Zaldibar Argitu: «Pertsona bat lur azpian geratzea ezin da erantzukizunik gabe geratu»
Bost elkarretaratze egin ditu Zaldibar Argitu plataformak Joaquin Beltran bilatzeko lanak bertan behera utzi direla jakin den egun berean. «Erantzukizunak hartzeko une egokia» ikusten du auzia argitzeko lanean den ekimenak.
Joaquin Beltran bilatzeko lanak bertan behera utzi direla jakin bezain laster auzia argitzeko eta erantzukizun politikoak hartzeko aldarria berretsi du Zaldibar Argitu ekimenak. Honetarako mobilizazioak iragarri ditu gaur ostiralean bertan.
«Iluntasunak eta informazio faltak hasieratik ezaugarritu du Zaldibarko zabortegiaren inguruko guztia. Hasierako kudeaketa penagarriari, beste kapitulu triste bat gehitzen zaio. Joaquin Beltran ez aurkitzea porrot handia da, bai senideentzat, lagunentzat edo inguruko herritarrentzat», aipatu du ohar baten bidez.
«Kalte sozial eta ekologikotik haratago, zabortegiak eragindako kalte humanoak hartzen du gaur protagonismoa, eta sekula itxiko ez den zauri bat zabalik uzten du», erantsi du.
Ikuspegi zabalagoaz, «pertsona bat lur azpian geratzea ezin da erantzukizun politiko gabe geratu, enpresarien eta ordezkari politiko batzuen arteko loturak horren nabarmenak direnean –adierazi du Zaldibar Argituk–. Jaurlaritzak bilaketa lanak bertan behera uztea erabaki badu, une egokia da erabaki horren ondorioak asumitu eta erantzukizunak bere gain hartzeko, beharrezko diren dimisioekin eta kargugabetzeekin».
Dolumina agertzeko eta hau aldarrikatzeko, bost elkarretaratze egin ditu ostiral honetan bertan: Zallan (Beltran bizi zen herrian), Zaldibarren, Eibarren, Ermuan eta Elgetan, 19:00tan plazan.
Sindikatuak ere, elkarrekin erantzukizun eske
Erantzukizun politikoak asumitzeko beharra aldarrikatu dute ere sindikatuek, batera. Oharra kaleratu dute ELAk, LABek, ESKk, Steilasek, EHNEk eta Hiruk, beren haserrea argiki islatuz.
«Zoritxarrez, 15 hilabete eta 8 egun ondoren, Jaurlaritzak, Joaquin Beltranen gorpuzkinak aurkitu gabe, bilaketa etetea erabaki du. ‘Jaurlaritzaren izenean, dolumin sentikorrenak helarazi nahi dizkiogu familiari. Goian bego’, adierazi du Lakuako bozeramaile Josu Erkorekak. Antza, Jaurlaritzak langile bat hiltzat noiz jo erabakitzen du. Bistan da afera hau gainetik kendu nahi dutela, erantzukizunak saihestuz eta Verter Recycling errudun bakar gisa aurkeztuz iritzi publikoaren aurrean», salatu dute.
«Eta non dago Iñigo Urkullu lehendakaria? –galdetu dute jarraian– Zaldibarreko hondamendia izan eta ondorengo egunetandesagertuta egonzen bezala, gaurkoan ere ez du aurpegia eman».
«Hasieratik exigitu dugu Joaquin Beltran aurkitzea, baina afera hau ez da hor amaitzen. Izan ere, erantzukizun politikoak argitzea eta azken ondorioetaraino iristea ezinbestekoak dira, egia ezagutu dadin, justizia egon eta berriro gerta ez dadin bermeak ziurtatzeko. Zabortegiaren kudeaketa, luizia gertatu zen momentuan eta hondamendiaren aurretik zein ondoren ere, salatu izan dugu euskal gehiengo sindikaletik».
Zehatzago, «Verter Recycling enpresaren jardueran, kontrol eta isun faltaz gain, amiantoaren eta kontrol barik eraman izan diren mota ezberdinetako hondakin arriskutsuen arauz kanpoko pilaketak egon dira urteetan zehar, kasuz kasu kontrolatu behar zirenak. Jaurlaritzak eta Ingurumen sailak, orduan ere, ez zuten ezer egin. Eta gaur Arantxa Tapiak hitz egin digu, Erkorekarekin batera egindako agerraldian, ingurumenaren mesedetan aritu direla lanak egiten».
«Verter Recycling enpresak erantzukizun zuzena du hildako langileen gainean eta urteetan zehar Zaldibarko zabortegian egon den jarduera klientelar, opako, ez jasangarri eta arriskutsuaren aurrean -erantsi dute sei sindikatu hauek–. Kasu honetan, erantzukizuna ezin da eremu pribatura mugatu, eremu publikoak gertatzen arizenaren gaineko erantzukizun politikoa izan duelako. Arduradun horiek izen abizenak eta ardurapolitikoak dituzte. Iñigo Urkulluk zuzenduriko Eusko Jaurlaritzak eta Iñaki Arriola sailburuak ardura politiko zuzena dute Zaldibarren gertatukoaren inguruan. Are gehiago, kontuan hartzen badugu enpresaren eta hainbat kargu politikoren artean dagoen harreman zuzena».
«Erantzule nagusien artean, patronala ere badago zalantzarik gabe. Izan ere, indarrean dagoen legeria ez du betetzen. Langileon gaixotasun edota heriotzak merke ateratzen zaizkio eta horrela izaten den bitartean, joera ez da aldatuko», adierazi dute.
Honen guztiaren ondoren, Beltranen familiari elkartasun eta babes osoa helarazten diote, «baita ere aurten hildako langile guztiei ere. Lan heriotzek eragiten duten sarraskia eteteko garaia da».