INFO

«Etengabeko Nakba» geldiarazteko mobilizazioak egingo dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Hego Euskal Herriko hainbat plataformak larunbatean, Palestinaren aurkako Nakbaren 73. urteurrenean, mobilizazioak antolatu dituzte hiriburuetan. Aurtengo protestak, gainera, Israelen erasoen gorakadak sortutako larritasunaren testuinguruan egingo dira.

Mobilizazioak iragartzeko hainbat elkartek erabili duten kartela. (@Mundubat)

Datorren larunbatean, maiatzaren 15ean, 73 urte beteko dira Palestinaren aurkako inbasio militar eta kolonialaren ondorioz Israelgo Estatua sortu zenetik, eta hainbat elkarte internazionalistak mobilizazioak deitu dituzte Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean.

Bilbo, Iruñea eta Donostian 12.00etan egingo dira protestak, hurrenez hurren, Arriaga plazan, Udaletxeko plazan eta Bulebarrean. Gasteizen arratsaldean elkartzeko deia egin dute, 17.00etan, Bilbo plazan.

Besteak beste, Askapena, Komite Internazionalistak, Antikapitalistak eta Mundubat plataformek egin dute bat deialdiarekin. 73 urtez luzatu den «garbiketa etnikoarekin» bukatzea, CAF enpresak Jerusalemen duen proiektua gelditzea eta Isralek atxilo duen Juana Ruiz askatzea aldarrikatuko dute mobilizazioetan.

Erasoen gorakada

«Etengabeko Nakba gelditu» lelopean egingo diren mobilizazioak Israelek Gaza, Jerusalemen eta herrialdeko beste zonalde batzuetan egindako erasoen gorakadak markatuko ditu. Azken egunetan, gutxienez 45 palestinar hil ditu Estatu sionistak, haien artean adin txikiko 13 pertsona.

Gainera, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak eta Benny Gantz Defentsa ministroak iragarri dute Gazaren aurkako eraso gehiago eta bortitzagoak egingo dituztela. «Hasiera besterik ez da», ohartarazi du Gantzek.