INFO

Brebeta azterketa euskaraz egiteko eskubidearen aldeko mobilizazioak

Seaskako Kolegioetako hezkuntza komunitateak deituta maiatzaren 19an, eguerdian, ikasle, guraso zein irakasleek, eskutik lotuta, mobilizazioak egin dituzte Larzabale, Kanbo, Urruña eta Baionan. Brebeta azterketa euskaraz egiteko eskubidearen alde egin dute.

Sainduzpirituko zubian giza katea egon dute Estitxu Robles kolegioko ikasle, guraso eta irakaslek. (Bob EDME)

«Lehen urtean azterketa horiek zuzenduak izan baziren ere, ondokoetan kopiak bahituak, Bordelera eramanak eta euskaraz ez zekiten inspektore pedagogikoengandik zuzenduak izan ziren», azaldu du Iñaki Lekuonak, Piarres Larzabal kolegioko zuzendariak, gaurko mobilizazioa deitzeko agerraldian.

Aurten, arazo nagusia Zientziako azterketekin ematen da; gai horiek ezin direla euskaraz inola ere egin ohartarazten du frantziar Hezkuntza Ministerioak eta ohar zehatza igorri die Seaskako irakasleei, «gogoratzeko» historia-geografia eta matematika gaiak «bakarrik» egin ahala direla «hizkuntza erregionalean», hots, euskaraz.

Edonola ere, ekainaren 28 eta 29an izango diren azterketak euskaraz egiteko asmoa dute ikasleek.

Determinazio hori karrikan erakutsi dute gaur, gainera, gaur eguerdian egin dituzten mobilizazioen bidez. Mobilizazioak Seaskako lau kolegioak diren herrietan burutu diuzte tenore berdinean: 12.15etan.

Baionako Santespiritu zubian bildu dira Estitxu Robles abeslariaren izena daraman Lapurdiko hiriburuko kolegioaren ikasleak, gurasoak eta haurrak, giza kate luzea osatuz.

Kanbon, ikastetxearen aitzinean den biribilgunean elkartu dira Xalbador kolegioko lagunak, Larzabalen Manex Erdozaintzi-Etxart kolegioaren ikasle, irakasle eta guraso ikasgtetxearen kanpoaldean burutu dute protesta eta, finean, Ziburun, Piarres Larzabal kolegiotik gertu den Euskal Hirigune Elkargoak dituen bulegoaren kanpoaldean astindu dute kolegiotik lizeora joateko gainditu behar den brebeta proba euskaraz egitearen aldeko aldarrikapena.

Urruñan hautetsien babesarekin

Ziburuko ikasleak Euskal Elkargoaren egoitzan protesta egitera bildu direnean, Ziburu, Urruña, Biriatu, Sara eta Hendaiako auzapezen babesa jaso dute. Iñaki Lekuona zuzendariak hautetsien presentzia eskertzearekin batera, ekainaren 20 eta 27an izanen diren eskualde eta departamentu hauteskundeak ere izan ditu gogoan, hautagaiei haien sostengua ematera dei eginez.

Hitzartze publikoan zuzendaria ikasleei zuzendu zaie bereziki, aldarrikapenaren garrantzia eta zentzua ulertaraztea bilatuz: «Aldarrikapen logikoa da ikasten duzuen hizkuntzan ebaluatuak izatearen eskubidea, hori besterik ez da. Onartua izan dena duela 25 urte baino gehiago, historia-geografiarentzat eta matematikarentzat eta erreforma berriarekin 2018an zientziarentzat onartu zen, justu eskatzen dugu onarpen hori baieztatzea, besterik ez. Nahi dugu zuek zuen eskubidea guztiz zuena izatea, ikasten duzuen hizkuntzan zuek azterketak konposatzea».

Txalo artean ikasleek aldarrikapenaren garrantzia izatea nabarmendu da bere mezuan, eta arazoa ez dela «gurea edo bretoiena… Gobernuarena baizik».

Baxoa

Brebeta bakarrik ez, goi-ikasketak egiteko pasatu behar den «baxoaren azterketa ere euskaraz ikasteko eskubidea jokoan» dela ohartarazi dute gaurko mobilizazioen bidez.

Ostiralean Bernat Etxepare lizeoko ikasleek ekimena antolatu dute, goizeko 10.00tan, Suprefeturak Baionan duen egoitzaren aurrean euskaraz ikasi eta bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko.