da, eta bertako zuzendari Stephanie Chabayk azaldu duenez «momentuz hiru urteko haurren lau familia dira, lauak Bardozekoak, eta emeki-emeki handituko den ikastola da».

Apirilaren 9an sare sozialen eta hedabideen bidez argitara atera ziren ‘Baga Biga Boga’ abestia eta aurtengo Herri Urratsen bideoklipa.

Abestia eta hitzak Xiberoots musika taldeak egin ditu, baina Delirium Tremens taldeko Andoni Basterretxea abeslariak ere parte hartu du. Izan ere, 90eko hamarkadan arrakasta handia izan zuen Mutrikuko taldeak argitaratu zuen ‘Boga Boga’ kantak.

Abestiaz gain, Bernat Etxepare Lizeoko ikasleek ‘Boga dantza!’ deitu duten koreografia asmatu dute. Bada, antolatzaileek dantza hori grabatu eta partekatzeko deia luzatu zuten apirilean 14an Kanbon eginiko aurkezpenean, «bakoitzak nahi duen tokian, plazan, ikastolen aitzinean, etxean edo mendi tontorrean».

Tokian tokiko programa aberatsa

Ipar Euskal Herrian gaindi dauden 30 ikastolen bidez egingo da aurtengo Herri Urrats. Janari eta jantzi salmentaz gain, ibilaldiak ere proposatuko dituzte Seaskako ikastolek.

Talo salmenta, piknika salmentak, euskal hot dog, bizkotxak, burger salmenta, sagarnoa, sagar jusa, paella, bakailaoa…. Hautu anitza proposatuko dute Ipar Euskal Herriko hainbat ikastolek Herri Urrats berezi batetaz gozatu ahal izateko. Kasu askotan gurasoek baina baita hainbat jatetxek ere platerak proposatuko dituzte eguerdi eta arratsaldean.

Janari salmentaz gain, Herri Urratseko jantziak ere salduko dituzte. Halaber, ibilaldiak ere antolatuko dira, adibidez, Lekorneko ikastolak Ursuia mendira ateraldia antolatu du, Hazparneko ikastolarekin batera.

Ikastola bakoitzak antolatu duen egitarau zehatza Herri Urrats elkartearen Facebook orrian ikus daiteke.

Euskal Herriko txoko guztietatik heldutako herritarrek parte hartu ezingo dutenez, ekimenaren aldeko keinua egiteko deia luzatu dute Ipar Euskal Herriko ikastolen bestaren antolatzaileek.

Horretarako, igandean bertan Herri Urratsen alde topa egiteaz gain, kantu, ateraldi edo dantzak antolatzeko gonbidapena luzatu dute.

'Molac legearen" testuinguruan

Urtean zehar hizkuntza politikan izan diren auziei buruzko gogoeta egiteko parada eskaintzen du usu Herri Urratsek. «Aurten dudarik gabe, Pariseko Asanblea Nazionalak Gobernuaren iritziaren kontra onartu duen hizkuntzen legea dugu aipagai», nabarmendu du 30 Herri Urrats tipien atarian Peio Jorajuriak.

Seaskako lehendakariaren iritziz, «urte luzez egindako lan kolektiboaren emaitza izan da», baita «euskarazko eskaintza eskola publiko guztietara hedatzeko eta murgiltze eredua legeztatzeko urrats izugarria» ere.

Ordea, oraindik egiteko asko dagoela ohartarazi zuen Jorajuriak: «Baditugu bi arrangura nagusi Seaskan: batetik, brebeta eta baxoa euskaraz pasa ahal izatea ikasleek, eta, bestetik, egoitza publikoen finantzaketari dagokiona, bere hastapenetik ikastolentzat oztopo izan dena».

Euskararen hezkuntzari buruzko auziak aipatzeko aukera izanen dute igandean, Senpereko aintziran ordez herriko Larreko gelan bilduko diren ordezkariek.

Eguerdian agerraldia eginen dute Emilie Neguelouak eta Beñat Bidegainek Herri Urrats antolatzen duen elkartearen izenean, Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak, Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakariak, Dominique Idiart Senpereko auzapezak, Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoaren presidenteak, Antton Curutcharry, Euskararen Erakunde Publikoaren arduradunak eta bertze hainbat hautetsik.