Mathieu Turi frantsesaren ‘Méandre’ klaustrofobikoa, FANT-eko film luzerik onena
Mathieu Turi errealizadore frantsesak filmatutako bigarren luzemetraiak, ‘Méandre’ izenekoak, irabazi du Bilboko FANT zinemaldi fantastikoaren Film Luzerik Onenaren saria. Istorio klaustrofobiko eta zuzen hau maiatzaren 26an iritsiko da Hexagonoko zinema aretoetara.
Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 27. edizioko palmaresa eman da jakitera ostiral honetan. Estatu frantsesean, eta zinemagile belaunaldi berriei esker, genero fantastikoaren itzulera sumatzen ari da eta horren adierazle, Mathieu Turi errealizadorea. Tarantinoren, Allenen eta Eastwooden zuzendari laguntzailea izan da, besteak beste, eta bere lehen film luzea, ‘Hostile’ (2017), jaialdirik ospetsuenetako batzuetan saritu dute. Bigarrena, ‘Meándre’ izenekoa, bide berdina jarraitzen ari da.
‘Méandre’ filmarekin ere jaialdien zirkuituan oso erantzun ona izaten ari da, eta horren adierazle, Bilboko FANT jaialdian bertan jasotakoa, sail ofizialeko Film Luzerik Onenari Epaimahaiaren saria lortu baitu (3.500 euro).
«Fantasiazko zinema hutsa aldarrikatzen duen proposamen sinplea eta zuzena delako» hautatu du epaimahaiak. Filma maiatzaren 26an estreinatuko da Estatu frantsesean eta espainiarrean A Contracorriente filmsek estreinatuko du 2021eko bigarren seihilekoan.
Film klaustrofobikoa eta zuzena
Yago Garcíak, ‘Cinemanía’ aldizkariaren erredaktoreak; Norberto Ramos del Valek, ‘Muertos comunes’ edo oraintsuko ‘¡Ni te me acerques!’ filmen zuzendariak; eta Nerea Torrijosek, Bilboko diseinatzaileak (Jantzirik Onenaren Goya saria jaso du aurten ‘Akelarre’ filmagatik) osatu dute epaimahaia.
‘Vikings’ telesailean ezagutu genuen Gaïa Weis aktorea. ‘Méandre’ filmean Lisaren azalean sartuko da. Ezezagun baten autora igo ondoren, Lisa hodi estu baten barruan esnatuko da. Neskak ez daki zergatik dagoen han, baina laster ulertuko du bere erresistentzia fisiko eta psikologikoaren mugetara iritsi beharko duela tranpa klaustrofobiko horretatik bizirik irteteko.
Palmaresa
Sail Ofizialeko epaimahaiak, era berean, Márk Bodzsárren ‘Comrade Drakulich’ filmari aipamen berezia egin nahi izan dio: «Oso estetika landua duen umorezko eta beldurrezko istorioa izateagatik, Gerra Hotza hondoko oihal gisa erabiliz», haien esanetan.
Film laburrei dagokienez, Sail Ofizialeko Film Labur Onenaren saria Javier Khüneren ‘Flora’-rentzat izan da, «beldurrezko generoaren jatorri historikoei dagokielako, eszenaratze dotore eta zaindua erabiliz».
Gainera, Alberto Vázquezen ‘Homeless Home’ aparta aukeratu dute Euskal Film Laburrik Onena izateko. Epaimahaiak filmak aurkezten duen «gizarte izugarri baten erretratua, animazio teknika original eta zirraragarri baten bidez» nabarmendu du. Igandean, Zazpika aldizkariak Vázquez une honetan prestatzen ari den film berria aurreratuko die bere irakurleei.
Publikoak ere zeresan handia izan du FANTen, eta Erik Camposen ‘Si te mueres, te mato’ filmari eman dio Publikoaren Saria Film Laburrik Onenari.
Bestalde, Euskal Gidoigileen Elkarteak sail ofizialeko Film Luzeko Gidoirik Onena Anthony Scott Burnsen ‘Come True’-ena dela esan du, «bere argumentuaren originaltasuna eta asmamenagatik; izan ere, zientzia-fikzioaren bidez, ikuslea bere pertsonaiak sartzen diren unibertso onirikora eramatea lortzen du».
Sail Ofizialeko Zuzendari Berritzaileenari Fas Zineklubak emandako saria ‘Mother Schmuckers’-entzat izan da, Harpo Guit eta Lenny Guitena, «Beavis and Butthead protagonista duen Nouvelle Vagueko film baten bertsio makarra eta gaurkotasunera egokitua delako».
Ikuspegi Fantastikoa sailean, Julian Richbergen ‘Arboretum’ filmari eman diote Film Luzerik Onenaren Saria, «fantasiaren bidez, gazteek denboran irauten duten autoritarismoekiko duten zaurgarritasuna testuinguruan kokatzen duelako». Sasha Voronoven ‘Mom, I Befriended Ghosts’ pelikulari ere eman diote aipamen berezia «bere teknika bikainagatik, bere ikusmen-poetikagatik, ingurumeneko hondamendien aurrean gizarteak duen jitoari buruzko historia intimista kontatzen duelako».
Sail honetan, Film Labur Onenari Saria Isabela Littger de Pinho, Bruno Cohen, Rohit Kelkar, Yujia Wang, Germaine Colajanni eta Rohan Deshchougeren ‘Blind Eye’ filmari eman diote. Epaimahaiak nabarmendu duenez, «Platonen haitzuloaren mitoa bezalako kontzeptu konplexu bat modu erraz eta irudimentsuan biziberritzen du».
Fant jaialdia igandera arte luzatuko da; beraz, film guzti hauek ikusteko aukera ezin hobea.