INFO

Iruñeko Triatloi Erdia larunbatean itzuliko da 700 parte hartzailerekin

Iaz covid-19aren erruz bertan behera gelditu ostean, proba aurten itzuliko da osasun protokolo zorrotza aplikatuz. Irteera eta igeriketa segmentua Allozko urtegian egingo da beti bezala, baina korrika saioaren helmuga Antoniutti parkean egongo da kokatuta.

Beste edizio bateko irteera Allozko urtegian. (HTP)

Larunbat arratsaldean ospatuko da Iruñeko Triatloi Erdiaren seigarren edizioa. Iaz covid-19aren erruz bertan behera gelditu ostean, 700 kirolari baino gehiago biltzea espero da ibilbidea apur bat moldatu duen proban.

Triatloia Allozko urtegian hasiko da, Aritzaleku kanpingean, 1,9 kilometroko igeriketa segmentuarekin. Ondoren 74 kilometro egin beharko dituzte bizikleta gainean parte-hartzaileek Iruñera bidean. Eta amaitzeko 17 kilometroko korrika saioa izango dute hiriburuko kale eta parkeetan barna.

Covidak eraginda protokolo zorrotza jarraitu beharko dute kirolariek uneoro, eta aldaketen artean aipagarriena helmuga puntua izango da. Gaztelu Plazan amaitu beharrean, Antoniutti parkean bukatuko da triatloia. Gainera, parte hartzaileen kopurua, oraindik handia izan arren, erdira jaitsi behar izan da eta atzerritik etortzen ziren triatloilarien kopurua nabarmen murriztu da, nahiz eta batzuk egongo diren.

Proba irabazteko faboritoei dagokienez, hainbat izen ezagun bilduko dira irteeran. Eneko Llanos (2019ko irabazlea), Cristobal Dios (2018ko garailea) edota Gustavo Rodriguez (Iruñean hiru aldiz irabazitakoa) dira izen aipagarrienak gizonezkoen artean; Sara Loher (2018ko irabazlea), Aida Valiño edota Laura Gomez dira emakumezkoen artean gertutik jarraitu beharreko batzuk.

Aurkezpen ekitaldia gaur egin dute Iruñean, eta bertan izan dira Maria Caballero Udaleko ordezkari moduan eta Juan Cruz Arguiñariz, triatloiaren zuzendaria. Aipatu dutenez, larunbateko proba distantzia ertaineko Nafarroako Txapelketa ere izango da eta Espainiako Koparako puntuagarria ere bada.

Saltoki Trikideak eta Kirol Trikua Elkartea dira klub antolatzaileak, Nafarroako Federazioarekin batera eta Iruñeko Udalaren nahiz Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin.