INFO

Berdintasun eta aniztasun erreala aldarrikatzeko hitzordua

1990eko maiatzaren 17an, Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea buruko gaixotasun kontsideratzeari utzi zion. 31 urte geroago, homosexual, transexual eta bisexualek aurreiritziak eta jazarpena pairatzen jarraitzen dute. Euskal jendarteak jarrera horien aurka parte aktibo dela erakutsiko du.

Euskal Herriko hiri eta auzoetan hainbat ekitaldi eta mobilizazio izango dira LGTBIfobia salatzeko. Irudian, 2017an Donostian egindako elkarretaratzea. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Bidea neketsua, malkartsua eta oztopoz betea izanda ere, aurrera jarraitzen du LGTBI mugimenduak aniztasuna, duintasuna eta eskubide berdintasuna egitate bilakatzeko borroka etengabean. Azken hamarkadotan helburu asko eta asko gauzatu badituzte ere, ezin besoak gurutzatuta geratu gizartean eta egunerokoan homosexual, transexual eta bisexualek oraindik ere pairatzen dituzten aurreiritziak, jazarpena eta bazterketa ikusita. Gaur, maiatzaren 17a, LGTBIfobiaren Aurkako Eguna ospatuko da mundu zabalean, baita Euskal Herrian ere, harrotasuna eta duintasuna aldarrikatuz, eta berdintasunaren eta aniztasunaren aldeko oihu ozena lau haizeetara zabalduz. 

Ugariak izan dira LGTBI mugimenduak urteak joan eta urteak etorri, tinkotasunez eta pertseberantziaz, egindako aurrerapausoak. 1973an, esaterako, AEBetako Psikiatria Elkarteak erabaki zuen homosexualitatea gaixotasun mentalen zerrendatik kentzea, eta gay eta lesbianen aurkako lege eta neurri guztiak arbuiatzera dei egin zuen. Mugarri garrantzitsu horrek sekulako uhina eragin zuen eta munduko beste hainbat  txokotara zabaldu zen eraldaketa grina. Hala, 17 urte geroago, 1990ean, Osasunaren Mundu Erakundeak bide bera jarraitu eta homosexualitatea buruko gaixotasun kontsideratzeari utzi zion. Gertakari garrantzitsu hori 1990eko maiatzaren 17an jazo zen, eta data hori aukeratu zuten LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Egun ospatzeko.

Arestian aipatutako lorpenek ikusgarritasuna, aitortza eta mugimenduaren aldeko zenbait lege garaipen ekarri izan badituzte ere, ezin ahaztu egin beharreko bidea oraindik ere luzea eta zaila dela. Izan ere, gay, lesbiana, transexual, bisexual eta pertsona intersexualek egun jasan behar izaten duten diskriminazioa eguneroko ogia da, eta, tamalez, gizarteko sektore askotan errotuta dagoen fenomeno soziala ere bada. Ildo horretan, LGTBI mugimenduak gaurko eguna baliatu nahi du bozgorailu gisa erabili eta ozen aldarrikatzeko lanean jarraitu behar dela sexu eta genero aniztasuna errealitate bilaka dadin.

Genero eta sexu identitatearen aurkako jarrerak modu askotan adierazten dira XXI. mendeko gizarteetan. Alde batetik, bortizkeria zuzena dago, ikus daitekeena; baina, beste alde batetik, zeharkako biolentzia ere egon badago, diskriminazio osagai ezkutuak dituena eta identifikatzeko zailagoa dena, baina, edonola ere, eguneroko zenbait portaeratan antzeman daitekeena. LGTBI mugimenduko kideen arabera, jarrera desegoki horiek ez dira kasu bakanduak, baizik eta arau heteropatriarkalean oinarritutako sistemak bultzatutako ikuskera eta antolaeraren ondorio zuzena.

Gauzak horrela, gay, lesbiana, transexual, bisexual eta pertsona intersexualen eskubideen aldeko mugimenduek gizartea aktibatzeko deia egin nahi dute. Gaur, maiatzak 17, gizartea osatzen duten gizabanakoei dei egin nahi diete benetako berdintasuna lortzeko bidean jarrera proaktiboa izan dezaten. Izan ere, euren arabera, aurreiritzi eta estereotipoak baztertu eta aniztasuna onartzen duen gizarte batean, guztiok izango gara onuradun.  

Ekimen anitz

Asko eta asko izango dira genero aniztasunaren alde eta LGTBIfobiaren aurka Euskal Herrian zehar egingo diren ekimenak. Hiri, herri eta auzo askotan aldarrikatuko dute, modu batean edo bestean, sexu eta genero berdintasuna, eta, hala, euskal jendarteak borroka horren parte aktibo dela erakutsiko du, beste behin.

Esaterako, Errenteriako Udalak, Mesa LGTBI+ taldearekin batera, LGTBIfobiaren aurkako jardunaldiak antolatu ditu maiatzean zehar. Jardunaldi horien helburu nagusia da sektore horretako gizabanakoek pairatzen duten bazterketa ikusarazi eta jendeak horren inguruan kontzientzia hartzea. Hori lortzeko, besteak beste, zenbait film eskainiko dituzte Niessen kulturgunean.

Bilboko Udalak, berriz, “Bagara” ekimena jarri du abian auziaren inguruan kontzientzia soziala sortu edota areagotzeko. Era horretan eta LGTBIfobiaren Aurkako Egunaren harira, egitasmo berritzailea jarri du martxan homofobia, lesbofobia, transfobia eta bifobia arbuiatu eta mota horretako jarrerak gizartetik ezabatzeko asmoz. Sentsibilizazio kanpaina horren bitartez, Bilboko Udalak pertsona guztien eskubideak errespetatzeko deia luzatu die herritarrei.

Azkenik, esan beharra dago LGTBI mugimenduak deia egin duela maiatzaren 17an Euskal Herriko balkoiak bandera aldarrikatzaileekin jantzi eta antolatu diren ekimenetara batzeko. Mugimenduaren arabera, egunero egindako aldaketa txikiek eta kaleko mobilizazioek ekar ditzakete aldaketa errealak.