Kaleratzeak baliogabetzen dituen epaia onartzeko eskatu diote ITPko zuzendaritzari
Kaleratutako 90 langileak berriro hartzera behartzen dituen EAEko Auzitegi Nagusiaren sententzia osorik betetzeko eta iragarritako errekurtsoan atzera egiteko eskatu diote ITP Aero Castingseko langileek zuzendaritzari. Barakaldo eta Sestaoko lantegiko buruen dimisioa ere eskatu dute.
Kaleratutako 90 langileak berriro hartzera behartzen dituen EAEko Auzitegi Nagusiaren sententziaren inguruko balorazioa egin dute gaur ITP Aero Castingseko langileek Barakaldoko lantegian.
Epaiak enpresa batzordeak hasieratik defendatu dituen tesiak berresten dituela nabarmendu dute langileen ordezkariek. Izan ere, enplegu erregulazioko espedientea eta horrek zekartzan kaleratzeak justifikatzeko arrazoi ekonomikorik eta produktiborik ere ez dagoela dio epaileak.
«Covid-19ak eragindako krisiaz baliatzen saiatu da enpresa, soldaten masa arintzeko eta Rolls Roycek ITP taldea saltzeko prozesua errazteko», azpimarratu dute batzordeko ordezkariek.
Langileek kaleratze kolektiboari buruz emandako epaia betetzeko eta iragarritako errekurtsoan atzera egiteko eskatu diote zuzendaritzari. Izan ere, enpresa batzordeak atzo salatu zuenez, zuzendaritzak ez du kaleratutako langileak berrartzeko asmorik «lan kargarik ez» dagoela argudiatuz. Hori zuzendaritzaren «mendekuzko» ekintza bat dela nabarmendu dute eta epaia osorik betetzeko eskura dituzten tresna guztiekin jardungo dutela argi utzi dute.
ITP Aeroko Castingseko langileek kaleratze-gutunak erre dituzte, EAEko Auzitegi Nagusiak ERTEa eta kaleratzeak baliogabetzeko erabakia hartu ostean.
— Asier Robles (@asierrobles) May 6, 2021
➕ Gero informazio gehiago @naiz_info|n pic.twitter.com/9uVSTm3Uz2
Gainera, Iratxe Las Hayas Barakaldo eta Sestaoko lantokien zuzendariaren eta bere taldearen dimisioa eskatu dute langileek: «Ekoizpen-erantzukizun ezak, epai judizialak eta langile guztiei eragindako kalteak abalik gabe uzten dute zuzendaritza».
Bestalde, ITPko langile eta ordezkari sindikala den Zigor Azpiolearen aurka lanpostuak defendatzeko protesten testuinguruan irekitako prozesu penala ezeztatzea eskatu du batzordeak.
Lakuako Gobernuak ITPko lanpostuen defentsan ez duela ezer egin salatu dute langileek. «Eusko Jaurlaritzatik laguntza publikoak jasotzen dituen talde bati (6,8 milioi euro 2016 eta 2020 artean) kaleratzeak nahi bezala egiten utziko diozu?» galdetu diote Arantza Tapia Ekonomia sailburuari. Tapiari bilera bat eskatuko diotela iragarri dute.
Elkartasunaren garrantzia
Langileek borrokan elkartasunak duen garrantzia nabarmendu dute, eta eskerrak eman dizkiete Tubacex, Aernnova, Alestis eta Petronorreko langileei, pentsiodunei, gazteei, mugimendu feministari, haien alde egon diren alderdi politikoei, eta bereziki ezkerraldeko jendeari.