INFO

Deustu, Santurtzi, Donostiarra eta Hondarribia garaile Trainerilla Txapelketetan

Bizkaiko Trainerilla Txapelketa Ondarroan jokatu da eta Gipuzkoakoa Getarian. Baldintzak oso zailak izan dira eta asko nabaritu da azken denboretan. Maila nagusian urreak Deustu, Santurtzi, Donostiarra eta Hondarribiarentzat izan dira.

Hondarribiako trainerilla, garaipena ospatzen Getarian (HONDARRIBIA ARRAUN ELKARTEA)

Gaur goizean jokatu dira Bizkaiko eta Gipuzkoako Trainerilla Txapelketetako finalak. Bizkaiko estropadak Ondarroan jokatu dira, eta Gipuzkoakoak Getarian. Bi lekuetan lau mailatan banatu dira dominak: jubenil neska zein mutiletan eta senior neska zein mutiletan.

Bizkaian, gizonezkoen proba nagusian Santurtzi izan da azkarrena 14:47.81eko denborarekin, bigarren izan den Zierbenari 12’45 segundo sartuz eta hirugarren amaitu duen Isuntzari 16’25. Laugarren postua Bermeorentzat izan da eta bosgarrena Arkoterentzat.

Emakumezkoen lehian, urrezko dominak Deusturentzat izan dira, 17:28.98ko denborarekin garaipena lortu ondoren. Bigarren etxeko ontzia sailkatu da, Ondarroa, 38’43 segundora. Eta hirugarren postua Isuntzarentzat izan da, 51’73 segundora. Mundaka laugarren izan da eta Portugalete bosgarren.

Jubenil mutiletan onena Isuntza izan da, Santurtzi eta Deustu menderatuz. Eta jubenil nesketan garaipena Kaikurentzat izan da, Isuntza eta Deusturi aurrea hartuz.

Lehia estuena Hondarribia eta Donostiarraren artean

Gipuzkoako Txapelketari dagokionez, senior mutiletan Hondarribia izan da nagusi 14:33.20ko denborarekin. Hemen lehia estuagoa izan da, eta Donostiarrak bigarren amaitu du 5’60 segundora soilik. Brontzea Oriorentzat izan da, 13’19ra, eta finala laugarren amaitu duen Zumaiak osatu du.

Emakumezkoen proba, garaipena Donostiarrarentzat izan da 16:29.95eko denborarekin. Orio, bigarren, oso urrun geratu da, 27’99 segundora, eta hirugarren postua Hondarribiarentzat izan da 31’37ra. Hemen ere finala Zumaiak osatu du.

Jubenil mutiletan, urrea Zumaiarentzat izan da, San Juan eta Hibaika menderatuz. Eta nesketan Hibaika izan da indartsuena Zarautz eta Donostia Arraun Laguna oso atzean utziz.

Denbora guztiak alboko PDF dokumentuetan aurki daitezke.