INFO

Kultura uholdea, zazpi hilabeteko idortea eta gero

Urri bukaeratik kulturguneak eta ostalaritza itxita izan dira Estatu frantsesean. Egoera latz ugariren eta milaka protestaren ondoren, gaur «deskonfinatuko» dira azkenean. Kulturan arazoa azken hilabeteotan estreinatu ezin izan diren obren metaketa da orain.

Donapaleun egindako libertimendua. Herriko gazteek egiten duten ikuskizuna da, inauterien karietara. (Guillaume FAUVEAU)

Bi konfinamendu eta ia zazpi hilabete eta gero, gaur museoak, zinemak, antzokiak… ireki ahal izango dira azkenean Ipar Euskal Herrian. Kultur jarduerak ere egin ahal izango dira, osasun neurri zorrotzak betez betiere. Horrekin batera, etxeratze agindua 21.00ak arte atzeratu denez, emanaldietara joatea errazagoa izango da. Kezka nagusiak kultur obren eskaintza handia eta edukiera mugatua dira. Gainera, artista anitzek euren obrak ezin izanen dituzte agerrarazi oraingoz, eta, beraz, askorentzat larrialdi egoera ez da bukatu.

Irekiera progresiboki egingo da. Lehen fase honetan, barneko emanaldi denak jarririk egin beharko dira, museoetan pertsonako zortzi metro koadroko espazioa aurreikusi beharko da eta kultur aretoetan %35eko edukiera onartuko da soilik. Bigarren fasea ekainaren 9an abiatuko da, eta, orduan, etxeratze agindua 23.00ak arte gibelatzea aurreikusita dago, museoetako espazioa pertsonako lau metro koadrokoa izatea, eta, aretoetako edukiera, %65ekoa, eserita. Hirugarren fasean, uztailaren 1etik goiti, ikusleei harrera eserita egiten dieten tokietan %100eko edukiera posible izatea espero da.

Covid-19aren pandemia abiatu zenetik, Ipar Euskal Herrian kultur emanaldiak 2020ko maiatzaren 29tik urriaren 28ra solik egon dira baimenduta. Hainbesterainokoa izan da mugatzea, Ipar Euskal Herrian aurreikusita zeuden ikuskizun herrikoi ez profesional ugari bertan behera gelditu direla. Zenbait konpainiak ere, euren obrak aurkeztu ezinik hainbeste denbora eman eta gero, lanok ez estreinatzea deliberatu dute.

«Kultur-ilara» aipatu du François Maton Atabal gaurko musiken guneko zuzendariak, eskaintza handiari erreferentzia eginez. Hala ere, argi adierazi du bertako musikariek izanen dutela lehentasuna, eta, horrela izanik, beraiekin lanean aritu ohi diren taldeek Atabalen jotzeko aukera izanen dutela. Willis Drummond, Mairu… taldeen emanaldiak programatuko dituztela ziurtatu du. Udazkenera arteko programa osatzen ari dira, eta ordurako ikusleek zutik egon ahal izatea espero duela baieztatu du. Konfinamendu garaian, musika taldeekin egonaldiak egiten eta streaming bidez emanaldiak eskaintzen lanean jarraitu dutela ere nabarmendu du.

Atabal, Malandain Ballet Biarritz, Baiona Euskal Herriko Eszena Nazionala eta Ravel Festibala elkarrekin agertu ziren iragan martxoaren 25ean, pilatutako eskaintza handiari leku egitea zaila izanen dela ikusirik programatzeko egituraketa adostua izango dutela agerrarazteko. Eragile horiek guztiek bertako kultur taldeei eta konpainiei lehentasuna emanen dietela ere ziurtatu zuten.

Zinemak eta museoak

Zinemetan film andana daude estreinatzeko zain, eta, Muriel Totyk azaldu duenez, aukeraketa egitea ez da batere erraza izaten ari Baionako Atalante aretoan: «Dozenaka proposamen dauzkagu. Anitz ez ditugu inoiz estreinatuko eta beste batzuk agian aurrerago». Urrian aretoak itxi baino lehen aurreikusi baino emanaldi gutxiago izan zituzten filmak eskainiko dituzte lehenik, emateko prest zituztenak etorriko dira ostean, eta, jarraian, lan harremana daukaten artista eta produktoreekin ariko dira lanean.

Museoek ateak irekitzeko eguna dute gaur eta gehienek horrela egingo dute. Aldiz, Baionako Euskal Museoak larunbatera arte itxarongo du, berritasun handiekin irekiko baititu ateak. Sarrera dohainik izanen da lehen egunean, Baionako Herriko Etxeak erakustokirako erosi duen Henry Caro-Delvaille artista baionarraren “Le paon blanc” artelana ikusteko aukera emateko. Sartzeko aurretik egin behar da erreserba, ekainaren 9ra arte bi orduero 150 pertsona solik sartu ahalko baitira. Erreserbak bide onetik doaz.

Itxialdian zehar «lan eta lan» aritu direla azaldu du Mari Gale Euskal Museoko komunikazio arduradunak. Besteak beste, museoa ireki zenetik kutxatan gordeta zeuden jantziekin erakusketa bat prestatzeko baliatu dute, eta, hala, hilabeteok arropak atontzen eman dituzte. “Trames du quotidien. Haritik harira” erakusketa uztailaren 2tik urtarrilaren 22ra bitartean izanen da ikusgai.

Kultur kontsumoa sustatzeko asmoz, Ipar Euskal Herri barnealdeko Pays Basque au Coeur merkataritza erakundeak kultur-txeke bat atera du. Opari-txekearen izaera bera du, baina bertako kulturari loturik. Enpresek langileen artean banatuko dituzte txekeak.