«Aurrera ere begiratu behar da»
Finalaren atarian, Aspeko Jokin Etxaniz eta Baikoko Gorostiza bat etorri dira Zabaleta eta Albisuren artean atzean dominatzen duenak txapelaren zati handi bat ziurtatuta duela, baina Elezkano eta Peñaren maila bikaina ere goraipatu dute.
«Badakit azken asteetan protagonismo guztia atzelariak hartzen ari direla, baina aurrelarien lana ere aipatu behar da. Nik uste dut Peña, eta ez bakarrik bere lehen urtea delako, horrek badu garrantzia, baina hortik harago, sekulako mailan ari da. Eta Danel berdin, tantoak amaitzen, defendatzea tokatzen denean defendatzen... betiko Danel ikusten ari naiz. Nik uste lau pilotariak ere oso momentu onean heltzen direla eta finala partida gogorra izango da». Jokin Etxaniz Aspeko kirol zuzendariaren hitzak dira, bere bi pilotariekin finala prestatzeko azken saioa egin aurretik esanak.
Lehen mailako azken hamar txapelak Eibarko enpresako pilotariek irabazi dituzte –Oinatz Bengoetxearen 2017ko Buruz Burukoa da orduan Asegarce zenaren azken txapela– eta Jose Angel Balanza, Gorostiza, Baikoko teknikariak badu bolada horri bihar amaiera ipintzeko esperantzarik, nahiz eta partida oso zaila dutela jakin. Onartzen du Peña-Albisu bikotea ez zela agian euren lehen aukera borroka horretan aritzeko, «baina bikoteak jartzen direnean zerbaitegatik jartzen dira. Bagenuen Peñak, bere lehen urtean, nola erantzun zezakeenaren inguruko zalantza, baina Albisurekin izan duen konexioa oso ona da. Aspalditik entrenatzen dira elkarrekin, inguruan bizi dira eta horrek joko asko hartzera eraman ditu. Gainera, nik uste Jon Ander Albisuk lider papera jokatu duela beste urte batzuetan baino gehiago eta bikote oso ona egin dute».
Ausardiarekin
Bere lehen finala izaki, izan daiteke zalantzarik Jon Ander Peñak halako partida batean nola erantzun dezakeen, baina Gorostizak argi dauka ez daukala kikiltzerik, irabazi nahi badu. «Nik oso argi esan nion, honaino ekarri zaituena egin duzun jokoa izan da; zergatik aldatuko duzu orain? Niretzat orain arteko ausardiarekin jokatu behar du; are gehiago, Zabaletari partida bat irabaztea ezinezkoa denean. Hura uneren batean dominatu ahal izango duzu, baina errematerako aukera duenean errematatu beharko du. Eta uste dut Elezkano ere antzera ibiliko dela».
Final honen atarikoa egitean, ordea, derrigorrean begiratu behar zaie atzeko koadroei. «Pilotaren historian, nik ezagutzen dudanean behintzat, hala izan da beti. Egia da Irujo eta Aimarren garaian salbuespenak izan zitezkeela; haiek partidak aurretik alda zitzaketen, normalean txaloak aurrelariek eramaten dituzte, baina lana eta jarraikortasuna atzelariena izaten da», gaineratu du aurrelari izandako errioxarrak.
Etxaniz ere ados dago bi atzelarien artean aurkaria dominatzeko gai denak asko izango duela aurreratua. «Biak dira oso jotzaileak, baina desberdinak. Egia da Albisu sekula baino gehiago ari dela pilota errebotean sartzen, asko luzatzen; ia pilota denak gozatzen ditu eta bere kontra badakizu aurrean ez duzula pilota askorik hartuko. Pazientzia izan behar dugu. Baina Josek –Zabaletak– beste txispa bat du. Egia izan daiteke agian kostatzen zaiola batzuetan pilota errebotera sartzea, baina bere pilotakadak zortzira edo bederatzira, datozen abiaduran... beste erritmo bat dauka eta ezetz eman badezake ere, horrek asko desgastatzen du aurkaria», azaldu du.
Baikoko arduraduna ere bat dator batari zein besteari gabeziak aurkitzea zaila dagoela. «Zabaletak beste abiadura bat ematen dio frontis erdian jota, Albisuk gehiago loratzen du, arinagoa izan daiteke, bolea gehiago du... biak dira bikainak».