Saski Baskoniaren lozorroa bikain baliatu du Unicajak Gasteizen irabazteko (70-79)
Ondoen jokatzen ari zela, markagailua 40-33 zela, Achille Polonarak orkatila bihurritu du eta italiarraren orkatilarekin batera, gasteiztarren jokoa ere erabat okertu da, eta Unicajak hirukoz hiruko ihes egin du. Azken minutuetako erreakzioak ez du behar adinako eraginik izan.
TD SYSTEMS BASKONIA 70 - UNICAJA 79
TD Systems Baskoniak Illunbeko derbian Joventuten aurka baino itxura hobea erakutsi zuen, baina domeka eguerdian lozorrora itzuli da eta bikain baliatu du Unicajak Zurbaon garaipena lortzeko. Hala, hirugarren eta ia laugarren postuan Fase Erregularra amaitzea gero eta zailago ari zaio bihurtzen Dusko Ivanovicen taldeari.
Baina hori ez da okerrena. Saski Baskonia 40-33 irabazten ari zela, hirugarren laurdenaren hasieran 10-3ko partziala lortu ostean, Achille Polonarak eskuineko orkatila bihurritu du –handitua jaisten zaionean egingo zaizkio mediku azterketak– eta italiarraren lesioarekin goitik behera okertu da gasteiztarren jokoa. Unicajak, hirukoz hiruko, 8-24ko partziala lortu du hirugarren laurdeneko azken minutuetan, eta azken orduan Dragic eta Alec Peters –Fall eta biak itzuli dira, sendagiria jasota, baina senegaldarrak ez du jokatu– saiatu badira ere partidari buelta ematen, ez da nahikoa izan Malagako taldeari irabazteko.
Partida eskasa
Oro har, partida eskasa jokatu dute talde biek, aurreneko erdian batez ere. Pierria Henry eta Giedraitis hainbestean hasi dira eta horren arabera gehienetan aurretik izan dira Ivanovicen gizonak. Baina ez da nahikoa izan aldea ateratzeko eta Jaime Fernandezen eskutik –Dario Brizuela donostiarrak nahiko partida txarra jokatu baitu– atsedenaldira 30na iristea erdietsi dute andaluziarrek.
Dena dela, aldageletatik buelta askoz itxura hobeaz ekin diote. Jekiri gogorrago aritu da, defentsan Pierria Henryk baloi dexente berreskuratu ditu eta 10-3ko partziala erdietsita, partida haustear izan du.
Tamalez, Unicajaren kontraeraso batean dena bertan behera joan da. Polonara Alberto Diazi txapela jartzera abiatu da eta jauzi galanta egin du, baina lur hartzeko lurrean zetzan sasoian antolatzaile andaluziarra zapaldu du nahi gabe, eta eskuineko orkatila okertu du. Bi kideren laguntzarekin, oina lurrean ipini ezinik, erretiratu behar izan da hegal-pibot italiarra.
Hori berez bada nahikoa albiste txar, Polonarak Saski Baskoniaren jokoan duen zeresanagatik. Baina igande eguerdi honetan are eta kalte handiagoa egin dio. Ivanovicenak geldirik geratu dira, ohiko bizitasunik gabe, eta Unicajak nahi beste hiruko bota ahal izan ditu eskurik aurrean izan gabe. Unicaja talde irregularra da, baina Fotis Katsikarisenek badute kalitatea eta Abromaitis, Jaime Fernandez edo Waczynskik saskirako bidea aurkitu dute.
Azken laurdena markagailua 48-57 dela iritsi da. Saiatu da Baskonia buelta ematen partidari, eta Alec Peters pibot postuan ipinita, gehi Dragicen ohiko bizitasuna lagun, 65-71 hurbildu da etxeko taldea.
Tamalez, ez da nahikoa izan. Unicajak ez du bururik galdu eta hori gutxi balitz, Brizuela ere une bero horretan azaldu da partidari azken puntua jartzeko, Jaime Fernandez eta Deon Thompsonekin batera.
Ospakizunik ez
Saski Baskoniak berez ospatzeko eguna zuen igande hau. Izan ere, Ilimane Diopek 448. partida jokatu du Baskoniarekin, Luis Scola gaindituz. Talde gasteiztarraren historian Sergi Vidal –521 partida– eta Pablo Prigioni –460– ditu bakarrik gainetik.
Alabaina, Dakarren jaiotako gasteiztarrak egun oso petrala izan du eta horrez gain, bere taldekideek ere ez dute askorik lagundu eta merezita galdu dute Unicajaren aurka.
Ivanovic: «Fisikoki ez gaude ondo eta gure jokoa fisikoan oinarritzen da»
Ezin pozik inola ere egon Dusko Ivanovic. «Hobeto jokatu genezakeela pentsatzen nuen, baina energiarik gabe jokatu dugu. Fisikoki ez gaude ondo, bistakoa da, eta fisikorik gabe jokoaren dizplina galdu dugu, eta gauza horiek biak gabe, ezin izan dugu irabazi», onartu du.
Polonarari buruz ez du gauza handirik gaineratu. «Orkatila oso handitua dauka eta ziurrenik ez da hurrengo partidetarako prest izango. Guretzat jokalari garrantzitsua da eta ikusi egin behar hurrengo neurketetarako nola konpondu dezakegun hori. Unicajak jaurtiketa erraz larregi izan ditu, eta hala irabaztea ez da erraza. Kalitatea badugu, baina intentsitatean eta egoera fisiko onean oinarritzen da gure jokoa», azpimarratu du.
Dena den, playoffetarako prest egoteko konpromezua hartu du. «Kostako zaigu hurrengo bi neurketei begira, baina kanporaketerako prest egongo gara. Hala behar dugu, playoffak baitira denboraldiko momentu gorena», amaitu du.
PARTIDAREN FITXA
Saski Baskonia: Pierria Henry (12), Kurucs (3), Giedraitis (11), Polonara (2) eta Jekiri (8) –hasierako bostekoa–, Dragic (13), Ilimane Diop (4), Colom (5), Peters (10), Sedekerskis (2) eta Massenat.
Unicaja: Alberto Diaz (3), Dario Brizuela (8), Waczynski (10), Thompson (10) eta Guerrero –hasierako bostekoa– Jaime Fernandez (17), Alonso (1), Abromaitis (14), Thomas (4) eta Bouteille (12).
Partzialak: 13-12, 17-18, 18-27, 22-22.