INFO

Ura, ardo; karbono dioxidoa, oxigeno

Moxie esperimentuaren bidez, Marten bi hilabete daramazkien Perseverance jeepak oxigenoa ekoiztea lortu du, lehengai bezala planeta gorriko karbono dioxidoa erabiliz. Noizbait gizakia bertara bidali eta bueltan ekartzeko mugarria.

Perseverance jeepak Marten ateratako argazkia. (NASA/JPL-Caltech)

Joseph Black Bordelen jaio, eta bizitza Glasgow eta Edinburgo artean eman zuen mediku eta zientzialaria izan zen. Ordenatua, metodikoa, zorrotza. 1799an hil zen eserita zegoela, belaunean pausatuta zeukan esne katilutik tanta bakar bat ere isuri gabe, gerora Lord Cockbumek esan zuenez. 1750. urtean, Blackek kareharriari tenperatura altua aplikatu zion, eta airea baino lodiagoa zen gas bat ateratzen zela atzeman zuen. «Aire finkoa» deitu zuen, eta arnasteko ez zuela balio teorizatu zuen. Baita frogatu ere. 1754ko ekainaren 11an, «aire finkoz» beteriko edukiontzi batean kandela bat piztu eta sagu bat sartu zuen. Sua itzali egin zen, eta sagua hil. Frogatuta geratu zen: gas hura ezin zen arnastu. Jakina ezetz, karbono dioxidoa zen, CO2.

Oxigenoa identifikatzeko oraindik bi hamarkada falta ziren garai hartan, airea gauza etereo eta aldagaitza zela pentsatzen zen. Blackek, ordea, hainbat elementuk osatutako substantzia zela frogatzen hasteko bidea ireki zuen. Eskoziarra zientzalari aurreratua izan zen, baina inoiz ez zukeen pentsatuko, bi mende eta erdi geroago, karbono dioxidoz beteriko kutxa hartan sartutako sagua bizirik mantentzeko modua topatuko zutenik bere ondorengoek.

Hori da, azken finean, NASAk Martera bidali duen Perserverance jeepak lortu berri duena planeta gorrian. Jesukristo eta zientzialariak, nor baino nor aztiago. Lehenengoak ura ardo bilakatu omen zuen; bigarrenek karbono dioxidoa oxigeno bihurtu berri dute. Landareek aldarrikatuko dute, arrazoiarekin, eurek aspalditik gauzatzen dutela miraria, fotosintesiaren bidez. Baina gizakiarentzat mugarria izan da NASAko eta MITeko zientzialariek lortutakoa.

Moxie proiektua

Aztikeriaren sekretua Moxie deitutako esperimentua gauzatu duen 30 zentimetro altu eta 23 zentimetro zabaleko kutxatxo batek gordetzen du. Marteko atmosferaren %96 karbono dioxidoak osatzen du. Moxiek CO2 molekula horiek harrapatu eta elektrolisia aplikatzen die. Alegia, elektrizitatearen bidez, molekula horiek apurtu eta osatzen dituzten atomoak banatzen ditu. Karbono dioxidoaren kasuan, karbono atomo bat eta oxigeno atomo bi. Oxigenoa gorde, eta Marteko atmosferara karbono monoxidoa isurtzen du makinak.

Txigorgailu baten tamaina dauka Moxie experimenturen gailuak. (NASA/JPL-Caltech)

Apirilaren 20an egin zuen bere lehenengo saialdia gailuak, eta 5,37 gramo oxigeno ekoiztu zituen ordubetean: astronatuta batek 10 minututan arnasa hartzeko adina. Hurrengo saioetan, orduko 10 gramo ekoiztea izanen da helburua; gutxi gora behera, zuhaitz batek Lurran lortzen duena. Txigorgailu baten tamainako zuhaitztxo metalikoa landatu du NASAk Marten.

Moxie ez da soilik beste planeta batean oxigenoa ekoizten duen lehenengo gailua. Lorpena bertako elementuak erabiliz eskuratu izana da bere bertute handiena. Etorkizun batean gizaki bat Martera bidaltzeko bidean mugarria da, beraz. Eta, garrantzitsuago: Martetik Lurrera bueltan ekartzeko. Izan ere, Marten ekoiztutako oxigenoak ez du bakarrik arnasteko balio. Propultsore gisa ere erabiltzeko itxaropena daukate NASAn, hori ezinbestekoa baita Martetik espaziontzi bat Lurrerako bidean jartzeko. Eta, nork daki: oxigenoa ekoizteak hurbilago uzten du, era berean, ura lortzea. «Prozesu honek Marteko materialak gauza erabilgarri bihurtzea ahalbidetzen du: propultsore, aire arnasgarri, edo, hidrogenoarekin konbinatuta, ur».

Hala esana dute NASAn: esperimentuak funtzionatzen badu, prest daude Moxie baino ehun aldiz handiagoa den bertsio bat bidali eta martxan jartzeko, Marten oxigeno biltegi bat pixkanaka hornitzen joateko, gizakia noiz iritsiko zain.