INFO

Euskararen aurkako «eskuhartzeen» aurrean erantzun soziala eskatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak datorren larunbatean Bilbon elkarretaratzea egingo du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Irungo Udaltzaingoaren hizkuntza-eskakizunak baliogabetzen dituen epaiaren aurka. Erakundea Udalarekin eta eragile politikoekin elkartuko da erantzun «sozial eta bateratua» prestatzeko.

Kontseiluaren idazkari nagusi Paul Bilbaok hartu du hitza agerraldian. (Jon URBE/FOKU)

Euskalgintzaren Kontseiluak datorren larunbatean kontzentrazio bateratua antolatu duela iragarri du astelehen honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Irungo Udaltzaingoaren zerbitzurako 12 lanposturi ezarritako hizkuntza-eskakizunak baliogabetzen dituen erabakia salatzeko. Kontseiluaren idazkari nagusi Paul Bilbaok iragarri duenez, gizarte erakundea eragile sindikal eta politikoekin bilduko da ostegunean haien iritziak jaso eta «erantzun sozial eta bateratua» prestatzeko.

Kontseilua osatzen duten bazkideen ordezkariekin Bilbon egindako prentsaurrekoan, Bilbaok nabarmendu du euskaraz jakitearen baldintza baliogabetzea «epai politikoa» dela, eta, erabakia hartu ondoren, justifikazio bat bilatu dutela: «Magistratuek epaia idatzi zuten, eta ondoren, saiatu dira epai hori justifikatzen. Horretarako estrategia desberdinak baliatu dituzte: jurisprudentzia berria baztertu dute, hizkuntza-eskakizunen prozedurari ez diote jaramonik egin…».

Bere iritziz, orain Irungo Udalak «arazo bat du epaia betetzeko, legea urratuko duelako». «Interesgarria litzateke magistratuei galdetzea ea nola egingo den epaia aplikatzeko legea urratu gabe. Ongi legoke Udalak magistratuei betearazpen intzidentea eskatzea, epaia legea urratu gabe nola aplikatu behar duen jakiteko», esan du Bilbaok.

Bestalde, idazkari nagusiak salatu du epaia ez dela «gertaera isolatua», epaitegi eta auzitegietatik datorren ohiko joera dela eta euskaldunon eskubideak urratzen dituela baizik. «Ikusten ari gara epaitegi eta auzitegi desberdinetatik behin eta berriro datozela euskaldunon eskubideen urraketak are gehiago ahalbidetuko dituzten epaiak. Besteak beste, Nafarroako Justizia Auzitegitik zein Auzitegi Gorenetik».

Hala, Bilbaok hizkuntza gutxituen kontrako sententziak nabarmendu ditu, bai Nafarroan bai Estatuko beste leku batzuetan, hala nola Katalunian eta Valentzian. «Egun indarrean dagoen legeriak uzten dituen aukerak epaien bidez ixten ari dira auzitegietatik. Hau da, auzitegiak hizkuntza-politiketan eragile aktibo bihurtu dira, legeak egiten ez duena jurisprudentziaren bidez eraikitzen ari dira».

Azkenik, Kontseiluko bozeramaileak «batasunetik» erantzutea eskatu du. «Unea iritsi da guztiok batera erantzuteko», adierazi du Bilbaok. Horregatik, jakinarazi du Kontseilua Irungo Udalarekin harremanetan jarri dela «Helegitea jartzeko erabakiari babesteko» eta «laguntzailekide gisa jarduteko».

Gainera, datorren ostegun arratsaldean, eragile politiko eta sindikalekin bilduko dira. Horrekin guztiarekin, Kontseiluak eragile horiek guztiak gonbidatuko ditu datorren larunbat eguerdian bazkideekin eta beste hainbat eragilerekin batera Bilbon antolatutako elkarretaratzean parte hartzera, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean.