INFO

Juanenea-Zubiri (Larre Gain) Sagardoaren Txapelketatik kanpo geratu dira

Urrutia II.a-Barrenetxea VI.ak lehiaketako lehen garaipena eskuratu zuten eta aukerekin jarraitzen dute.

Setiengo Ansa-Labakak lehen postuan jarraitzen dute. (Maialen ANDRES/ORIAMENDI)

Sagardoaren Txapelketaren lehenengo fasea amaitzeko jardunaldi bakarra geratzen da eta astelehenean jokatu ziren partiden emaitzekin argitu dira zenbait gauza. Esaterako finalerdietarako hiru sailkatu ezagutzen dira (Ansa II-Labaka, Urriza-Zaldua eta Segurola-Larrañaga) eta kanpoan geratu den bikote bat ere badakigu zein den.

Juanenea eta Zubirik (Larre Gain) 30-23 galdu zuten Urrutia II eta Barrenetxea IV.aren aurka eta beraz kanpoan geratu dira nafarrak. Lau puntu dituzte jardunaldi baten faltan eta ezin dute laugarren posturik eskuratu. Alderantziz, Urrutia-Barrenetxeak (Oialume Zar) aukera txiki bat badute sailkatzeko. Horretarako, azken jardunaldian Goikoetxea eta Aizpuruk (Gurutzeta) 16 tanto edo gutxiago egin beharko dituzte.

Erremontari saioko bigarren partidan Urriza eta Zalduak 30-28 garaitu zituzten Segurola eta Larrañaga. Emaitza honekin bi bikoteak sailkatu dira finalerdietara.

Goiko postuetan Ansa-Labaka (Setien), Urriza-Zaldua (Bereziartua) eta Segurola-Larrañaga (Gaztañaga) finalerdietara sailkatuta daude eta orain bakoitzaren postuak bakarrik geratzen dira jakiteko.

Asteleheneko jardunaldian Urrutia eta Barrenetxeak txapelketako aurreneko garaipena lortu zuten. Partidaren hasieran ez beste, bigarren zatian aurretik jarri ziren hiru edo lau tantoko aldearekin eta amaieran, 25-23 aurreratu ondoren, partida amaitzen jakin zuten Barrenetxearen sakeari esker.

Urriza eta Zaldua 29-20 irabazten joan arren, kosta egin zitzaien partida amaitzea eta Segurola eta Larrañaga 29-28 hurbildu ziren. Hala ere, azken tantoa gorrien aldekoa izan zen eta lau puntuak lortu zituzten eta aurkariek, bi.