Erabateko ezjakintasunari aurre egin behar diote covid iraunkorra pairatzen dutenek
Pandemia hasi zenetik 14 hilabete igaro diren arren ezjakintasun handia dago oraindik. Besteak beste, Covid iraunkorra delakoaren inguruan. Hilabete luzez sintomekin eta osatu ezinik dauden pertsonek sufritzen dute covid iraunkorra. Horietako bat da Uritz Arenaza eskoriatzarra.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Uritz Arenaza Euskal Herrian covidarekin kutsatu zen lehenetarikoa izan zen, 2020ko martxoan gaixotu baitzen. Ospitalean une gogorrak bizi izan zituen, intubatua izateko zorian izan zen eta. «42 urte eta hau da bizi behar dudan guztia?», horixe galdetu zion bere buruari Arenazak. Aurrera egin zuen.
Hala ere, ezin esan erabat osatu zenik, uztailean asi baitziren berriz ere sintomak, eskoriatzarrak esan duenez, «batez ere nekea». Hasieran, normaltzat jo zituen sintoma horiek, gaixotasunaren ohiko ondorioak zirelakoan, «pneumonia bilateral batetik nentorrela eta, 'honek denbora beharko du', pentsatu nuen. Baina denbora hori gaur egun arte luzatu da».
Eta sintomak baino, okerrena ezjakintasuna dela dio, ez dakielako noiz arte egongo den horrela. Egoerak «animoan» eragin diola aitortu du; izan ere, covid iraunkorrak Uritz Arenazaren egunerokoa hankaz gora jarri du, baita bere ingurukoena ere. Aurtengo martxoa, «ohean sartuta» eman du, eta ondorioz gaitzak alabekin ematen duen denbora mugatu duela dio, «ikastolara eramaten ditut eta ohera noa. Jasotzen ditut eta ohera noa. Hau ez da bizimodua».
Irailean izan zuen Arenazak Long COVID ACTS elkartearen berri, bere antzeko egoeran ziren pertsona asko zeudela ohartu zenean. Orain, protokolo bateratu bat beharrezkoa dela uste dutenez, elkarteak covid iraunkorrari zuzendutako gida bat aurkeztu du, protokoloak homogeneizatzen laguntzeko.